Beste udaberri bat literaturari

Maiatzaren 27tik 29ra egingo da Literaturia, Zarautzen. Liburu azokarekin, liburu aurkezpenekin eta askotariko emanaldiekin osatu dute egitaraua. 'Piztia' izango da aurtengo jaialdiaren gaia

Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Ainara Lasa BERRIAren ordezkaria, eta Itziar Iruretagoiena eta Iñigo Azkue Literaturiaren antolatzaileak. JON URBE / FOKU.
aitor biain
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Udaberrira itzuliko da Literaturia berriz. Koronabirusaren ondorioz, udazkenean egin dituzte azken bi urteetako saioak, baina ohiko datak berreskuratuko ditu jaialdiak aurten. Hilaren 27tik 29ra egingo dute, Zarautzen (Gipuzkoa), Aurkitzeko, baretzeko, pizteko lelopean. Hiru egunez, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak elkartuko dira herriko zenbait gunetan. Ohi bezala, askotariko errezital, solasaldi eta aurkezpenez osatu dute egitaraua. Piztia gaiak lotuko ditu horiek guztiak.

Ana Malagonek emango dio hasiera programari, jaialdirako espresuki prestatutako manifestua irakurrita. Modelo aretoan izango da hasiera ekitaldia, eta, jarraian, Istanbul ikuskizun literario musikala aurkeztuko dute. Migrazioekiko begirada «tragikomikoa» eskaintzen du obrak. Lutxo Egiak idatzi du testua, eta Unai Pelayo Pelax-ek musika. Halaber, haiekin batera oholtza gainean izango dira Oier Guillan, Telmo Trenor eta Elena Ramirez .

Literatura da Literaturiaren ardatza, baina beste kultur adierazpenetako emanaldiei ere lekua egin izan die, eta aurtengo jaialdia ez da salbuespena izango. Frankenstein agurgarria gutun musikatua eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak, eta rr#5 marrak izeneko ikuskizuna Maialen Lujanbiok. Odei Barrosoren kontzertua ere izango da larunbat iluntzean. Iñaki Martiarena Mattin-ek, berriz, haurrei zuzendutako sormen tailerra emango du, argitaratu berri duen Kamishibaizalea komikia oinarri hartuta.

Bi mahai inguru ere antolatu dituzte. Batetik, literatura hezkuntzaren esparruan sustatzeari buruz jardungo dute ikasle, irakasle eta eragileek: Imanol Epelde, Intza Alkain, Uxue Ostolaza eta Nerea Lasa izango dira hizlariak. Bestetik, literatura unibertsalaren iraganaz eta etorkizunaz gogoetatuko dute Manu Lopez Gasenik, Angel Errok eta Irati Jimenezek. Elkarrizketa baten soinua eta notak izenburua duen saioan solasean arituko dira, halaber, Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez eta Miren Narbaiza.

Liburu azoka «indartsua»

Liburu azoka izango da jaialdiaren arreta gunerik nagusietakoa aurten ere. Lege Zaharraren plazan jarriko dituzte argitaletxe eta liburu dendek beren erakusmahaiak. Hain zuzen, antolatzaileek aurreratu dute azoka «indartsua» izango dela, «azken urteetan baino argitaletxe gehiagok» adierazi baitute joateko asmoa dutela.

Liburu aurkezpenak ere egingo dira azokaren bueltan, Ahotsenearekin elkarlanean. Bada, saltoki izateaz gain, hedapen gune ere izango da plaza beste behin. Azokan bertan eta Garoa liburu dendan izango dira aurkezpenak.

Itxaropena argitaletxe eta inprimategia omenduko dute antolatzaileek azokaren irekiera ekitaldian. Zarautzen sortu zen, 1932an, eta diktadura garaian euskarazko hainbat liburu argitaratu zituen, zentsurari aurre eginez. Gerraosteko euskal liburugintzaren oinarriak jarri zituzten argitaletxeetako bat ere izan zen, antolatzaileek nabarmendu dutenez, bereziki Kulixka bildumaren bitartez. Olerkia, nobela, saiakera, antzerkia, bertsolaritza: askotariko lanak bildu zituen liburu sorta hark. Horien artean daude, besteak beste, Jon Etxaide, Salbatore Mitxelena, Txomin Agirre eta Xabier Lizardiren lanak. Nazioarteko idazleen itzulpenak ere bildu zituen, Camilo Jose Celaren eta Ernest Hemingwayren lanenak, esate baterako.

Hedabide laguntzailea

Bederatzigarrenez hartuko du Literaturia Zarautzek, eta «euskal letren plaza» bihurtuko dute herria beste urte batez, antolatzaileek esan dutenez. Jaialdiak herriari egiten dion ekarpena nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak: «Literaturiak euskal literaturaren topagune bilakatzen du Zarautz asteburu batez».

Ainara Lasa BERRIAko ordezkaria ere izan da aurkezpen ekitaldian. Izan ere, jaialdiaren hedabide babeslea izango da aurten ere BERRIA. Lasaren hitzetan, euskarazko literaturari ikusgaitasuna emateko «konpromisoa» dauka egunkariak, eta, beraz, lankidetza «naturala» da. Baina zera azpimarratu du: «Naturala izanagatik, ezinbestekoa da euskarazko kultur ekosistema osatzen dugun eragileok lankidetzaren bidea sakontzea, nor bere eginkizunetik eraginkorragoak izan gaitezen kolektiboki».

Ekitaldietarako sarrerak jaialdiaren webgunean jarriko dituzte salgai: www.literaturia.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.