Noiz sortua: 2020-05-19 00:30:00

Arrazoiaren mugetan jolastea

Juan Kruz Igerabidek 'Noiz arte arrazoi' aforismo liburua plazaratu du, Alberdaniarekin. Askotariko gogoetak generoaren forma laburrera ekarri ditu, eta Koldobika Jauregik ilustrazioekin osatu du lana
Juan Kruz Igerabide idazlea. Modu birtualean aurkeztu behar izan du bere laugarren aforismo bilduma: <em>Noiz arte arrazoi</em>.
Juan Kruz Igerabide idazlea. Modu birtualean aurkeztu behar izan du bere laugarren aforismo bilduma: Noiz arte arrazoi. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko maiatzak 19

Izenburua bera ere izan daiteke aforismo bat: Noiz arte arrazoi. Aforismo bat, erakutsi bezainbat ezkutatzen duelako. Adam Zagajewski poeta irakurtzen ari zela heldu zen horra Juan Kruz Igerabide (Aduna, Gipuzkoa, 1956): «Zagajewskik esaten zuen aforismoak ondo daudela, baina noiz arte, noiz arte izan dezakegun arrazoia. Horrek bidea zabaldu zidan pentsatzeko aforismoaren egitekoetako bat arrazoiaren mugetan ibiltzea dela: ateratzen du hanka bat eta hor amaitzen da arrazoia; eta sartzen du paradoxara, baina hori ere bukatu egiten da, eta berriz sartzen du barrura...». Arrazoia baino gehiago, aforismoak konstatazioak direla dio egileak, eta haren mugetan idatzitako hamaika ale bildu ditu bilduma berrian. Zagajewskiri emandako erantzuna barne: «Noiz arte? Aforismoak idazten hasi aurretixe arte».

Modu birtualean aurkeztu zuten liburua atzo goizean. Alberdaniak argitaratu du lana, eta bertako editore Jorge Gimenezek gogora ekarri zuen Igerabidek aurrez landu duen genero bat dela: Herrenaren arrastoan (1998, Alberdania), Egia hezur (2004, Alberdania) eta Labur txintan-en (2017, Pamiela), besteak beste. Igerabidek barruan pentsalari bat eta pentsalariaren barruan idazle bat duela aipatu zuen Gimenezek, eta, nork nor elikatzen duen zehaztu ezinda, biek bat egiten dutela haren obran, bereziki aforismoak idazten dituenean. «Juan Kruzen literaturak, destilazio baten bidez, beti-beti, pentsalariaren emaitza ematen du».

Igerabidek Koldobika Jauregi artista izan du bidaide argitalpenean. Gimenezen hitzetan, «tinta beltzaren indar osoaz» erantzun dio margolariak idazlearen lanari, eta irudiek eta hitzek, biek, «aforismoak berezkoa duen estilizazioan» egin dute bat, editorearen ustetan. «Niretzat ohore bat izan da», esan zuen Jauregik. «Lehenengo irakurri egin nituen, eta sentsazioen arabera joan naiz [marrazkiak] egiten. Badute surrealismo puntu bat, baina saiatu naiz ideiak Juan Kruzen lanera hurbiltzen».

Sailkapenik gabe

Segidan emanda datoz Igerabideren aforismoak liburuan, inolako ataletan egituratu gabe. Aurreko lanetan sailkatzeko ohitura izan duela azaldu du egileak, baina oraingoan «barruak eskatu ahala» joan da idazten, eta hala ematea erabaki du. Aurreratu ditu, dena den, liburuan ageri diren gai multzo batzuk: «Gizartearen aurreko gogoeta da bat: uste dut nire hasierako liburuetatik nabaria dela, eta jarraitzen du; badaude barne gogoeta psikologikoak ere; badaude espiritualtasunari buruzko gogoeta batzuk, tartean-tartean emanak, oso modu librean eta jolastian». Eta jolasaren jokabide horri egin dio, hain zuzen, azpimarra txikia: «Alor guztietan dago pentsamenduaren jolaserako jokabide bat, jolasa hartuta beti jakin-minaren eta misterioaren erakarmenetik».

Aforismoari berari buruzko gogoetak ere badaude liburuan, baita «aforismoz egindako aforismorako hurbilketa bat» ere azken orrian: Denbora tirare batean: aforismoaren historia aforistiko laburra. Hala hasten da: «Aforismoa iturri gisa jaio zen babiloniar harrien artean, eta sigi-saga heldu da Twiter-eko zingiraraino». Eta historia horretan lorratza utzi duten izenak eta lurraldeak datoz ondotik: India, Txina, Egipto, Israel, Heraklito, Nietzsche, Wittgenstein, Litchtenberg eta beste.

Arteaz diharduten gogoetak ere biltzen dituzte aforismoek beren hitz gutxitan. «Kubismoa begiradaren deserosotasuna da» edo «Artea anarkista da, ez anarkikoa», horien artean. Jolastiagoak, «filosofikoagoak» eta iradokizunez egindakoak nahasian josi ditu egileak, eta antzeman du antzeko tonua Jauregiren lanean: «Ilusio handia egin dit ikusteak Koldobikak nola hartu duen lekukoa eta eman dion beste buelta bat, baina tenka hori mantenduz».

Aireratze lirikoak

Askotariko generoak zeharkatzen dituen obra izan da beti Igerabiderena: nobela, ipuina, saiakera, poesia, haur literatura... Aforismo hauetako ahotsa poetaren ahotsetik hurre suma daitekeela aipatu du Gimenezek, tentsio hori kudeatu eta azkenean aforismoaren legeetara errenditu beharrean irudika daitekeela egilea. Baietz egin du Igerabidek, hala izaten dela maiz, eta poesiaren lirika baliatu duela lan honetan irakurlearen gogoa aldiro auzi lurtarrenetatik aldentzeko. «Idaztean ere, aforismo oso gogoetatsu batekin zabiltzala, tarteka badator lirikoago bat. Horrek poema baten barruan beste eginkizun bat izango luke, baina kasu honetan gogoetari bi hegaltxo jarriko bazenio bezala da. Lirikaren erabilera hori izan da hemen: pixka bat aireratzea, segituan, berriz, lurrera ekartzeko».

Irakurketen oihartzunak eta beste egile batzuen eraginak ezinbestean egon badiren arren, aurreko liburuetan baino gutxiago «esplizitatu» dituela azaldu du Igerabidek. Zehaztu duenez, «elkarrizketak» izan ditu Nietzcherekin, Karlos Linazasororekin, Ramon Ederrekin. Eta baita Anjel Lertxundiren lanarekin ere, haren pentsamendua oso bestelako forman jaso arren: «Anjel Lertxundik luze egiten ditu gogoetak; saiakerarako joera du, eta ni horrekin ere jokoan sartu naiz. Hari eskaini diot liburua, arrazoi bat baino gehiagorengatik». Edonola ere, liburuko erreferentzia gehienen gainetik «oihaltxo bat» jarri duela adierazi du idazleak.

Liburuaren industria «txiki baina garrantzitsuan» gauzak aldats gora jarri direla ere ekarri zuen gogora Gimenezek. Liburuaren alde egitea denen egitekoa izango dela aipatu zuen, eta norabide horretan lehen urratsa ematea erabaki dutela Igerabideren lanarekin: hala, Noiz arte arrazoi-ren bertsio elektronikoa erdi prezioan (4, 22 euroan) salduko dute asteazkenean, argitaletxearen webgunean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa), larunbatean. ©Marisol Ramirez / Foku

Hego Euskal Herria, azken faserako prestatzen

Berria

EAE datorren astelehenean hirugarren fasera pasatzeko eskatuko dio gaur Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Espainiako Gobernuari, eta Nafarroa «normaltasun berrira iristeko neurriak» onartzeko prest dagoela esan du Maria Txibite presidenteak

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du gaur Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta, horren truke, Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea eskatuko du Jaurlaritzak bihar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna