189 film, ganerretik argira

Manuel Intxaustiren 189 film amateur atzeman dituzte Uztaritzen. Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu 'Gure irudi galduak' proiektuaren barruan, eta halako film gehiago batzeko deia egin dute

Josu Martinez, Miren Intxausti eta Arantza Intxausti, atzoko aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

Etxeetako ganerrak iraganeko gotorleku izan ohi dira. Bota nahi ez direnak eta nonbait sartu behar diren horiek, han dute aterpe. Eta horien inarrostean, errauts artetik eta urrunetik jinik, sorpresak izan daitezke batzuetan. Hala, Uztaritzeko (Lapurdi) Intxausti familiaren etxean ziren 189 film bobina argitan eman berriak izan dira, 35 oren grabaketa.

Intxausti-Baitha etxean gordeak ziren Manuel Intxaustik (Manila, 1900-Uztaritze, 1960) eta bere sendiak grabaturiko dozenaka film; zaharrenak duela mende batekoak, azkenak 1950eko hamarkadakoak. «Altxor izugarria da», Josu Martinez zinemagilearen hitzetan. Atzemandako irudien zati txiki bat aurkeztu zuten atzo, Baionan (Lapurdi), Arantza eta Miren Intxausti Manuel Intxaustiren bi alabak tarteko zirela. XX. mendea markatu duten hainbat une eta gertakari ikus daitezke film horietan. «Argiki, Euskal Herriko historiaren zati bat ikusten da, baina ez bakarrik; munduko historiaren zati bat ere bada», azaldu du Martinezek.

Intxaustiren lan batzuk jada ezagutuak ziren, hala nola Eusko Ikaskuntzarentzat egindako Eusko ikusgayak filmaketa sorta. 1923. eta 1928. urteen artean, Intxausti plazaz plaza ibili zen herritarrek eginiko dantzen filmatzen, dokumental etnografikoak egiteko. Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko dantza artxiboen digitalizazio programaren barne, Euskadiko Filmategiak zenbakitu zituen lan horiek.

Hain justu, dokumental etnografiko horien ezagutzak ekarri du beste 189 film berriren ezagutza, Martinez harremanetan sartu baitzen Intxausti familiarekin. Miren Intxaustik eman zion film horien berri, eta orduan hasi zuten lanketa, duela bost urte. «Orain ematen ditu fruituak», aipatu du. Dena digitalizatua dute. Euskadiko Filmategiak egin du, eta hainbat talde aritu dira inguruan: Gastibeltza Filmak, Euskal Herriko Unibertsitateko Nor ikerketa taldea, Kanaldude eta Eusko Jaurlaritza.

Ikerketa proiektuaren zuzendaria da Martinez, eta, hark azaldu duenez, Intxaustiren filmen digitalizazioa Gure irudi galduak izendatu duten proiektuaren barne sartzen da. Hala, Ipar Euskal Herriko film amateurren «berreskuratzeko» eta «salbatzeko» helburua dute. Izan ere, Intxaustiren «altxorraren» digitalizazioaren berri emateaz gain, deialdi bat egin dute etxeetan film zaharrak gordetzen dituzten pertsonek proiektu horren berri ukan dezaten, gero digitalizatu ahal izateko.

Jose Migel Barandiaran, Intxaustik bere kameraz harturik. Manuel Intxausti

Proiektu hori «kezka»batetik abiatu dela azaldu du Martinezek: «Euskaldunok ez dugu ukan zinema industria handirik, eta horregatik uste zabaldua izan da zinemarik gabeko herria zela gurea, baina aberatsak gara film amateurretan». Eta film amateur horiei zor zaien garrantzia emanez, gehitu du «ongi» kontserbatuak izan behar zutela, ganer zokoan ahantziak izateko partez.

Oraingoz Intxausti eta bere familiaren funtsaren aurkezpena egin dute, baina espero dute beste film batzuekin lan bera egin ahal izatea.

Mundu bat iruditan

Aurkitutako filmen artean, 24 dira film komertzialak. Besteak Manuel Intxaustik, bere haurrek eta ingurukoek eginiko film originalak dira. Eta horien artean da Ana Belen Larrauri, haren emaztea. «Beti aita aipatzen dugu, baina ama ere hor zen», erran du Miren Intxausti alabak. Hala, familiako irudiak, baina baita kanpokoak ere hartuak zituzten 35mm, 16mm, 9,5mm eta 8mm formatuetan. Martinezek erran duenez, «aberastasun handia» da Intxausti funtsean.

Eusko Ikaskuntza, Eskualtzaleen Biltzarra, kabalkadak, Telesforo Monzon, Fernando Aire Xalbador, dantzak, antzerkiak, toberak, maskaradak... Denetarik bada 189 filmetan, eta, aldi berean, ez arrunt denetarik... Mundu bat eta garai bat ematen dute agerian. Zuri-beltzean eta soinurik gabe, argi ikusten da garai horretako familia inguruko giroa.

Hurbilekoak zituen Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakaria, baita Jose Migel Barandiaran, Piarres Lafitte eta Manu de la Sota Txanka ere, besteak beste. Abertzaleak hainbat proiekturen inguruan ibili ziren lanean: Baionako Euskal Museoan, Euskararen Egunaren antolaketan, Eusko Ikaskuntzaren batzarretan, Uztaritzeko Udako Unibertsitatean, emigratu zuten euskaldunekin saretzean eta Euskal Etxeen sortzean, adibidez. «Garai hartako Iparraldeko eta Hegoaldeko pertsona inportanteenak ageri dira irudietan, erbesteko euskal abertzale politikari handienak eta hemengo agintari eta apezak». Bestalde, aipagarria da ere Intxaustik antolatu zituela haur erbesteratuak hartzeko koloniak Donibane Garazin (Baxenabarre), 1936ko gerlatik landa.

Euskal Herriko irudietan, 1920ko hamarkadatik hasiz, badira leku ezberdinetakoak; 1940ko hamarkadatik goiti, ordea, Ipar Euskal Herrikoak dira soilik. Munduko beste hamaika lekutakoak ere badira: Bombay, Singapur, Tokio, Hong Kong, Belgika, Italia, Espainia, Frantzia, Kanada, Palestina, eta abar. «Benetan irudi harrigarriak dira», Martinezek. «XIX. mendean egon zen euskal kulturaren alde asko egin zuen gizon bat: Anton Abadia. Uste dut XX. mendeko Anton Abadia Manuel Intxausti izan zela».

Manuel Intxausti zinemagilea, Donostian.

Kamera, ez denen esku

«Aita giristinoa, abertzalea, euskaltzalea eta umila genuen», oroitu du Miren Intxaustik. New Yorken ondoan handitu da 9 urte arte, eta gogoratu du igandero heldu zitzaizkiela etxera erbestean ziren eskualdunak. Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon, Jesus Galindez eta beste. Jende «ona eta biziki interesgarria». Uztaritzen ere, gauza bera. Aita Donostia «usu» ikusten zuten, kantuen biltzera heldu baitzen. Irudien berriz ikusteak oroitzapenak «berpizten» dituela erran du, eta izan duten «xantzaz» ohartu da.

«Enpresa gizona zen. Bazuen sosa, bazuen filmatzeko tresnen erosteko ahala. Orain arrunta da, denek badituzte tresnak, baina lehen bakar batzuek baizik ez zuten». Eta aitak zergatik filmatzen ote zuen galdetzean, bi ideia etortzen zaizkio burura. «Maite zuen filmatzea, eta zer filmatu behar zuen ere bazekien». Hala, «inportanteak» eta «interesgarriak» zirenak gorde zituela uste du Miren Intxaustik.

Aitaren lan zaharrenak 97 urte ditu, eta orain arte etxean atxikiak izan dituzte denak. «Bagenekien altxor bat bagenuela». Denbora pasatu, eta gauzak «beste era» batean ikusten dituela aitortu du. «Ulertu dut gu ere fite hilen ginela, segur aski fite joanen garela; beraz, zertarako hori guretzat atxiki? Besteek behar dute baliatu, gauza interesgarriak baitira». Hala, bi ahizpak «biziki pozik» agertu dira egina izan den lanaz. «Badakigu eskuratu nahi baditugu hor ditugula. Arin-arinak sentitzen gara».

Filmategian irudi horiek ikusgai dira, baina ez dira handik aterako jabeen baimenik gabe. Jon Lopez bertako Kontserbazio ataleko zuzendaria oso baikor agertu da egindako lanaz, eta azpimarratu du film horien dokumentatzeko beharra. «Hainbat eta hainbat urtetan haien etxean utzitakoa zaila da toki arrotz batera eramatea, baina gurea ez da toki arrotza, Euskadiko Filmategia da». Martinezek bezala, film amateurren presentzia eta garrantzia ere nabarmendu ditu. «Egia da ez dugula zinema industriarik izan, baina horrek ez du erran nahi zinemarik egin ez denik; zinema asko egin da, batez ere amateurra».

1978an sortu zuten Euskadiko Filmategia, eta ehunka gordailu partikular jaso dituztela azaldu du, familiek emanak. «Hori ikus- entzunezko ondarea da. Guretzat garrantzitsua da hori dokumentatzea, guk jaso ondoren etorkizunerako baliagarriak izango direlako. Gaur egun, etxeetan gelditzen diren filmak altxorrak dira, eta benetan jendea animatu nahi dut horren egitera, askoz ere pauso gehiago eman ditzagun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.