Pasta freskoa barazki eta muskuiluekin

GORKA RUBIO / FOKU.
Iker Markinez.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
OSAGAIAK 4 LAGUNENTZAT
400 g pasta fresko
Kilo erdi muskuilu
Kuia txiki bat
250 g txanpiñoi
Ziazerba sorta bat
2 baratxuri ale
Basokada erdi esne gain
Oliba olioa
Gatza
Piperbeltz beltzaren hautsa

1. Pasta freskoa oinarri hartuta, plater goxo bat prestatuko dugu. Lehenik, kuia txikia garbitu eta puska txikietan moztu. Gauza bera egin txanpiñoi eta baratxuriekin ere. Zartagin zabal batean, oliba olio txorrotada bat jarri, eta, beroa dagoenean, baratxuria bota; eta segidan, kuia txikia eta txanpiñoi pusketak. Su bizian hiru bat minutuz erregosi.

2. Ziazerba garbitu, eta zartaginera bota. Gatza bota, eta piperbeltz beltzaren hautsa ere bai. Guztia nahastu, eta sua moteldu. Hamar bat minutuz su motelean mantendu.

3. Bitartean, lapiko batean, muskuiluak egosi. Horretarako, lehenik, garbitu. Ondoren, lapikoan jarri ur txorrotada batekin, eta irakiten mantendu pare bat minutuz. Jarraian, atera, eta lapikoan gelditu den salda zartaginean dauden barazkietara gehitu; baita esne gaina ere. Guztia irakiten mantendu taparik gabe, saltsa lodituz joan dadin. Gutxi gorabehera hamar bat minutu.

4. Espagetiak egosteko, lapiko handi bat urez bete, eta gatz dezente gehitu. Su bizian berotzen jarri, eta irakiten hastean, espagetiak gehitu. Jarraian, sardexka baten laguntzaz, espagetiei buelta pare bat eman, elkarrekin itsats ez daitezen. Bi minutu nahikoa izango da pasta klase hori egosteko. Beraz, berehala atera, eta ur soberakina ongi kendu.

5. Espagetiak barazki saltsa dagoen zartaginera gehitu, eta osagai guztiak ongi nahastu. Zerbitzatzeko, muskuiluak ireki, eta haragidun erdiak jarriko ditugu platerean. Plateraren erdian espageti eta barazki saltsa zerbitzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.