Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria. Pilar Garrido. Elkarrekin Podemosen hautagaia Gipuzkoan

«Euskadik zer izan behar duen ez da Madrilen erabakiko»

Ohiko bozak baino garrantzitsuagoak dira datozenak, Pilar Garridoren arabera. Podemos giltzarri izango dela dio. Hargatik da Espainiako Kongresurako Gipuzkoako hautagaia.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
Donostia
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Azken lau urteetan Espainiako Senatuan lanean aritu da Pilar Garrido (Badajoz, Espainia, 1966), eta Podemoseko eskubide sozialen idazkari ere bada, EHUko zuzenbide irakasle izateaz gain. Kongresura egingo du orain jauzi, eta asmoa du politikatik at bildutako ezagutza kongresuan ere lantzeko: dela eskubide sozialen defentsa, dela konstituzioaren aldaketa...

Zein aurreikuspen duzu Gipuzkoako zerrendaburu moduan?

EAEn aurreko Espainiako Gorteetako bozakirabazi genituen, eta espero dut emaitza horiek berrestea. Inkestek emaitza kaskarragoak eman dizkigute, baina ohituta gaude horretara, eta ilusioz gaude. Hautagaitza ona osatu dugu; euskal gizartearen onena daramagu Madrilera. Uste dut hau izango dela legegintzaldia. Gauzak aldatzeko legegintzaldia.

Zergatik?

Hauteskunde konstituziogileak izango dira, eta hiru irtenbide posible daude. Aurreko belaunaldiek lortutako eskubide horiek guztiak galtzea, PSOE eta Ciudadanos elkartzea oraingoari jarraitutasuna emateko, edo bloke aurrerakoi indartsu bat egitea, Espainiako Estatuak behar dituen aldaketak egiteko. Aldaketa horiek lurraldetasun ereduari lotuak izan behar dute, Kataluniarena icebergaren punta delako. Eredu plurinazionala behar dugu, eta Elkarrekin Podemosek badu estatu estrategia bat. Eredu sozialean ere behar dira aldaketak; dela pentsioetan, dela etxebizitza alorrean, dela hezkuntzan eta osasunean...

Barne zatiketak direla eta, esan izan da ez dela garai aproposena Elkarrekin Podemosentzat hauteskundeak egiteko.

Egia da gauza batzuk gaizki egin direla; ez dugu ezkutatuko. Izandako barne liskarrek auzo lotsa ere eman digute. Baina, Euskadin barne kohesio handia dugu, inoizko handiena.

Kongresuko bozetarako hautagaien zerrendekin ere izan da polemika. Pablo Iglesiasen ildokoa zara zu, nahiz eta hemen beste hautagai batzuk ere aurkeztu diren.

Ni ez naiz Madrilgo hautagaia, baina egia da, idazkari nagusi gisa, Pablok bere zerrenda propioa egin zuela. Pablok ahalik eta zerrenda onena hautatu du, eta gero berretsi egin zuten militanteek.

Beraz, ez duzu uste negatiboa denik Madrilek hautatutako zerrendaburua izatea Gipuzkoan?

Edonor aurkez daiteke hautagai. Guk proiektu bat dugu, eta hori onartu dute bozkatzaileek. Hori ez da negatiboa. Hautagaiok gertutasun handia dugu hemengoarekin. Pablok ongi pentsatu du Euskadiko nork defendatu ditzakeen zenbait gauza Madrilen.

Inkesten arabera, jaitsiera handia izango duzue. Egin duzue autokritikarik?

Inkestek jaitsiera ematen digute beti, baina horrek ez du eraginik bozkatzeko orduan. Gainera, uste dut oraindik badagoela zer bozkatu erabaki ez duen jendea; hor jokoan egongo dira kongresuko aulki batzuk.

Lehia horretan, izango al dute udal eta foru hauteskundeek eraginik?

Euskadin boto duala dago. Gobernu aurrerakoia nahi dute herritarren %85ek. Datu hori oso garrantzitsua da. Hauteskunde historikoak direnez, uste dut jende askok apustua egingo duela boto seguruaren alde. Ez badago Podemos indartsu bat Madrilen, ez da aldaketarik izango. Euskal gizartea aurrerakoia da, eta hori kontuan izango dute.

Zergatik izango da erabakigarria Unidas Podemos?

Herri proiektua dugun alderdi bakarra gara. Estatu plurinazional, sozial eta feminista nahi dugu. Ez dira hitz soilak. Espainia sozial bat nahi badugu, Podemosek bertan egon beharko du. Berdin gertatzen da lurralde antolaketarekin. Espainian dauden herriek bertan segitzea nahi badugu, errespetatu eta artikulazio egokia bilatu behar dugu. Herri guztiak elkarrekin egon daitezen nahi dugu. Espainia feminista ere nahi dugu, eta zaintza eskubidea eskubide subjektibo bihurtzea nahi dugu, beste eredu sozioekonomiko bat sustatzeko.

Gobernu hori, ordea, independentisten babesarekin osatuko litzateke? Nola erakarri?

Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa aurrera atera bazen, Podemosi esker atera zen; Pablori esker, hain zuzen. Beraz, beharrezkoa da Podemos gobernu horren hanka indartsua izatea. Elkarrizketarako gaitasuna dugu. Hala erakutsi genuen aurrekontuen negoziazioan ere.

Orduan, Kataluniako alderdi independentistek eta EH Bilduk eta EAJk eskatu zuten Kataluniarako aterabide demokratiko bat.

Uste dut gauzak nahastu zirela. Estrategian okertu ziren, eta sufrimendu asko eragin du, besteak beste preso politikoak. Edonola ere, aterabidea eman behar zaio.

Hainbat galderatako erreferendumaz aritu da Pablo Iglesias.

Beti diogu konponbidea elkarrizketa dela. Katalanek erabaki beharko dute nolako harremana izan Espainiarekin. Guk nahi dugu eurak gelditzea, baina beraiek hala erabakita. Erreferenduma nolakoa izango den, hori eztabaidatu eta adostu behar dugu. Bide demokratikoa da gatazka politiko bat gainditzeko era.

Eusko Legebiltzarrean ere ari dira EAEko estatutu berria lantzen. Madrilekin hitz egin beharko da. Zer jarrera duzu?

Guk euskal herritarren proposamena eraman beharko dugu Madrilera. Ez dugu Madrilen erabakiko Euskadik zer izan behar duen. Euskadik erabaki beharko du zein artikulazio nahi duen. Gu ez gara independentistak, baina uste dugu estatu konfederal baterako bidean jarri behar dugula. Kontsentsuzko proposamen bat osatu beharko da Euskadin.

Espainiako Konstituzioa erreformatu beharko litzateke horretarako.

Jakina. Gustatuko litzaidake lantalde horren parte izatea. Konstituzioaren oinarriak aldatu behar dira: eredu soziala eta lurralde eredua. Horretarako, kontratu soziala eguneratu behar da: bizitza erdigunean jartzen duen ituna behar dugu. Ezin dira normalizatu bizitza prekarizatuak. Hori dena estatu demokratiko batean izan beharko da. Egun, estatuko estolderiek ez dute hori ahalbidetzen. Bada garaia Espainia estatu demokratiko bat izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.