Espainiako inbestidura saioa. Euskal ordezkariak

«Konpromiso antifaxistagatik» jo du abstentziora EH Bilduk

ERCrekin adostuta jo dute abstentziora. Espainiako «estatu zentzua» ez, baina «sen ona» badutela esan du Matutek

Oskar Matute EH Bilduko eleduna, atzo, Espainiako Kongresuan. BALLESTEROS/ EFE.
Maider Galardi
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
«Botoa ez da PSOEren alde, konpromiso antifaxistagatik PPren, Ciudadanosen eta Voxen aurka egiteko baizik», hala azaldu zuen Oskar Matute EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatuak talde subiranistak atzo Pedro Sanchez PSOEko lehendakarigaiaren inbestidura saioan abstentziora jo izana. Atzo goizean egin zuten prentsaurrekoa ERCk eta EH Bilduk beren jarrera azaltzeko.PSOEri eta Unidas Podemosi egotzi zieten «arduragabe» jokatzea, PP, Ciudadanos eta Voxi gobernura heltzeko aukera uzteagatik.

Hain justu, eskuinari leku egitea leporatu die EH Bilduk ezkerreko alderdi nagusiei. Goizeko prentsaurrekoan, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak eskatu zien bi alderdiei ados jartzeko: «Akordiorik ez lortzeak Sanchez jaunaren eta [Pablo] Iglesias jaunaren heriotza politikoa ekarriko du, biena». Arratsaldeko hitzaldian ere, Matutek PSOEri ohartarazi zion abstentzioa ez zela sozialisten aldeko botoa, PPri, Ciudadanosi eta Voxi bidea ixtekoa baizik.

«Gure herriari zor gatzaizkio», esan du Matutek. PPri, Ciudadanosi etaVoxi aritu zaie segidan: «Gure herritarrek saritu zintuzten zero diputaturekin». Espainiako «estatu zentzurik» ez, baina «sen ona» badutela ere oroitarazi du Matutek. Horregatik eskatu die ezkerreko alderdiei aterabidea jartzeko negoziazioei: «Aukera bat ireki nahi dugu estatuak dituen arazo estrukturalei konponbide bat jartzeko», azaldu du Aizpuruak.

Beldurra EH Bilduri

Bestalde, Matutek PSOEri egotzi dio talde subiranistarekin negoziatzeari beldur izatea: «EH Bildurekin negoziatzeko beldurra bakarrik uler daiteke gobernu aurrerakoiei diozun beldurretik», esan dio EH Bilduko bozeramaileak Sanchezi. Espainiako Gobernurako elkarrizketetan ez ezik, beste lurralde batzuetan ere PSOEk EH Bildurekin negoziatzeari dion erreparoa aipatu du Matutek.

Feminismoaren irakaspenak jasotzeko ere eskatu die bozeramaileak Sanchezi eta Iglesiasi: «Gobernu aurrerakoi batez ari zarete, eta feminismoa da horren adibide. Ahizpatasunez aritu beharko zenukete, eta hori negoziazioetara ekarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.