Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Araba

EH Bilduk atzera irabazi dio PPri azken eserlekua lortzeko lehian

EAJk, PSEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk eserleku bana eskuratu dute. EAJk irabazi du, antzeko emaitzekin; PSEk eta EPk behera egin dute; EH Bilduk eta PPk, gora

EH Bilduk atzera irabazi dio PPri azken eserlekua lortzeko lehian.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Duela sei hilabeteko argazki berbera utzi dute Espainiako Gorteetarako hauteskundeek Araban. Jeltzaleek irabazi dute, PSE izan da bigarren indarra, Elkarrekin Podemos hirugarrena, eta EH Bildu laugarrena. Lau alderdiok atzera lortu dute ordezkaritza Madrilen, eta, apirilean gertatu bezala, PP Kongresutik kanpo geratu da. Azken eserlekua lortzeko lehian, EH Bilduren alde makurtu da balantza, azkenean.

Eserlekuen banaketa aurreko berbera bada ere, boto kopuruan izan da aldaketarik apirileko bozekin konparatuz gero. Iragarrita zegoen laugarren eserlekua dantzan egongo zela, eta, duela sei hilabete bezala oraingoan ere, EH Bilduren eta PPren artekoa izan da lehia. Orain, ordea, bi alderdien arteko aldea ez da hain estua izan: EH Bilduk PPk baino 2.046 boto gehiago lortu ditu, eta, horrela, koalizio subiranistak duela sei hilabete baino askoz aiseago irabazi dio eskuineko alderdiari. Orduko hartan, 400 boto baino gutxiagogatik kendu zion EH Bilduk laugarren aulkia PPri, eta Javier Maroto Kongresutik kanpo geratu zen.



Orain, EH Bilduk bozen %16,09 eskuratu ditu ( 27.364 boto) eta, gainera, hazi egin da, bai botoetan —2.617 boto gehiago— eta bai ehunekoan —%13,95etik %16,09ra—, eta Iñaki Ruiz de Pinedok berriro izango du eserlekua Madrilen. PPk, aldiz, ez du lortu berreskuratzea apirilean galdutako diputatua, eta Marimar Blanco ez da eseriko Kongresuan, nahiz eta mila boto gehiago bildu dituen: bozen %14,88 lortu ditu (25.318 boto).

Jeltzaleak nagusi

Gainerakoan, EAJ nagusitu da herrialdean, eta handitu egin du sozialistei kentzen dien aldea. %23,59ko babesa izan dute jeltzaleek (40.127 boto); duela sei hilabeteko ia emaitza berberak erdietsi dituzte: soilik 173 boto galdu dituzte. Sozialistek eutsi egin diote bigarren postuari, eta Isabel Zelaak eserlekua mantenduko du. Jeltzaleek bezala, sozialistek ere behera egin dute botoetan azken hauteskundeekin alderatuta: botoen %21,94 lortu dituzte (37.325 boto), apirilean baino 2.327 boto gutxiago.

Inkesta gehienek zalantzan jartzen zuten Elkarrekin Podemosen eserlekua, eta iragarrita zegoen lehian ibiliko zela EH Bildurekin eta PPrekin. Azkenean, 628 botorengatik gailendu zaio Elkarrekin Podemos EH Bilduri. Botoetan behera egin arren, alderdi moreak hirugarren indarra da orain ere lurraldean, eta Juantxo Lopez de Uraldek eutsi egin dio eserlekuari. Espainiako joera orokorrari jarraikiz, Araban ere behera egin du Elkarrekin Podemosek botoetan: 4.000 boto inguru galdu ditu. Denera, bozen %16,46 eskuratu ditu (27.992 boto).

Voxi eta Ciudadanosi dagokienez, bi datu aipagarri: Voxek 815 boto gehiago lortu ditu apirilarekin alderatuta (6.402 boto; %3,78), eta Ciudadanosek, berriz, 4.583 boto galdu ditu (2.500 boto; %1,47).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.