Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Asiron: «Euskara jazarria den garaia amaitu egin behar da»

EH Bilduk hitzeman du Iruñean ez dela egongo «lehen eta bigarren mailako hizkuntzarik». Aznalek «industria jasangarria» babestu du

Arantxa Izurdiaga, Laura Aznal eta Adolfo Araiz, atzo Iruñeko Gazteluko plazan eginiko agerraldian. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Iragan agintaldian, Joseba Asiron alkatearen udal gobernuak euskararen ordenantza babestu zuen, baina, oraingo agintaldian, Enrique Maia buru duen gobernuak bertan behera utzi du, eta, PSNren aldeko botoekin, ordenantza berria onartu. Oposizioak hori ere ez betetzea aurpegiratu dio. Kanpainako laugarren egunean, EH Bilduren Iruñeko alkategaiak adierazi du euskara bultzatuko duela, hiru egitasmo nagusiren bitartez: errotulazio elebiduna, euskararen normalizaziorako plana eta Mintzia aitortzarako egitasmoa.

Dioenez, «auzia ez da inori euskara inposatzea, baizik eta aitortzea Iruñea bi hizkuntza dituen hiri bat dela eta euskaraz mintzatzen direnek berdin tratatuak izateko eskubidea dutela». Asironek salatu du «euskarafobia» indarrean egon dela urteotan, eta heldu dela tenorea euskara jazarria den garaia behingoz atzean uzteko. «Alkate honek konpromisoa hartzen du: hiri honetan ez da lehen eta bigarren mailako hizkuntzarik egongo, herritar guztien hizkuntz eskubideak errespetatuko dira, eta euskarak merezi duen tokia izango du hirian».

Asironek azaldu du errotulazio elebiduna bultzatuko duela, eta horretarako aurrekontua eta kronograma ezarria dutela. Gainera, kale izendegi elebiduna bultzatuko dute. Euskararen normalizazio planari dagokionez, epe ertainera euskara berreskuratzeko bidean jarriko duten neurriak proposatuko ditu.

Autogintzari so

EH Bilduk Nafarroako ekonomiaren sektorerik garrantzitsuenari ere erreparatu dio: industriari. Autogintza sektore estrategikoa bada ere, harekin dagoen menpekotasuna arrisku faktore dela uste du Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako lehendakarigaiak, eta industria «dibertsifikatua eta jasangarria» behar dela deritzo, etalangileen trebakuntzari ere garrantzia eman behar zaiola.

Gazteluko plazako kioskoan Adolfo Araiz eta Arantxa Izurdiaga zerrendako kideekin egindako agerraldian, Aznalek proposatu du lurraldeak industria plan integral berri bat izatea. Horretarako plan horretan inplikatutako eragile guztiek parte hartu behar dutela esan du. Aznalen arabera, Nafarroak «industria garapen endogenoa eta dibertsifikatua» izan behar du xede, eta «erabakiguneak Nafarroan egotea» da hori bermatzeko «modurik onena».

EH Bilduren proposamenaren arabera, industriak «bertakoa eta jasangarria» izan behar du, eta, horrenbestez, trantsizio ekologikoranzko urratsak egin behar ditu: «Industriak eskualdeko errealitateari eta bertan dauden baliabideei lotuta egon behar du, ingurumenaren eta natur baliabideen errespetua bermatu».

Autogintzarekiko menpekotasunari aurre egiteko, EH Bilduk uste du «egitura ekonomikoa zenbat eta dibertsifikatuagoa izan orduan eta independenteagoa eta erresistenteagoa» izango dela, eta, horrenbestez, helburu hori lortzen saiatu behar dela. Azkenik, gaineratu du zentro teknologikoek eta langileen trebakuntzak ekarriko dutela balio erantsia. Ondorioz, planak bi arlo horiek garatzeko neurriak jaso behar lituzke. Nahiz eta denbora beharko litzatekeen plan berri horrek emaitzak emateko, hauteskundeen atarian bolo-bolo dabiltzan inbertsio handiei erreparatu die. Altsasuko Sunsundeguik akordioa lortu du Volvorekin, autobusak egiteko. Datorren urtean orain halako bi ekoiztea eta 400 enplegu sortzea espero da. «Pozten gara epe laburrera enplegua sor dezaketen ekinaldiez».

Otsailean, VWek iragarri zuen 1.024 miloi euroko inbertsioa egingo zuela Iruñeko fabrika auto elektrikoaren ekoizpenera egokitzeko, baina oraindik ez du argitu automobilen baterien zeldak egiteko fabrika Landabenen edo handik kanpo ezarriko duen. Aznalek espero du VWek «benetako apustua» egin eta albiste hori baieztatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.