Bunny McDiarmid. Greenpeaceko zuzendari exekutiboa

«Garaia da alarmistak izateko, etxea erretzen ari baitzaigu»

Klima aldaketari aurre egiteko aukera izango duen azken belaunaldia da hau, zientzialarien ustez ez ezik baita ekintzaile ekologisten ustez ere. Greenpeaceko zuzendariak arduraz jokatzeko deia egin du.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Iñaki Petxarroman -

2019ko martxoak 12
Bi emakumeren esku dago Greenpeaceren zuzendaritza; horietako bat da Bunny McDiarmid (1957, Zeelanda Berria). Donostian izan da egunotan, Change the change klima aldaketari buruzko konferentzian hitzaldi bat ematen. Arduradun politikoei ohartarazpen bat egin die bertan: «Etxea sutan dago, eta zuen esku dago itzaltzea. Ezer egiten ez baduzue, gertatzen denaren erantzukizuna eskatuko zaizue». Agintariena ez ezik, munduaren eta ingurumenaren babesean dabiltzanen erronka nagusia da klima aldaketari aurre egitea, haren iritziz. Gizarte zibilaren boterean dauka itxaropena ekintzaile ekologistak, zeina Rainbow Warrior itsasontziaren hondoratzearen lekuko izan zen 1985ean.

Ikerketa zientifikoek ohartarazi dute klima aldaketa ez dela abisu bat, errealitatea baizik. Uste duzu ari garela erantzuten berotze globalaren abiadura berean?

Zoritxarrez, ez. Inguruan jasotzen ari garen datu guztiek ohartarazi digute azkarrago jardun behar dugula, eta anbizio handiagoarekin. IPCCren iazko txostena guztiz argia da ildo horretan. Gainera, erakutsi digu zein den helburuak erdiesteko bidea.

Parisko ituna nolabaiteko ikur bat izan da, baina geroztik karbono isurketak handitzen ari dira, eta gobernuak ez dira betetzen ari hartutako konpromisoak. Zer gertatzen ari da?

Parisko akordioak garrantzitsuak izan ziren, baina PNUMAk (Nazio Batuen Erakundearen Ingurumen Programak) egindako ikerketa batek erakutsi du hiru aldiz azkarrago jardun beharko genukeela Parisen ezarritako helburuak lortu ahal izateko. Eta arazoa ez da teknologia falta, borondate eta konpromiso politiko falta baizik.

Zer iritzi duzu munduan hartzen ari diren konpromisoen inguruan?

Egiten ari dena ez da nahikoa. Bidezkoa da aitortzea herrialderik garatuenek azkarrago ekin behar diotela eta gauza gehiago egin behar dituztela. Baina munduko herrialde guztiek egon behar dute inplikatuta norabide berean. Espainiari eta Europako Batasunari dagokienez, esate baterako, 2030erako isurketen %20 murriztea adostu zuten zirriborro batean, baina horrek ez du ezertarako balio, Parisen hartutako konpromisoen azpitik baitago xede hori. Espainiak iraultza energetiko bat jarri beharko luke martxan, Europa osora zabaltzeko anbizioarekin. Herrialde batzuk ari dira gauzak egiten, eta, are gehiago, bakan batzuk gauza inportanteak ere egiten ari dira. Baina erritmoa makalegia da; bizkorrago aritu behar dugu.

Zeintzuk ari dira norabide egokian?

Alemanian, esate baterako, ikatzaren kontsumoa ezabatzeko asmoa adierazi zuten. Hasieran indartsu ekin zioten bide horri, irmo eta gogo handiarekin. Baina gero, jarritako epeak itxaropenak zapuztu ditu, 2038. urtea beranduegi baita. Badira energia berriztagarriekin konpromiso sakonak hartu dituzten herrialde batzuk ere: Costa Rica, Islandia, Uruguai, Danimarka, herrialde eskandinaviarrak...

Egoera horretan, zer eragin dauka Trumpen moduko agintari bat boterean egoteak?

Zailago bihurtu du erronka, baina ez ezinezko. AEBetako administrazioan, eta are gehiago gizartean, asko eta asko ez daude ados Trumpen politikekin eta diskurtso ukatzailearekin, eta hori itxaropen iturri bat da. Bestalde, Parisen hartutako akordioei dagokienez, herrialde bakarra aldendu da haietatik. Eskertzekoa litzateke lidergo sendoago bat egotea konpromiso horiei tiraka, baina, edozein kasutan, helburuak hor dirau, Trump edo beste edonor boterean egonik ere.

Zer deritzozu Txinaren rolari, kontuan edukita beste herrialderik kutsatzaileenetako bat dela?

Etsigarria da ikustea nola oraindik ere isurketak handitzen ari den ikatza erretzearen ondorioz. Txinak ikusi behar du ekonomia garbi eta berde batek onurak baino ez dizkiola ekarriko; hiri garbiagoak eta bizitzeko modukoagoak izango dituela, lanpostuak sortuko dituela eta ekonomia bizkortuko duela norabide egokian. Horrez gain, egonkortasun politikoa bultzatuko du kutsadura gutxitzen den tokietan, eta hori ere beharrezkoa du. Lidergoak aipatu ditugu lehen, eta, alde horretatik, Txinak dagokion rola hartu beharko luke, isurketak gutxituz eta aipatu ditugun erronketan inplikatuz.

Erronka horren handia da, ezen sistema energetikoa, garraio eta kontsumo ereduak aldatzea eskatzen baitu. Jende asko sinesgogor dago erronka horrekin.

Giza espezieak egin ditu tamaina horretako iraultzak iraganean ere, epe oso laburretan. Posible da, eta itxaropena izan beharra dago; badira ereduak. Azken aldian egin diren aldaketak ere hor daude. Esate baterako, eguzki energiaren ekoizpenaren kostua %70 gutxitu da urte gutxian; hori da bidea, eta posible da.

Baina badira erregai fosilei lotutako lobby boteretsuak ere, oztopo ugari jartzen dituztenak aldaketa horietan. Nola gainditu oztopo horiek?

Lobby horiek euren interesak ari dira zaintzen, eta garbi dago harreman estua dutela gobernu batzuekin, agintari horiek beren interesekin bat egiten baitute sarritan. Herritarren interesei erreparatzen badiegu, gobernuek dagoeneko kezkatzeko motiboak izan beharko lituzkete, eta jendeari erakutsi beharko liokete kezka dutela haiekiko eta gerta dakiekeenarekiko. Orain arte, erregai fosilen industria horien lobbyek ordezkatzen duten gutxiengoarekiko soilik erakutsi dute ardura.

Gutxiengoa bai, baina botere handia daukate.

Botere handia daukate, baina ezin dugu gutxietsi jendearen boterea, gu guztion boterea. Gure dirua, zergetatik datorren dirua ere, orain arte modu batera erabili da, eta kaltea egin da, baina posible da beste modu batera erabiltzea. Diru hori nekazaritzara bideratuko balitz, sistema aldatzeko, beste kuku batek joko liguke. Gero eta jende gehiago ari da horretaz ohartzen. Azken aldi honetan, belaunaldi gazteak errotiko aldaketa bat eskatzen hasi dira. Norabide onean goaz, herri oinarriko mugimendu bat ari baita sortzen aldaketa eske, ez dutelako nahi kalte gehiago egitea ingurumenari eta klimari. Mugimendu horrek eragina izan du jadanik, banku eta inbertsio funts asko hasi direlako inbertsioak kentzen erregai fosilen industrietatik. Eta haiek ere ohartzen hasi dira badagoela ihes egiten dien diru bat, gero eta nabarmenago ihes egiten ari zaiena, gainera.

Europan antolatzen hasi diren ikasle grebek eta mobilizazioek itxaropena ematen dizute?

Guztiz pozgarria iruditzen zait mugimendu hori. Ikasle horiek aldarrikatzen ari dira behar diren aldaketak egiteko garaia dela, haserre daudelako helduekin, eta jomugan jartzen ari dira sistema bera, ez baitie ematen behar dutena, denok behar duguna. Gazte horiek aldaketarako zirrikitu bat dira, eta itxaropen bat dira gu guztiontzat, heldu askok ez duten heldutasun bat erakusten ari baitira.

Bi emakume ari zarete Greenpeaceko zuzendaritzan. Nola moldatzen ari zarete?

Ondo. Lan handia dago, baina ondo moldatzen ari gara. Eskema honek erakusten du hainbat gauza egin daitezkeela elkarlanean, eta emankorra izan litekeela. Baina, jakina, borondatea eduki behar da funtziona dezan. Nik ez nuen Jennifer Morgan [beste zuzendaria] ezagutzen, baina berehala jabetu nintzen bion asmoa zela erakundeak funtzionatzea. Ezberdinak gara; ezaugarri eta ahalmen ezberdinak ditugu eta elkar osa dezakegu. Ezberdintasunek aberasten gaituzte, eta munduari erakutsi diezaiokegu posible dela horrela funtzionatzea, erabakiak elkarren artean hartuz.

Batzuek ekologistei leporatzen dizuete alarmistak izatea.

Nahiko nuke jendea arduratuago egotea. Agintariei esan diet ez dudala nahi itxaropen faltsurik sortu, nahi dudala izutzea; izutzea, etxea erretzen ari zaigulako. Denbora luzez, mugimendu ekologistak ahalegin handia egin du herritarren artean itxaropena sortzeko, ez zuelako beldurra sortu nahi. Itxaropena sortzea ondo dago, aldaketak egiteko ahalmena dugula erakutsi behar baitugu. Baina, aldi berean, garaia da alarmistak izateko, izua zabaltzeko, benetan premiazkoa delako behar diren aldaketei ekitea. Izua ez da berez txarra ekintza plan bat daukazunean. Arazoa konpontzen saiatzen hasten zarenean ohartzen zara egoera kontrolatzen hasi zarela jadanik.

Herritar askok uste dute zientziak aterako gaituela ataka honetatik; hau da, asmatuko dela CO2 hori guztia gordetzeko moduren bat. Zer uste duzu?

Teknologiaren alorrean, sektore batzuk ari dira behar diren sistemak asmatu eta garatu nahian. Baina ez dago funtzionatuko duten inolako ebidentziarik, eta, alderantziz, baliogabe utz lezakete eskura dugun benetako aldaketarako tresna, ahalegin horietan arreta galduta gabiltzan bitartean.

Zeintzuk dira Greenpeaceren erronka nagusiak datozen urteetarako?

Klima aldaketa. Presio gehiago egin behar dugu energia berriztagarrietara eramango gaituen trantsizio energetikoren bidea azkarrago eta errazago egiteko. Era berean, erregai fosilen mendekotasuna atzean utz dezagun lan egitea eta basoak babesteko neurriak aldarrikatzea da beste lehentasunetako bat, haiek baitira karbonoa gordetzeko modurik eraginkorrena. Oihanen bioaniztasuna eta bertan bizi diren komunitateen babesa sustatu behar ditugu. Eta, horrekin batera, itsasoak zaindu, haietan ere gordetzen delako bioaniztasunaren giltza, ezinbestekoa guretzat.

Horri dagokionez, berriki jakin dugu munduak ornodunen %60 galdu dituela 1970etik hona. Bateragarria al da giza espeziea eta planetaren iraupena?

Hemen gaude, eta mugak dauzkagu. Ekonomia, gure bizimodua eta gure kontsumo eredua muga horien araberakoak izan beharko lirateke, baina gaur-gaurkoz ez dira. Naturarekiko harremana galdu dugu, baina lotura hor dago; naturaren parte gara ezinbestean, eta guk bizirik irautea guztiz lotua dago ama lurrak irautearekin. Ezin izango dugu osasuntsu bizi natura ez badago osasuntsu. Nire herrian dioten moduan, ni naiz erreka eta erreka ni da. Muga guztiak gainditu ditugu, eta horrek arriskuan jar lezake gure iraupena bera. Horregatik, errotiko aldaketa bat behar dugu. Sistema ekonomikoa eta garraio eta elikadura ereduak sakonki transformatu behar ditugu. Bizimodua eta ohiturak aldatu behar ditugu, baina hor dago ama lurrarekiko lotura. Klima aldaketa da, hain zuzen ere, muga guztiak gainditu ditugulako frogarik argiena. Hala ere, baikorra naiz, badakigulako zer egin behar dugun.

Baliteke klima aldaketaren arazo hau azken deia izatea, ezta?

Bai, hala da. Buruzagien belaunaldi hau izango da azkena aukera duena erronka gainditzeko egin beharrekoa egiteko. Ez badira eskatzen zaien mailara iristen, ardura haiena izango da, eta eskatu egingo zaizkie erantzukizunak. Hori esaten ari dira gazteak kalean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna