Euskal Hirigune Elkargoko presidenteordeak izendatu dituzte

Kontseilu iraunkorra ere osatu dute. Instantzia bakar bat ere ez da kopuruz parekidea izanen. Lurraldeko ordezkariak hautatu dituzte

Elkargoko biltzarreko kideak Baionako Lauga gelan, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Elkargoko kontseilu exekutiboan parte hartuko duten hamabost lehendakariordeak izendatu zituzten atzo. Renee Carrique izanen da lehen lehendakariordea: Idauze Mendiko (Zuberoa) auzapeza, eta emakume bakarrenetakoa. Parekidetasunik ez du lortu lehendakariordeen taldeak: bost emakume baizik ez dira izanen; herena, alegia. Nabarmentzekoa da joera abertzaleko hiru kide hautatuak izan direla: Bruno Karrere, Antton Kurutxarri eta Daniel Oltzomendi.

Bestalde, kontseilu iraunkorrean parte hartuko duten beste 57 ordezkariak hautatu dituzte —denera 72 izanen dira, lehendakariordeekin batera—. Elkargoa osatzen duten hamar lurraldeetako ordezkariak ere izanen dira bertan. Instantzia horretan ere, emakume gutxi izanen dira: 57 kideetatik 20. Abertzaleek herriko bozetan lortutako emaitzen ondorioz, zenbait auzapez abertzale sartu dira kontseilu iraunkorrera: Eneko Aldana Ziburuko (Lapurdi) auzapeza, Filipe Aramendi Urruñakoa (Lapurdi) eta Alain Iriart Hiriburukoa (Lapurdi), besteak beste.

Guztira, beraz, kontseilu iraunkorreko 72 kideak izendatu zituzten atzo goizean, eta horietatik 25 dira emakumeak. Zenbait hautetsik oposizioak duen leku urria salatu dute. Hala, Colette Capdevielle Baionako oposizioko hautetsiak esan du elkargoaren egitura eta administrazioagatik oposizioak leku gutxi lor dezakeela. Gaineratu du emakumeek arras leku guti dutela: «Emakumea eta oposiziokoa izanik, bi ezintasunak batzen ditut».

Azpimarratzekoa da elkargoak gobernantza ituna aldatu zuela joan den kargualdiaren bukaeran. Ipar Euskal Herriko lurraldeen arteko oreka bermatzeko xedez, lurralde bakoitzeko animatzaile bat izendatu behar izan du lurralde bakoitzak. Kontseilu eragilean parte hartuko dute lehendakariarekin, lehendakariordearekin, eta, kontseilari delegatuekin batera —horiek datorren astean finkatuko dituzte—. Eric Narbaitz Jauregik Amikuzeko lurraldea ordezkatuko du, Eneko Aldanak Hego-Lapurdikoa, Anthony Bleuzek Euskal Kosta-Aturrikoa, Muriel Houetek Bidaxunekoa, Peio Etxelekuk Errobikoa, Gilbert Ozafrainek Garazi-Baigorrikoa, Arño Gaztanbidek Hazparnekoa, Xavier Lacostek Iholdi-Oztibarrekoa, Alain Iriartek Errobi-Aturrikoa, eta Jean-Marc Barantholek Zuberoakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.