Urkulluk «alde biko harremana» proposatuko du Espainiarekin

Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan «adostasun sendoa» eskatuko du autogobernuaren gaian. Gernikako Estatutua osorik betetzea aldarrikatuko du

Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Etzi egingo dute Eusko Legebiltzarrean urte politikoari hasiera emateko osoko bilkura, eta Iñigo Urkullu lehendakariak orduan aletuko ditu datozen hilabeteetarako ezarritako erronkak. Atzo, Lehendakaritzak diskurtsoaren laburpena igorri zien legebiltzar taldeei eta komunikabideei, eta, hor jasota dagoenez, autogobernuan aurrera egiteko bide bikoitza defendatuko du Urkulluk osoko bilkuran. Batetik, proposatuko du Eusko Legebiltzarrean «adostasun sendo bat» erdiestea «autogobernu proiektu handi» baten inguruan. Eta, bestetik, Gernikako Estatutua osorik betetzeko eskaera berretsiko du.

Autogobernuaren inguruko akordioari dagokionez, lehendakariak Eusko Legebiltzarrean kokatu nahi du eztabaida, «ordezkaritza, elkarrizketa eta akordio politikoaren foroa» delako. Haren ustez, autogobernu lantaldean egindako lanari amaiera emateko aukera dute orain alderdiek, eta osteguneko bilkuran dei egingo die «akordio zabal» bat lor dezaten. Urkulluk azpimarratuko du autogobernuan sakontzearen alde dagoela legebiltzarreko gehiengoa, eta hortik jorratzeko bidea proposatu du: eskubide historikoak eguneratzea, eta estatuarekin alde biko harreman berri bat hitzartzea. Aldebikotasuna eraginkorra izateko, berriz, mekanismoak ezartzearen alde agertuko da lehendakaria: «Eskubide historikoen eguneratzeak mekanismo bat barne hartu behar du aldebikotasuna eraginkorra izan dadin; alegia, mekanismo bat, bi aldeak behartuko dituena politikoki eta legez hitzarmen eskema baten arabera jardutera».

Eusko Legebiltzarrean autogobernuaren inguruko akordio zabala erdiesteaz landa, Urkulluk Gernikako Estatutua osorik betetzeko eskatuko du osteguneko saioan. Oraindik eskualdatzeke dauden transferentziak eskuratu beharra azpimarratuko du, eta, zehazki, Batzorde Mistoan hitzartutako lau eskumenez aparte, aurten beste bederatzi transferentzien egutegia zehazteko modua ere egongo dela pentsatzen du lehendakariak. Autogobernu «gehiago eta hobea» lortzeko bidean, aurrera egiteko borondatea agertuko du lehendakariak etzi. Hala ere, gogora ekarriko du azken hamarkadetan Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernua «ahuldu» duela. Hain justu,higadura horren berri eman duJaurlaritzak argitaratu berri duen Higadura isila liburuan, eta haren laburpen bat emango du Urkulluk legebiltzarreko eztabaidan.

Ostegunekoa legealdi honetako politika orokorreko aurreneko eztabaida izango da, iaz lehendakariaren inbestidura saioa izan baitzen Eusko Legebiltzarrean. Lehenengo urteari errepasoa emateko baliatuko du Urkulluk saioa: COVID-19aren pandemiak baldintzatutako urtearen balantzea egiteaz gainera, izurriaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko neurrien berri ere emango du. Besteak beste, datorren urteko aurrekontuak «historiako handienak» izango direla aurreratuko du lehendakariak, eta jakinarazi instituzio publikoek jada 5.100 milioi euro gastatu dituztela pandemiari aurre egiteko politiketan.

Lege egutegia

Datozen hilabeteetarako helburuen artean lehendakariak aipatuko du Jaurlaritzaren asmoa dela langabezia tasa %10etik behera ezartzea, diru sarrerak bermatzeko legearen erreforma amaitzea,eta Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana aurkeztea. Halaber, ekonomia eta enplegua suspertzeko 13.250 milioi euro inbertitzeko konpromisoa agertuko du Urkulluk. Lege egutegiari dagokionez, berriz, guztira 36 lege egitasmo daude jasota, eta Jaurlaritzaren asmoa da beste hamabi lege proiektu bidaltzea parlamentura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.