Geroa Baik «ardura partekatuak» nahi ditu PSNren gobernuan

PSNk gobernu egitura zehazteko proposamena helarazi die gainerako hiru taldeei. Sozialistek ez dute hitz eginen Navarra Suma eta EH Bildurekin, 23 boto «gehiengo posibilista bat» delakoan

Inma Jurio, Jorge Agirre eta Ramon Alzorriz PSNko eledunak, atzo, Nafarroako Parlamentura bidean. IÑAKI PORTO / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Gobernu programan bat etorrita, gobernu antolaketa adostea da hurrengo urratsa, PSNk diseinatutako bide orrian; gobernuak zer egitura izanen duen, alegia: kolore bakarreko gobernu bat izanen den —kanpoko sostenguarekin—, koalizio klasiko baten forma hartuko duen, soslai teknikoko hainbat pertsona independentek osatuko duten, ala formula berri bat asmatuko duten.

Atzo, PSNk «antolaketa proposamen bat» helarazi zien Geroa Bairi, Ahal Dugu-ri eta Ezkerrari, datozen egunetan aztertu, eztabaidatu eta ekarpenak egin ditzaten. Taldeok ez zuten dokumentuaren gaineko xehetasunik jendaurrean eman nahi izan, PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizen arabera, «konfidentzialtasuna bermatzeko konpromisoa» hartua dutelako. Bihar batzartuko dira berriz, 12:00etan, zirriborroaren gainean eztabaidatzeko.

Edonola ere, talde bakoitzaren lehentasunak eta marra gorriak azaleratu ziren atzoko bilkuraren ostean: PSNk, esaterako, «gobernu sozialista» bat nahi du, kolore bakarrekoa eta Maria Txibite buru duena, baina prest azaldu da «malgu» jokatzeko: «Gure asmoa argi dago hasieratik, baina beste hiru indarrekin negoziatzera esertzen zarenean, prest egon behar duzu bestelako aukerak onartzeko».

Itziar Gomez Geroa Baiko negoziazio taldeko kide eta Iruñeko Udaleko zinegotzia, berriz, zorrotz mintzatu zen PSNren bakarkako gobernu baten aukeraz: «Ez». Gobernua antolatzeko formula zehatzik ez zuen eman, baina aurreratu zuen koalizio abertzaleak ez duela onartuko kolore bakarreko gobernurik: «PSNk gobernu sozialista bat lor zezakeen, baldin eta hauteskundeetan gehiengo politiko garbi eta erabakigarria lortu izan balu. Egungo egoera, baina, ez da hori, eta negoziatzera behartua dago». Gomezen esanetan, bestalde, Geroa Baik ez luke begi onez ikusiko «kuoten gobernu bat»; bai, ordea, «ardura partekatuen» gobernu bat, «barnean jasoko duena Geroa Bairen esperientzia».

Ardura partekatuen gobernu bat koalizio gobernu bat ote den galdetuta, Gomezek erantzun zuen hori izan daitekeela «aukeretako bat». Ez zuen zehaztu, ordea, koalizio horretan alderdietako kideak egonen liratekeen, ala independenteak: «Pertsonez harago, aintzat hartu behar ditugu azken lau urteotan eginiko lana eta lortutako esperientzia, eta hor, Geroa Baik ekarpen handia egin dezake».

Ezkerrako eledun Marisa de Simonek, berriz, ez zuen formula jakin baten alde egin, eta lehentasun gisa jarri zuen uztailaren 5ean adostutako hitzarmen programatikoa: «Oinarrizko akordio hori da garrantzitsuena, gobernu berriak garatu beharko dituen politikak zehazten dituelako».

«Navarra Sumarekin, ez»

Iragan uztailaren 9an, Navarra Sumaren abstentzioa negoziatzeko prest azaldu zen Maria Txibite, RNE irratian emandako elkarrizketan: «Ez dugu baztertzen Navarra Sumarekin elkartzea eta akordioetan sinatu duguna azaltzea», esan zuen. Atzo, Txibite ez zen azaldu PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren arteko bilkurara, baina PSNren lehendakarigaiak esandakoak argitu nahi izan zituen Ramon Alzorrizek: «Ez dugu Navarra Sumarekin ezer negoziatuko. Ez dute merezi. PSN iraintzen ari dira etengabe, eta horretarako arma gisa erabiltzen dute hainbestetan sufritu dugun terrorismoa. Hori ez da onargarria».

Koalizio espainiazalea baztertzeaz gain, baina, EH Bilduri jarritako betoari eutsi dio PSNk: «Ez dugu hitz eginen, ez batzuekin eta ez besteekin». Hortaz, Txibiteren gobernu batek 23 parlamentariren babesa izanen luke, 50 eserleku dituen Nafarroako Legebiltzarrean. Alzorrizentzat, ordea, gobernu hori ez litzateke gutxiengoan egonen: aitzitik, «gehiengo posibilista» gisa definitu zituen 23 boto horiek: «Nahikoa izan daitezke legealdi egonkor bat bermatze aldera».

Azkenik, atzoko bileraren oso bestelako interpretazioa egin zuen Javier Esparzak (Navarra Suma). Haren ustez, «Bilduren babesa» bilatuko du PSNk, «Uxue Barkosen nahiei men eginda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.