PSE-EEk gobernu «koherente eta sendo bat» nahi du bozen ostean

Hautagaien aurkezpena egin dute Donostian. Abstentzioaren arriskuaz ohartarazi dute: «Eskuinekoak ez dira inoiz etxean gelditzen»
PSE-EEko hautagai Odon Elorza, Isabel Zelaa eta Patxi Lopez, atzo, Donostian.
PSE-EEko hautagai Odon Elorza, Isabel Zelaa eta Patxi Lopez, atzo, Donostian. GORKA ESTRADA / EFE

Gotzon Hermosilla -

2019ko urriak 10
PSE-EEk jada aurkeztu ditu Espainiako Kongresu eta Senaturako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hautagaiak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eginiko ekitaldian, eta zerrendaburuek bi mezu nabarmendu dituzte hitzaldietan: «blokeoa» gainditzeko «gobernu sendo, koherente eta norabide bakarrekoa» eratu beharra, eta boto emaileen «mobilizaziorako» deia, abstentzioaren gorakadak batez ere ezkerrari kalte egingo liokeelakoan.

Kongresurako Arabako zerrendaburu Isabel Zelaak esan du ez dela «erruak banatzeko garaia», baina, hala ere, gogor kritikatu ditu bere ustez «blokeoa» eragin duten indar politikoak: Unidas Podemos, «presidenteordetza bati eta hiru ministeriori uko» egiteagatik; Ciudadanos, «orain PSOEri nolabait laguntzeko prest agertzen direnak lehen telefonoa hartzen ez bazuten ere»; eta PP, Zelaaren ustez «albora begira» jarri zena «alternatibarik eduki ez arren».

Hori ikusirik, irtenbide bakarra dago Zelaaren esanetan: PSOEren gobernu «sendo, egonkor, koherente eta norabide bakarrekoa», blokeoa gainditzeko gauza izango dena.

Zelaaren ustez, berriro botoa eman behar izatea «ez da hondamendia», eta abstentzioak ekar dezakeen kalteaz ohartarazi du: «Aukera badute, Voxekin bat egingo dute».

Antzeko mezua igorri du Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Patxi Lopezek. Esan duenez, «ulergarria» da herritarrak haserre egotea, baina haserre hori «mobilizazio» bilakatu behar dela deritzo: «Bestela, eskuinari bidea libre uzten ibiliko gara. Eskuinekoak ez dira inoiz etxean gelditzen: beti joaten dira botoa ematera».

«Ulergaitza» begitantzen zaio Lopezi ezkerretik abstentzioaren aldeko giroa sustatu nahi izatea; izan ere, haren esanetan, «eskuina» da «profil apaleko kanpaina eta parte hartze txikia» nahi dituena.

«Voxek jotzen duen doinuan dantza egitea» leporatu die Lopezek PPri eta Ciudadanosi, eta «eskuin mutur faxistaren mehatxua» haizatu du berriro ere. «Sozialistak gara aurrean ditugun erronken neurriko gobernua bermatzen dugun bakarrak», esan du.

«Emaitzen arabera»

Gipuzkoako hautagai Odon Elorzak ere «gaitasun handiko eta eskarmentu luzeko gobernu sendo» baten alde egin du, baina ohartarazi du gobernua eratzeko formula «emaitzen araberakoa» izango dela. «Edozein modutan, guk ez dugu gobernu akordiorik nahi PPrekin, ezta Ciudadanosekin ere», zehaztu du. Halaber, «ezkerreko indarren arteko adostasunean eta konpromisoetan aurrera egitea» proposatu du.

Gipuzkoako hautagai sozialistaren esanetan, PSE-EEk «balioak» erantsi nahi dizkio «Espainiaren eta Euskadiren arteko loturari», hala nola «gobernuen arteko leialtasuna, estatu bereko kide izatea, elkartasuna, elkarlana eta elkarrizketa federala».

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak ere parte hartu du hautagai sozialisten aurkezpenean, eta aukera baliatu du eskuinaren arriskuaz ohartarazteko: «Eskuineko alderdiek bigarren aukera dute euren egitasmoa aurrera ateratzeko, eta, ahal badute, batu egingo dira, eta emakumeen askatasunak gaitzetsi, klima larrialdia ukatu eta frankismoaren biktimak mespretxatzen dituztenak egongo dira agintean. Abstentzioa beti da eskuinaren laguntzaile».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna