Albistea entzun

Euskararen erabilera. Imanol Artola Arretxe, 'Felix'. Galtzaundiko kidea

«Hegemoniak esaten dizunari kontra egiteko indarrak behar dira»

Euskara erabiltzeko gakoetako bat ahalduntzea da, Imanol Artola Arretxe 'Felix'-en ustez. Horretarako hainbat talde dituzte martxan Tolosaldean: «Besteen ezinak ikusita, nork bereak uler ditzake».
IñIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2022ko martxoak 27

Imanol Artola Arretxe Felix-ek (Amezketa, Gipuzkoa, 1989) hurbiletik so egiten dio mugimendu feministaren lanari, ondotik euskararen aktibaziorako ideiak hartzeko: «Ez zait iruditzen guztiz berdina denik, baina gauza dezente har genitzake». Horiek Tolosaldeko Galtzaundi elkarteak antolaturiko proiektuetan aplikatzen saiatzen da: ahalduntzea eta taldearen zaintza, erraterako.

Euskararen erabilera sustatzeko bi proiektu dituzte martxan orain, ezaugarri horietan oinarrituta: Anoetako herritarrekin bata, Tolosaldeko gazteekin bertzea (Gipuzkoa). Leku horietan euskararen egoera hagitz txarra ez izan arren: «Ezin dugu itxaron egoera kezkagarria izan arte».

Euskaldunen ahalduntze talde bat jarriko duzue martxan heldu den astean Anoetan. Zer da?

Arreta besteengan jarri partez zure erabileran jartzera bultzatzen zaituen talde bat izango da, Hiznet graduondoko sakontze egitasmotik abiatutakoa. Euskaraldiak esaten digu hizkuntza ohiturak aldatu behar ditugula, baina ez gara ari hainbeste esaten nola egin behar den hori, edo zer zailtasun dituen. Hor atzean badaude gauza asko: TELP tailerrek-eta erakusten digute [Eremu Linguistiko Pertsonalerako Tailerra].

Baina zuena ez da TELP tailer bat.

Tolosaldean eta beste herri askotan udalak txikiak dira, eta TELP tailerrek kostu bat dute. Hemen planteamendua da: posible al da euskaltzaleok batuz eta teoria minimo bat emanez norbanakoak ahalduntzea?

Eta zein da erantzuna?

Aurretik egin nuen ikerketan, ikusten zen oso eduki gutxi emanez baina elkar entzunez eta bestearen ezinak ikusita, nork bereak uler ditzakeela. Hau da, nik, nire gauzak kontatzen ari naizenean, sastraka itxi baten barruan ikusten dut neure burua, baina, zu kontatzen hasten bazara zerbait, ja nik seguru asko beste begirada batetik ikusiko dut. Ez diogu elkarri zuzentzen, baizik eta, besteari entzunez, nork bere buruari aplikatzen diogu. Dezente laguntzen du horrek.

Tolosaldean euskararen kaleko erabilera %60,4koa da. Hainbertzeko beharra dago?

Bai. Noski, beste herri edo hiri erdaldunagoekin konparatuz leku pribilegiatu batean bizi gara, baina azken datuek ere esan dute arnasguneetan erabilera behera doala. Eta anoetar batek edo amezketar batek han lo egiten du, baina ikusi behar da bizitza non egiten duen, lankideak nongoak dituen... Gero eta denbora gutxiago pasatzen dugu herrietan.

Estres linguistikoa badago, orduan?

Nik egunerokoan apenas hitz egiten dudan gazteleraz, oso gutxitan nago behartua, baina horrek ez du kentzen horrelako gertaera bat dagoenean sentitzen dudana. Batek hogei esperientzia txar edukiko ditu, beste batek bakarra, baina bakar horretan segun eta nola pasatu duen, egoera hori etortzen bazaio burura, kito: zure burua blokeatzen duzu.

Ahalduntze taldeak zer ezberdintasun du TELP tailerrekin?

Batez ere, ez dela aditurik egongo: nik gidatuko ditut. Baina, eduki teorikoa ematea baino gehiago, haiei hitz egiten uztea da, taldea goxatzea, eta neronek ahalik eta interbentziorik txikiena egitea, helburua litzatekeelako etorkizun ertain batean hau zabaltzea euskara elkarteetan; funtzionatzen baldin badu, noski.

Hala izanen dela uste duzu?

Ikerketak hala esan zuen: lehenengo astean bakoitzak zeukan diskurtsoaren eta azkeneko astean eduki zuenaren artean dezenteko diferentzia zegoen.

Metodologia bera erabil daiteke Anoetan, Iruñean eta Maulen?

Bai. Inguru batean edo bestean egon, emozioak antzekoak dira.

Gazteekin ere martxan duzue proiektu bat Tolosaldeko ikastetxe guztietan. Zertan datza?

Euskaraldiaren filosofiarekin bat egiten du: ahobizi batzuk izendatzen dira, edo eusle batzuk, hizkuntzari eusten diotenak. Euskaraldiarekin daukan diferentzia da nahi duen guztiak ez duela parte hartzen. Gela bakoitzean ikasleek lau eusle aukeratzen dituzte, eta haien zeregina da eskola eremura sartzen direnetik irteten diren arte euskaraz jardutea.

Ikasleen oniritzia funtsezkoa da. Zergatik?

Behartzen baldin baditugu ikasleak proiektuan parte hartzera, justu kontrakoa lortuko dugu: euskararen aldekotasuna beharrean, kontrakotasuna. Ikasleek sentitu behar dute une oro kontuan hartzen dituztela, eta, beraz, ikasleen %70ek esan behar dute baietz; bestela, ez da egiten. Eta, lau asteko proiektu bat baldin bada ere, astero-astero galdetzen diegu beste astebete jarraituko dugun ala ez.

Nor izaten dira eusleak?

Ikasleek aukeratzen dituzte; hasieran, bi muturretara jotzen dute: erabat euskaraz aritzen dena aukeratzen dute lehenik, erdararako joera handia daukana bigarren; gero, erdiragotuz doaz. Interesgarriena da parekoaren arabera hizkuntza aldatzen duen hori izendatzea eusle: horrek egitea euskaraz erdararako joera duen horri, eta ea ezer aldatzen duen.

Aldatzen du?

Ikasleek eta irakasleek diotenez, «hemen ez da ezer aldatu». Baina gero datuei begiratzen badiezu...

Zer diote?

Ikasleei proiektuaren hasieran eskatzen diegu hautatzeko gelan eta jolas garaian harreman gehien duten hiruna ikasle, eta horietako bakoitzarekin zein hizkuntzatan egiten duten. Ikusten da urtero eta eskola guztietan hasierako erabilera baino xerbait handiagoa dela bukaeran: %2 eta %5 artean. Ikasleen datu aitortua da, orduan, tentuz hartu behar da, noski, baina kontrara behintzat ez du egiten. Eta proiektu honek batez ere eragiten die ikasle euskaltzaleenei: ikasle guztien artean %15ek gutxi gorabehera esaten dute edo beren hizkuntza ohituretan aldaketak nabaritu dituztela, edo orain ahaldunduago sentitzen direla euskaraz egiteko. Galdetzen diezunean zerbait gehiago esan nahi duten, berriz, harrotasun hitza eta horrelakoak erabiltzen dituzte. Bi herenek esaten dute gaiaz zerbait pentsatu dutela, eta heren batek lagunekin gai honetaz hitz egin duela. Igual ordu laurden bat bakarrik zen, baina behintzat zerbait. Aldaketa hori: niri erdaraz egiten didalako ez dut zertan...

Ez duela zertan hizkuntzaz aldatu?

Duela lau urte Alegian lehen aldiz egin genuenean, Amezketako gazte batzuk entzun nituen: «Ja, zergatik egiten diegu erdaraz?». Ordura arte ez ziren jabetu, gurasoengandik ikasia zuten ohitura baitzen baten batek erdaraz eginez gero hari erdaraz erantzutea.

Ahalduntzea da abian dituzuen bi proiektuen ezaugarria. Gakoa da euskararen erabileran?

Bai. Hizkuntza gutxiagotu batean bagaude eta ohiturak aldatu behar baldin baditugu, hegemoniak esaten dizun horri kontra egiteko indarrak eduki behar dituzu. Nahi baduzu, deitu ahalduntzea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi - Arantxa Iraola

Euskalgintzako eta kulturgintzako pertsona ezagunak batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak eta aldarrikatu dute euskara eta euskal kultura ardatz izan behar dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

Euskal Hedabideen emankizuna, goizean, Baionan. ©Kanaldude

Euskalgintzaren prekaritateari aurre egitea «zaila» izanen da energiaren kariotze garaian, Kurutxarriren ustez

Oihana Teyseyre Koskarat

Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideek emankizun berezia egin dute goizean, Baionan. Euskaraldiaren biharamunean, bilana egin dute, eta euskalgintzaren prekaritatea ere izan dute aipagai.

 ©Gorka Rubio

Miren Dobaran: «Euskararentzat esparru gehiago irabazi behar ditugu; hori da gure obsesioa»

Julen Aperribai

Eusko Jaurlaritzak kirola, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa ditu lehentasun nagusi. Hamarkada honetako hizkuntza politikaren oinarriak Euskara Sustatzeko Ekintza Planean zehaztu nahi ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...