UGTrekin lerratu da PSN, eta ez dio helegiterik jarri nahi sententziari

Euskararen dekretuaren aurkako epaiei helegitea jarri beharra berretsi du Geroa Baik. Hainbat euskaltzalek salatu du UGTren jokaera

Dozenaka euskaltzale, atzo, UGT sindikatuak Iruñean duen egoitza nagusiko atarian protestan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Euskararen auzian, UGTren grabitate eremutik aldendu ezinik dabil PSN. Hizkuntza politika egiteko «molde berriak» iragarri zituen PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek joan den ostiralean, eta «kontsentsu zabalen aldeko apustua» azpimarratu zuen. Hiru egunen buruan, ordea, Navarra Sumarekin lerratu da atzera ere, euskararen dekretuaren kontrako azken epaiak ontzat jota. Atzo, helegiterik ez jartzeko eskaria egin zion Alzorrizek, alderdiaren izenean, Maria Txibite lehendakari sozialistari.

«Gobernuari eskatzen diogu ez dezala helegiterik aurkeztu», esan zuen PSNko bozeramaileak, legebiltzarreko Mahai eta Eledunen Batzordearen ostean: «Gure ustea da sententziak bat egiten duela PSNren betiko ikuspuntuarekin eta Nafarroako Kontseiluak auziaz adierazitakoarekin». Alzorrizen arabera, lehendakariabat dator «alderdiko zuzendaritzak eta Eskualde Batzordeak erakutsitako jarrerarekin» —PSNko idazkari nagusia da Txibite—. Gobernuburu gisa jarrera hori edukiko duen, baina, ez dute oraindik erabaki: «Lehendakariari galdetu beharko zaio».

Arrakala eragin du auziak gobernuaren barruan. Gobernu ituna sinatu zuten gainerako taldeek —Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak—, txarretsi egin dituzte Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak, eta helegiteak aurkeztea galdegin diote Txibiteri. «Eremu mistoari de facto ezarri nahi zaizkio eremu ez-euskaldunaren ezaugarriak», adierazi zuen Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek. Lehendakari ohiaren esanetan, haren taldea zonifikazioaren aurka dago, «baina egungo egoera onartuta ere, zatiketa ezin da erabili herritar guztien eskubideak higatzeko». Txibiteri eskatu zion hobets dezala «herritarrei onura handiena ekarriko dien aukera, hori baita lehendakariaren betebeharra». Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, bestalde, auziaz galdetuko diote Txibiteri datorren osteguneko osoko bilkuran.

EH Bilduko ordezkari Bakartxo Ruizen arabera, berriz, euskararen dekretuaren aurkako epaiak «kalte izugarria» eragin dezake hizkuntz eskubideetan: «Lehen hiru eremu linguistiko zirenak bi dira orain, eremu mistoa desagerrarazi baitute». Halere, lan deialdietan euskara meritu gisa aintzat hartzea «borondate politikoko kontua» dela azaldu zuen: «Sententziak ez du debekatzen».

Protesta UGTren egoitzan

Euskararen dekretuaren kontrako epaiek eragin duten ezinegona ez da parlamentura mugatu: atzo, 50 bat euskaltzalek protesta egin zuten UGTren egoitzaren aurrean, sindikatuak agertutako jarrera salatzeko. Sare sozialen bitartez zabaldu zuten deialdia. «UGT euskararen etsaia» eta «euskara nafar hizkuntza da» oihukatu zuten bertara bildutakoek, eta Euskaraz bizi nahi dut leloa daukaten itsasgarriak paratu zituzten egoitzaren atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.