Bi pertsona atxilo, Aizarnazabalgo hilketarekin lotuta

Urtarrilaren 4an Urola ibaian hilotz aurkitu zuten andrearen ezagunak dira. Kasua sekretupean da, eta datozen egunetan argitzea espero dute

Ertzaintza, Urola ibaian ikerketa lanetan, joan den astean. GORKA RUBIO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Gizonezko bat eta emakumezko bat atxilotu zituen atzo Ertzaintzak, Aintzane Pujanaren hilketarekin zerikusia dutelakoan. Aizarnazabalen (Gipuzkoa) agertu zen haren gorpua, urtarrilaren 4an. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du informazio gehiagorik eman, epaileak aginduta kasua sekretupean baitago. Ikerketa «babesteko» eta «arriskuan ez jartzeko» hartu dute neurria, eta espero dute egun batzuen buruan auzia argitzea, Segurtasun sailak jakinarazi dutenez.

Urola ibaiaren ertzean garbiketa lanak egiten ari ziren langileek topatu zuten Aintzane Pujana Etxeberriaren gorpua hilaren 4an. 32 urte zituen, eta Donostiakoa zen; labankadaka hil zuten. Joan den astean hitz egin zuen gaiari buruz Rodrigo Gartzia Ertzaintzako zuzendariak, eta zehaztu zuen biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen ari zirela. Aizarnazabalen bertan ikusi zuten azken aldiz —hainbat hedabideren arabera, herriko landetxe batean igaro zuen Urtezahar gaua—, eta han agertu zen gorpua. Biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean bertan jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak atzo adierazi zuenez, kasua argitzeko bidean aurrerapauso nabarmenak eman dira azken hamar egun hauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.