Beste hilabeteko greba bat hasiko dute Gipuzkoako zahar etxeetan

Aurreko ikasturtean egindako 88 greba egunei 30 gehitzeko deia egin du ELAk: hilaren 19an hasiko da. Aldundiari eginiko kritika berritu du

Langileen protesta bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek urtebete pasatxo daramate lan itunaren aldeko mobilizazioetan. Aurreko ikasturtean, 88 greba egun egin zituzten ELAk deituta; hogei inguru LABen eskutik. Iragarri zuten ikasturte hasieran berriz ekingo ziotela borrokari, eta hasi dira mugitzen: ELA sindikatuak hilabete bateko grebarako deia egin du: hilaren 19an hasi eta urriaren 18a bitartean egingo dute. Eta abisatu dute greba egun gehiago ere izan daitezkeela ituna adosteko oinarri egokirik ezean: «Ez dugu alde batera uzten». Langileek behin eta berriz salatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak auzi honetan duen jarrera; herrialdean eskaintzen diren lekuen %90 itunpekoak direla diote, eta, ondorioz, instituzioak baduela ardura alorreko langileen egoeraren inguruan. ELAko ordezkariek berritu egin dute orain kexu hori, eta, gainera, zabaldu dute asmo ilunak daudela diputazioaren portaeraren atzean. «Propaganda instituzionala egiteaz harago, aldundiak negozioa egin nahi du gure aitona-amonekin», deitoratu dute grebarako deia eginez plazaratu duten oharrean: «Foru aldundiak prekaritatearen aldeko hautua egin du. Gizon eta andreen arteko soldata arrakala eta genero desberdintasuna erabili ditu negozio tresna gisa eta euren mesedeetara dauden enpresarien alde».

Gatazkaz jardutean, beti nabarmendu dute generoaren auzia;izan ere, 5.000 langile inguru ari dira sektorean, eta ia denak emakumezkoak dira. Behin baino gehiagotan nabarmendu dute langileen baldintzak kaskarragoak direla alor honetan, gizonak nagusi diren sektoreekin alderatzen badira. Adibide zehatzen bidez esplikatu dute hori. Hain zuzen ere, erakunde publikoentzat azpikontratatuta diharduten beste enpresa batzuetako lan baldintzak aztertu dituzte. Batez ere gizonezkoak kontratatzen dituzten enpresetakoak hautatu dituzte—esaterako, kaleak garbitzeko zerbitzuak ematen dituztenak—, eta egoera desorekatu bat azaleratu dute era horretan: gizonek %30 gehiago irabazten dute. Gogora ekarri dute Gipuzkoako Diputazioak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortze aldera plazaratu dituen helburuetan sakontzen aldera «adorez eta ausardiaz» egin behar zaiela aurre emakumeen etorkizuna baldintzatzen duten arrakalei, eta uste dute lan gatazka honetan agintariek aukera aski egokia dutela horren aldeko urratsak egiteko.

ELA sindikatuak du langileen ordezkaritzarik zabalena: %60. Apalagoa da LABena: %20. Patronalak eta sindikatuek ez dute aurrerapausorik egin negoziazio mahaian elkartzen hasi zirenetik, eta badira bi urte baino gehiago. Herren dago, gainera, mahai hori; izan ere, ELA alde eginda dago, iritzita ez direla betetzen bertan jarduteko «gutxieneko» hainbat baldintza. Sindikatuak eginak ditu, hala ere, akordiorako hainbat urrats mahaitik kanpo: zuzenean patronalekin solastatuta. Lehengo martxoan, hain justu, sindikatuak adierazi zuen akordiorako oinarri bat erdietsi zuela enpresekin, eta horren «frogak» erakutsi zituen. Salatu zuen, baina, aldundiak eragotzi zuela itun hori gauzatu ahal izatea, eta «gezurretan» jardun zuela lortutakoaren inguruan. Jarreraz aldatzera deitu du berriz: «Izan ere, ez da lan gatazka hutsa, gure borroka zerbitzuaren kalitatea eta aiton-amonen bizi baldintzen hobekuntzaren aldekoa da».

Negoziazio mahaiak berriro bilera egitekoa du hilaren 20an, eta LABek batzar horren ostean erabakiko du zer pauso eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.