Indonesiako abioiak ez zuen aireratu behar

Urrian Javako itsasoan erori zen hegazkineko pilotuak «makinaren kontra aritu ziren», ikerketa batzordearen arabera; 189 lagun hil ziren ezbeharrean. Aurreko bidaian «arazo tekniko bat» izan zuen

Nurcahyo Utomo ikerketa batzordeko kideetako bat, azalpenak ematen, atzo, Jakartan. BAGUS INDAHONO / EFE.
ander perez zala
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Urriaren 29an Javako itsasoan (Ozeano Barean) erori zen Lion Air enpresaren hegazkina ez zegoen aireratzeko baldintza egokietan, aurreko hegaldian «arazo tekniko bat» izan baitzuen. Horren ondorioz, pilotuak «makinaren kontra aritu ziren» Indonesiako hiriburutik atera zirenetik, eta, 11 minutuz hegazkinaren kontrola berreskuratzen saiatu ziren arren, ez zuten arrakastarik izan: 189 lagun hil ziren ezbeharrean.

Horiek dira istripua ikertzeaz arduratzen den KNKT Garraioen Segurtasunerako Batzorde Nazionalak bildu dituen ondorioetako batzuk, atzo jakinarazi zuen atariko ikerketan. KNKTko kide Nurcahyo Utomok prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, arreta gertakari batean jarri dute, istripuaren arrazoiak zeintzuk izan ziren argitzeko «goizegi» den arren: sistema automatiko batek sentsoreen irakurketa okerrak egin zituen, eta horrek eragin zuen hegazkinaren aurreko partea behera begira jartzea. Jakartatik Sumatra irlako Pangkal Pinang hirira (Indonesia) joatekoa zen hegazkina, ordubeteko bidaian, baina aireratu eta hamahiru minutura erori zen; 11 minutuko tartean, beraz, pilotuak hegazkina orekatzen ahalegindu ziren.

Zehazki, kutxa beltzeko datuak aztertuta argitu dute pilotuek hogei alditan baino gehiagotan orekatu zutela abioiaren norabidea, baina sistemak hegazkina beherantz bideratuz erantzun zuela etengabe. «Pilotuek ez zioten borrokatzeari utzi», Utomok jakinarazi zuenez.

Atariko ikerketaren ondorio horiek baliagarriak izango dira 189 biktimen senideentzat, denek jarria baitute Boeing hegazkinak egiteaz arduratzen den enpresaren aurkako salaketa AEBetako epaitegi batean: argudiatu dute «segurtasun arazoak» izan zirela, enpresak ez zielako arazoen berri eman ez Lion Air enpresari eta ez pilotuei. Utomoren hitzek errealitate hori baieztatu zuten: «Gure ustez, hegazkina ez zegoen hegan egiteko baldintza egokietan, eta ez zuen airean jarraitu behar».

Eskuliburu eta protokoloak

Datozen asteotan, ikerlariek bi elementu aztertuko dituzte, istripuaren arrazoia zehazteko: Boeing hegazkinen protokoloak eta eskuliburuak. «Abioiaren diseinua, eskuliburua eta pilotuek egoera horri informaziorik gabe aurre egin behar izatea, horiek guztiak lotuta daude; orain ezin dugu arrazoi zehatza finkatu».

Horrekin batera, ikerlarien asmoa da istripuaren aurreko hegaldian izandako komunikazio katea aztertzea. Izan ere, pilotuek abioiaren arazoen berri emanzioten Lion Air enpresako mantentze taldeari, eta horrek, hegazkinaren egoera aztertu ostean, berriz aireratzeko baimena eman zuen. Gerora begira, ikerketa batzordea harremanetan jarri da jada Lion Air enpresarekin, segurtasunaren arloan zenbait gomendio emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.