Raul Arza Velez. EAEko UGTko idazkari nagusia

«Hausnarketa egin behar luke PSOEk: langile asko umezurtz sentitzen dira»

Lan eta pentsio erreformak gehiago ezin direla atzeratu argi du Arzak, eta ez du baztertu greba orokorraren aukera. Euskal Herrian sindikatuen arteko batasun handiagoa nahiko luke; «langileek eskatzen digute».

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Martxoan hasi zuen hirugarren eta azken agintaldia Arzak (Laudio, Araba, 1963). Botoen %83ekin aukeratu zuten afiliatuek. Pandemian sindikatuak lanez lepo dabiltza, baina noizean behin albiste onak ere jasotzen dituzte. Ostiraleko BERRIAren zenbakia du mahai gainean, eta azaleko argazkian ITP Aero Castingeko langileak ageri dira elkar besarkatzen.

Zer sentitzen duzu argazki hori ikustean?

Harro egon behar dugula. Sindikatua erabilgarria dela langileen eskubideak defendatzeko. Kasu honek argi uzten du lan erreforma indargabetu behar dela, enpresa ondo zebilelako, eta aldi baterako neurriekin konpon zitekeelako behin-behineko estualdia.

Maiatzaren Lehenean Espainiako Gobernuari kontu eske irten zineten. Beharrezkoa al zen?

Bai. Madrilgo hauteskundeek argi utzi dute Espainiako Gobernuak komunikazioarekin eta konpromisoak bere ez egitearekin duen arazoa. Hiru eskaera dira: lan eta pentsioen erreformak indargabetzea, eta oinarrizko soldata igotzea. Gobernuak bete egin behar ditu: batetik, hauteskunde konpromisoa delako; bestetik, gobernu akordioan sartu zuelako; eta, azkenik, hori egiteko gehiengoa duelako. Legea aldatzea ezin da egon sindikatu eta enpresarien arteko akordio baten menpe. Ezin du utzi beto eskubidea patronalaren eskuetan. Eta ez badago akordiorik, hitzemandakoa bete behar du; hala ez balitz, ziria sartu digutela sentituko genuke, eta ikusi beharko genuke jarrera horri zer mobilizaziorekin erantzun.

Greba orokorra aipatu zenuen martxoan; baita LABek ere Maiatzaren Lehenean. Gerra danborrak al dira?

Guk ez dugu baztertzen. Denbora asko pasatu da, eta ulertzen dugu pausoak eman behar direla.

Udazkena bero omen dator.

Mundu guztiak hala dio, eta guk ere bai. Madrilgo hauteskundeek harremana dute horrekin; zuk ez baduzu hitza betetzen... Hausnarketa egin behar luke PSOEk: langile asko umezurtz sentitzen dira, gauza bat esan, sinatu, eta ez duelako betetzen.

Aldi baterako erregulazioak noiz arte luzatuko dituzte orain?

Printzipioz, irailera arte. Baldintza berberetan. Euskadin, 30.000 langile daude egoera horretan. Murrizketekin harreman zuzena dute. Txertaketa bizkortu behar da murrizketak kendu eta zerbitzuen sektorea berpizteko.

Espainiako Gobernuari kontu eske zabiltza, baina Euskal Herrian hobeto al gaude?

Pandemiarekin, okerrago; datuak hor daude. Langileen ikuspegitik, hobeto, baina beti egon gara hobeto. Industrian zantzu onak daude: Arcelor, Gestamp... Baina tira, arazoak dituzten enpresa asko daude. Haien etorkizuna ezin da utzi epaitegien esku: batzuetan ondo ateratzen da, eta beste batzuetan gaizki. Enpresei deia egin behar zaie ahalik eta lanpostu gehien mantentzen saia daitezen, eta, ahal bada, horretan lagundu. Jaurlaritzak eta beste erakundeek zeresan handia dute.

Jaurlaritza aipatu duzu; nolako harremana duzu Idoia Mendia Lan sailburu berriarekin?

Elkarrizketa Sozialaren Mahaian lanean ari gara, eta akordioren bat lortu dugu. Esaterako,aldi baterako erregulazioan egon eta urtean 20.000 euro baino gutxiago duten langileentzat 150 euroko saria adostu genuen. Nahiko genuke Jaurlaritzak neurri hori gehiago ezagutaraztea.

Mahai horrek ba al du zentzurik LAB eta ELA gabe?

Pilota haien teilatuan dago. Ez dut ulertzen zergatik ez dauden. Langileek ematen dizuten boz horri muzin egiten diozu arazoak plazaratu eta konpondu daitezkeen toki batean. Parte hartzeak ez du esan nahi Jaurlaritzak dioen guztiarekin ados zaudenik. Bozek mahaietan behar dute, eta zure proposamenak egin: Osalanen, Lanbiden... Niretzat pena da LABek eta ELAk elkarrizketa mahaiari uko egin izana. Prentsaurrekoak ondo daude, baina ez dira eraginkorrak. Baina tira, iruditzen zait sindikaturen bat eroso dagoela egoera honetan.

Zer harreman duzue beste sindikatuekin? Idazkari nagusien telefono zenbakia ba al duzu sakelakoan?

Bai, noski. Noizean behin hitz egiten dugu. Harreman estuagoa dugu CCOOrekin, besteak beste ekintza batasuna dugulako maila konfederalean. ELArekin eta LABekin harreman formala dugu, baina argi dago gertuago gaudela enpresetan gizarte arloan baino. Presoen auziaz haratago, ez gara ia ezertan ados jartzeko kapazak. Eta pena da, langileek batasun sindikala eskatzen digutelako, esaterako, lan istripuetan eta halako gai garrantzitsuetan.

Gero, ELAk ez sinatu arren, Bizkaiko metaleko hitzarmenaren auzian batera mobilizatu zineten. Egun bateko lorea al zen?

Ahal den heinean, horrek behar du helburua. Patronala eroso dago sindikatuak batzen ez direnean; txalotu egiten gaitu.

Nola dago EAEko UGT? Iazko hauteskundeetan ordezkarien %10,19 lortu zenituzten, eta 2010ean %12,91 zenituzten.

Afiliazioan ez gabiltza gaizki. 30.000 inguru ditugu, eta duela hamar urte 36.000 bat ziren. Baina ia sindikatu guztiak jaitsi dira. Aurten, aldiz, gora egiten ari gara: %10,19tik %10,29ra igo gara. Espero dut UGTren jaitsiera behingoagatik bukatu izana. Pandemian lan ona egin dugu, eta fruitua ematea espero dut.

Arduratzen zaitu enpresa handietako eta funtzionarioen arloko sindikatu gisa ikusia izateak?

Ez nago ados. Baina gure erronka lantoki txikietara iristea da; hor errazago lortzen dira ordezkariak. Eta iristen ari gara. Aurten 0,4 puntu igo gara Bizkaian. Gipuzkoan arazoa dugu [ordezkarien %5,4 ditu UGTk], egia da, baina, besteak beste, terrorismoaren urte gogorretatik dator. Jende askok ez zuen gurekin aurkeztu nahi; ETAren borrokaren zehar kalte bat izan ginen. Gure filiazioaren parte batek harremana zuen PSErekin: zinegotzia, militanteak... Ez zen erraza. Gipuzkoan 7.000 afiliatu ditugu, eta ez datoz bat ordezkari kopuruarekin.

Arnaldo Otegi zuen azken kongresuan egon zen; gaur zu EH Bildurenera zoaz; urtarrilean Sareren manifestazioari atxikimendua eman zenioten... Zerbait aldatzen ari al da?

Beharrezko pausoa da. ETA desagertuta errealitate berri bat dagoela onartu behar da. Horrek ez du esan nahi guk erakunde moduan sufritu duguna ahaztuko dugunik. Sindikatuko kide izateagatik bizitza galdu zuten kideak ditugu, eta ez ditugu ahaztuko. Baina egoera berri batean gaude; horregatik defendatzen dugu presoak hurbiltzea eta preso gaixoak askatzea. Biktimak ezin dira ahaztu, baina horrek ezin du baldintzatu gizartearen etorkizuna. Gure nahia Euskadiko politikan ezker-eskuin diskurtso bat irekitzea da, eta marra ez dadila egon abertzaleen eta ez-abertzaleen artean.

Araban batzarkide zinenean eraman al zenuen bizkartzainik?

Ez, orduan ez. Geroago bai, Laudioko Udalean zinegotzi izan nintzenean eraman nuen bizkartzaina, urtebetez edo. 2002an eman nuen dimisioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.