Aritz Aranburu. Surflaria

«80 urterekin ere surfean jarraituko dut, ahal badut»

Bizitzaren itsasoaren erdigunean surfak egon behar zuela erabaki zuen behin. Ametsaren atzetik abiatu zen, olatu baten bila bezala. Bete du, baina, ametsen atzetik ibiltzea gustatzen zaionez, erronka gehiago ditu.

GORKA EZKURDIA.
Aitor Manterola Garate.
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Elkarrizketa aurrez aurre egin nahi kazetariak, baina ezin Aritz Aranburuk (Zarautz, Gipuzkoa, 1985). Bilera bat Frantzian, eta, aukera baliatuz, surfeko tramankuluak hartu eta olatuetara ere bazihoala. «Ez dakit noiz itzuliko naizen», esanez amaitu zuen telefono bidezko solasaldia: «Bizitza edukiz betetzea ere bada, eta asko gustatzen zait lekuz leku ibiltzea. Askatasuna ematen dit egun ezberdinak bizitzeko». Egun horietako bat Punta Galeako txapelketan bizi izan zuen, otsailaren 22an.

Bigarren izan zinen proba ezagun horretan. Irabazi ez izanaren penaz?

Gustura egindakoarekin. Egun polita bizi izan genuen lagunen artean, nazioarteko surflariekin.Portugaldik iritsi berria nintzen, garaipen batekin. Erritmo politean ibili nintzen, olatu pila bat hartu nituen, eta, azkenean, Natxok [Gonzalez] ondo merezita irabazi zuen.

Hain olatu handien artean, beldurrik ez al duzu pasatzen?

Umetatik ikasi dugu itsasoari errespetua eduki behar zaiola. Hark du azkeneko hitza beti. Punta Galean, zenbaitetan, olatu handi batzuk gainera erori zitzaizkigun, eta buruz ondo prestatuta egon behar da halakoei aurre egiteko. Baina, beste alde batetik, adrenalina hori ere behar dugu, gure lana baita. Une on horiek bizitzeko, egoera txar batzuk ere pasatu behar izaten dira. Badakigu arriskuak daudela, baina muga horretan bizitzeak bizipoza ematen digu. Hala ere, beti egon behar da adi, itsasoak zure mugak gaindi ditzake eta.

Horrek lagundu egiten al dizu gero hobeto lehiatzen?

Bizi ibili behar da denbora guztian, olatu bat pasatzen uztea eta atzekoak gu jatea gerta daitekeelako, adibidez. Joko polita da azkenean. Lehia gustatzen zaigunontzat gauza ederra da.

Oso lehiakorra izatea da zure bereizgarrietako bat.

Lehiaketek zentzua dute norbere maila erakusteko. Umetatik gustatu izan zait helburuak jarri eta txapelketetara joatea. Hobetzeko aukera ematen du, eta ez surferako bakarrik. Atzera ez egitea, erronkak gainditzea: hori da lehia, eta oso aberasgarria da. Bizitzarako ere balio du.

Surfa ez baita txapelketa eta kirola bakarrik.

Egunero ematen ditut eskerrak kirol hau aukeratzeagatik. Asko gozatzen dut, eta lehia oso sanoa daukagu. Lehiatik kanpo alaitasun handia dago, eta lagun asko egin ditut mundu osoan. Asko lotzen gaituen bizitza horrek batzen gaitu: olatuen artean sortzen den adrenalinak, batetik, eta olatuen atzetik munduan bidaiatzeak, bestetik. Badu ezaugarri erromantiko bat.

Ez du betiko bereizgarri hori galdu, orduan?

Ez. Punta Galeako txapelketa bukatu zenean, Sopelako taberna batera joan ginen, garagardo batzuk hartzera eta ogitartekoa jatera, hemengoak eta nazioartekoak. Horregatik da luzea nire ibilbidea. Gauza asko ematen dizkit. Beste kirol batzuetan, oso zorrotz prestatzen dituzte kirolariak, eta sekulako meritua dute. Guk aukera dugu lehiatik pixka bat deskonektatzeko eta munduan zehar bidaiatzeko, eta zorteko sentitzen naiz. Ikustea eguzkia nola sartzen den mendi baten atzean, adibidez, zoragarria da.

Zuk esana da hau: «Ezinezkoa da helburuak lortzea horrekin amets egin gabe».

Etxekoek lotura handia izan dute itsasoarekin. Aitona, adibidez, soroslea izan zen, arrantzalea ere bai, eta arraun taldean sartuta ere egon zen. Umetatik bizi izan dut hori, eta beste horrenbeste gertatu zitzaidan udan Pukasek herrian antolatzen zuen txapelketarekin, irail aldera. Hondartzan asko begiratzen nien surflariei, eta txapelketa horretara munduko onenak etortzen ziren. Astebete egoten ziren Zarautzen, dena ematen zuten, eta joan egiten ziren beste hondartza batzuetara, olatuen bila. Ametsa hor piztu zitzaidan.

Eta ametsaren bila joan zinen.

Urrun ikusten nuen zarauztar bat hain gora heltzea, egia esanda. Banituen erreferentziak inguruan ere: Ibon Amatriain eta beste hainbat. Gauza guztiak batu, eta txapelketetan hasi nintzen hemen inguruan; gero, Frantziara joaten hasi nintzen, Europako beste leku batzuetara ondoren, eta 14 urterekin Quicksilver etorri zitzaidan bila. Programa batean sartu ninduten, eta munduan zehar ibili nintzen ikasten, munduko onenekin. Orduan erabaki nuen saiatu behar nuela gorenera iristen. Onena da asko gozatu dudala bidaiatzen, eta surfaren bidez itsasoarekin lotuta bizitzen.

Pausoz pauso munduko onenekin lehian ere izan zinen. Denborarekin balio handiagoa emango diozu lorpen horri, ala eman diozu dagoeneko?

Atzera begira jartzen naizenean, poz handia ematen dit, hainbeste urtean landutako helburua lortu nuelako. Inguruak zail ikusten zuen, baina saiatu egin nintzen, eta lortu egin nuen. Sinetsi izanak asko betetzen nau. Bestalde, halako zerbait lortuta pentsa daiteke su festa batekin biziko zarela egunero, baina pertsona normala izaten segitzen nuen. Ohitu egin nintzen helburu berriak jartzen, eta ate berriak irekitzen ari naizenean helburu berriak jartzea ez da erraza; ez da egun batetik bestera lortzen. Zerbait handia lortu nuen, baina ezin nintzen horrekin konformatu. Astoari egunero jarri behar zaio azenarioa aurrean. Gure kirolean, adibide bikaina dugu: Kelly Slater. Hor segitzen du 50 urterekin, eta berriki irabazi du txapelketa bat.

Zein da orain zure azenarioa?

WQSn nabil, elitearen azpiko zirkuituan, baina azkeneko pare bat urtean ez naiz ari dena egiten. Gustatzen zait probak ondo aukeratzea. Sentitzen dut gauza asko ditudala ikasteko oraindik. Hortik kanpo beste egitasmo batzuk badauzkat, olatuak aurkitzea munduan barrena, abenturak bizitzea eta abar. Horren bizipoza dut. Txapelketekin urte asko pasatu dut azkenean. Neure buruari denbora gehiago eman nahi diot.

Zure ibilbidea laster bukatuko dela esan nahi duzu horrekin?

Pozik jaikitzen naiz egunero. Surfa nire bizitza da, eta, ahal badut, 80 urterekin ere surfean jarraituko dut. Batetik, txapelketa batzuk egin nahi ditut, eta, bestetik, egunero nabil olatuen atzetik. 2024ko Olinpiar Jokoak azenario indartsua dira, bestalde.

Zuk izandako aukerak beste batzuek izan ditzaten ere lanean ari zara.

Bai. Nik neuk ere antolatzen ditut txapelketak, 14 urtez azpikoentzat, hemen Zarautzen. Azkenean, nik izan nituen aukerak beste batzuei ematea da kontua. Shelter Surf Camp sortu genuen duela bost urte, eta horren bitartez antolatzen dugu. Talde zoragarria daukat. GKE bat ere badugu, Kind Surf: bazterketa sozialean daudenekin terapiak egiten ditugu, surfaren bitartez. Lehiaz kanpoko gauza horiek balio handia dute niretzat, gizartearekin lotutako gauzak ikasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.