Suso de Toro. Idazlea

«Espainiako Estatuaren sakoneko kultura militarra da»

Ramon Baltar galegista errepublikazalearen bidez kontatu du Galiziako frankismo garaiko barne erresistentzia Suso del Toro idazleak. 'Nòs' egunkariak elkarrizketatu du, 'Un señor elegante' liburuaren harira.

ARXINA.
Montse Dopico
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Memoria izan da beste behin Suso de Tororen idazgaia (Santiago de Compostela, 1957). Sete palabras lanean bere familiaren historia ikertu zuen, eta Home sin nome lanean, berriz, borreroen memoria landu zuen; bada, lan berri honetan, Un señor elegante-n (Xerais), Baltar familiaren ibilbidea berregin du, erro burges, errepublikazale eta galegistak dituena bera. Liburu hau eta egilearen artikuluak irakurrita, hobeto uler liteke orainaldia iraganarekin duen loturaren bitartez. Nola eta beste behin ikusarazita proiektu frankistak bere segida duela disidentzia politikoa militarki erreprimitzen duen estatu honetan.

Memoriaren gaia dagoeneko bazekarren Home sen nome-k, eta Sete palabras-en zure familiaren historia ikertu zenuen. Un señor elegante jarraipen bat da alde horretatik...

Nire aurreko nobelan ere [Fóra de si], gizon batek bere historia berregiten du. Badago zerbait niregan irudimena atzerantz tirarazten didana. Un señor elegante-ren kasuan, istorio pertsonalak dira, baina badago historia kolektiboa ere. Bertan, asko ikertu dut Ramon Baltar pertsonaia, ez zegoen kontakizun bat berregiteko. Familiak haren zatikako memoria zuen, ez kontakizun landu bat. Nahi nuke, gainera, jendeak liburu hau irakurtzea. Uste dut garrantzitsua dela herrialdearentzat Baltarren historia ezagutzea. Gure iraganaz dugun pertzepzio nagusia aldarazten laguntzen duelako.

Hori diozu familia burges errepublikazale eta galegista bat delako?

Gizarteko kategoriatara ekarrita, bai, horixe litzateke. Jende duina, baikorra, alaia eta herrialdearekin konprometitua da. Ez da kontakizun hits bat. Tristea zera da, Espainiaren historia eta Galiziarekin gertatu zena. Familiak egurra jaso zuen, baina dena gainditzeko eta irauteko zoria eta gaitasuna izan zituen. Gorabeheraz beteriko kontakizun bat da, batzuk oso dibertigarriak.

Ikerketa lan garrantzitsua egin duzu. Nolako bidea izan da?

Desberdina izan da, ez naizelako bakarrik aritu. Ramonen umeak elkarrizketatuta egin dut, semeetako hiru eta alabetako bat. Beste gauza bat ere egin dut, inoiz egin ez dudana: neska lagunari [Teresa Cuns] laguntza eskatu dokumentatze lanarekin.

Asko dago gogoeta metaliterariotik. Ramonek bere familiari esan ez ziona kontatzeko eskubidea dagoela, haren atzetik joan beharra zela eta ez aurretik...

Liburua, azken batean, kronika bat da, kontakizun bat edo pertsonaia bat nola eraikitzen den. Bai, oso metaliterarioa da, alde horretatik. Horrek beldur pixka bat ere ematen dit, baina uste dut lortu dudala kontakizunak funtzionatzea, intriga egotea...

Hasieran zailagoa da hariari eustea, baina ondoren biziagoa da.

Baliteke. Gauza bat gertatu zen, gainera: elkarrizketatu nahi nituen pertsonetako batzuk hilda zeudela, edo memoria galdua zutela, edo are, bigarren belaunaldia ere hilda zegoela. Alde horretatik, urrun nengoen. Baina Ramonen umeekin hitz egitetik hurbil ere egon nintzen. Jarrera zaila da, zeren eta azkenean memoria pribatua memoria publikora eramatea baita. Gero, une batean eraikitakoa zalantza jartzen hasi nintzen. Autokritika egiten dut, pentsatzen dudalako okertuta ibil naitekeela, azken finean eraikuntza literario bat baita.

Istorio bat kontatzen duzu, funtsean, hiru pertsonaiatatik abiatuta: Angel eta haren seme Ramon eta Anton. Hirurak desberdinak dira, nahiz eta umeek asko duten aitatik. Zer ordezkatzen du bakoitzak?

Gauza batek deseroso sentiarazten ninduen, baina hasieratik onartu behar izan nuen bere horretan: familia patriarkal bat zen. Horregatik da, funtsean, gizonezkoen kontakizun bat, horien esku zegoelako familiaren etorkizuna. XIX. gizalditik datorren familia bat da, liburutegi bat sortu eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen duena, Rosaliaz eta Murguiaz arduratzen dena eta ondoren Castelaoren familiaz eta Rafael Diestez... Horretaz gainera, botere estrategiak darabiltza, ezkontza bat moldatzen baitute emakume aberats batekin eta seme batek aitaren lanbidea eta kargu guztiak oinordetzan jasotzen baititu. Eta egitura horren barnean badira indibidualtasunak ere. Angelek XIX. mende amaierako espiritua irudikatzen du, ideologia erregenerazionista... Identifikazio berezia sentitzen du herrialdearekin. Baserri mundu beteko jendea, batez ere jende pobrea dena, sendatzen du.

Real ospitalearen bitartez, bai Angel eta bai Ramon horrela murgiltzen dira bete-betean gizarte hartan. Gizon alaia da Ramon, gauzak ongi doazkiona. Eta nire galdera da: zer egingo ote zuten 1934an hil izan ez balitz. Ramonek segida ematen dio bere legatuari: aitaren osasun etxearen segida hartzen du, leinuari jarraipena emanez. Anaia Antonek, berriz, ez du seme-alabarik. Bi anaiek harreman konplexua dute, eta, azkenerako, lehertu egiten da. Baina ez dut epaitu nahi. Nahiago dut irakurleak interpreta ditzala haien erreakzioak.

Badira beste pertsonaia batzuk jokabide zalantzagarria erakusten dutenak; esaterako, Carlos Diaz.

Kontuan izan behar da zein den testuingurua: klandestinitatea, gerrilla antifrankista. 40ko hamarkadako historia oraindik ere oso ezezaguna da. Erresistentzia armatu eta politiko oso indartsu bat egon zen aliatuen laguntzaren zain. Eta hori ulertzeko, jakina, Europan zer gertatzen ari zen ulertu behar da. Hitler eta Mussolini garaiturik, britainiarrek, eta ondoren Amerikako Estatu Batuek, Franco babestea erabaki zuten: jarraitzen utzi zioten. Churchillentzat baliagarria zen Errusia geldiarazteko. Badirudi ahaztu egiten zaigula hori, baina kontua da Espainiako kontzientzia publikoa kolonizatua eta infantilizatua dagoela.

Nolako zeregina izan zuen Intelektual Libreen Batasunak?

Inteligentzia zerbitzu militarrek Laguntza Gorria diruztatzen zuela leporatu zioten Ramoni, eta Fronte Popularraren propagandazalea eta masoia zela. Laguntza Gorria gerrillei laguntzeko egitura bat zen. Intelektual Libreen Batasuna erakunde bat da, Alderdi Komunistak sortua, gerrillari babes politikoa emateko, Hitlerren eta Mussoliniren aurkako borroka noiz amaituko zain zegoena Aliatuek Espainian esku har zezaten. Erakunde horrek buletin bat zuen Ramonek bere etxean gordetzen zuena. Familiari ez zion kontatu erakundean zuen partaidetza, baina Compostelako taldeko presidentea zen. Poliziak berak dioenez, horiek hartuko zituzten botere postuak erregimen militarra erortzean. Eta nik uste dut Ramon, kasu horretan, gizartean zuen prestigioagatik eta gaitasunagatik, gobernu errepublikano bateko behin-behineko presidente izan ahalko zela hauteskunde berriak egin bitartean. Ramon goi mailako gizona zen; kontua da mailak iraulita zeudela garai hartan. Horregatik, Francori egin beharreko atentatuaz mintzo garela —Termopilak operazioa, ustez planifikatua baina inoiz ez gauzatua—, ulertu behar dugu helburua ordena berrezartzea zela, kaosa borrokatzea. Ez ziren «terroristak», nahiz eta indarkeria ekintza bat izango zen.

Ramoni zirujau izatea tokatu zitzaion gerran. Itzultzean, mediku militar gisa jarraitzea eskaini zioten, baina nahiago izan zuen Galiziara itzuli. Eta esan liteke unibertsitatetik bota egin zutela. Bere izaerari eutsi zion, presioak presio.

Iruditzen zait armadan egon zenean aldatu egin zela. Izaera sendotu zuen, eta ataka zailetatik irteteko gaitasuna hartu. Batek esan zidan bezala: «Ramon Baltarrek sudur puntan jartzen zitzaiona egiten zuen». Unibertsitatetik bi aldiz bota zuten. Lehenengoan modu zuzenean, eta bigarrenean, traba gaindiezinak jartzearen poderioz. Bere babes zirkulua eta harremanak zituen. Familiaren zati bat eta adiskideak ongi kokatuak zituen erregimenaren egituretan, eta lagundu egin zioten. Baita kondekoratu ere, bera «gorria» izanik. Francorekin pare bat liskar dialektiko ere izan zuen. Haietako bat Errege Ospitalerako asmoak zirela medio, hura hotel bihurtzea baitzen Francoren asmoa. Hariak mugituta, ospitaleak bere horretan jarrai zezan lortu zuen. Halako batean hautatu egin beharrean izan zen familiaren osasun etxea edo unibertsitatea.

Osasun etxea ezin zuen utzi, familiaren legatua baitzen. Eta esan liteke unibertsitatetik bota egin zutela. Zirujau ospetsua zen, baina unibertsitateak ematen duen ospe soziala kendu zioten. Inoiz ez zen katedraduna izan, eta ezin izan zuen eratu bere zirujau eskola. Anaia Antonio errepublikano erbesteratua izan zen, baina Ramon hemen gelditu zen borrokan, jende askori babesa ematen eta laguntzen. Errepublikano erbesteratuaren figura oso erraz aitortzen da gizartean, baina hemen gelditu zirenek oso gaizki pasatu zuten.

Aliatuekin, diozu nobelan, gerrilla antifrankistak eta erakunde politiko klandestinoak egon ziren, ez frankistak.

Liburuak, lehen esan dudan bezala, lotu egiten ditu Galiziako historia eta Europakoa. Pozik sartuko nizkion mapa bat eta aurkibide onomastiko bat, baina ez nion saiakera itxura eman nahi, nobela bat baita. Horretaz gainera, oso ezagunak ez diren pertsona asko aipatzen ditut, Negrin, Casares Quiroga, Lister... Europaren eta Amerikaren historia dago eta, aldi berean, oso historia lokala.

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak esan berri du kezka duela gaztelania ez diren hizkuntza ofizialak berriz lingua franca bihurtuko ez ote diren.

Feijoori gertatzen zaiona da zipaio hutsa dela. Madrildik dator hara PPko presidentegai itzuliko delakoan. Baina Espainiako politikak ez du hola funtzionatzen. Rajoy Madrilen gelditu zen, eta han ibili zen, zezenketetara eta Bernabeura joanez. Ez doaz Feijooren alde egitera, zeren eta Madrilek bere hautagaiak baititu, eta ez dute onartuko abarkadun bat, are gutxiago galiziarra, mespretxuzko arrazakeria tipiko horrekin. Estatua madrildarra da, eta gorteko mintzoa du. Gainera, Rajoy magistratu baten semea da, eta horrek Feijook ez duen zilegitasun soziala ematen dio. Bera zipaio bat da galiziarren kutxak eta aurrezkiak eskualdatu zituena, industria saldu zuena... Galizia puskaka saltzen ari dena. Argia da, baina ez du eskrupulurik. Manuel Fragak [Espainiako ministro frankista izandakoa eta gero Galiziako presidente ere hautatua], begira zer zen hura, maitasun harreman bat zuen Galiziarekin berak ez duena. Feijoo bere klasea eta erroak abandonatu dituen zipaio bat da. Madrildar izatera iritsi nahi lukeen bat.

Voxek BNG legez kanpo uztea proposatu zuen. Zer da Vox, fenomeno politiko gisa?

Espainiar nazionalismorik muturrekoenaren adierazpidea. Estatu ideologia bat, Errepublikako gobernu legitimoaren aurka altxa ziren militarrez eratua. Ez da harritzekoa indar armatuek, poliziek eta epaileek begiko izatea. Finantza krisiaren ondoren, alderdiek sinesgarritasuna galdu zutenean eta gizartean desilusioa zabaldu zenean, hori Podemosek kapitalizatu zuen, eta Ibex-35ak erreakzionatzea erabaki zuen, hedabideetatik zabalduta aurrena Ciudadanos eta hurrena Vox. Baina Vox oso baliagarria da. Orain, erkidegoetan badira PSOEko parlamentariak Vox bezala mintzo direnak. Haien diskurtsoa legezko eta zilegi bihurtu da, diputatuak dituzte eta. Parlamentuan ordezkaritzarik ez zuenean, PSOEri interesatzen zitzaion telebistako debateetan izatea PP ahultzen zuelako.

Gauza franko idatzi duzu Espainiari buruz, huts egindako proiektu nazional gisa, Esparteroren, Primo de Riveraren eta Francoren beraren indarkeria behar dituena bere horretan irauteko. Hortik abiatuta, disidentzia politikoa «sediziotzat» har daiteke...

Espainiako Estatuaren sakoneko kultura militarra delako. Katalanen erantzunak, erronka zibil eta baketsua izan zenak, erantzun militarra jasan zuen estatuaren eskutik. Izan ere, probokazioarekin duen erlazionatzeko modua sadomasokista da: zigorra, beldurra, antsietatea. «A por ellos»[Ekin gogor] orro egiten dutenek sakonean beldurra dute. Estatuari desafio egitera ausartzen den norbait dagoelako, militarrak itzuliko direlako beldurra. Eta hori ez du inork esaten. Espainiar intelektualak ere isildu egin ziren, eta, izatez, konplize izan ziren. Ez zuten ezertxo ere esan estatuaren aurka, disidentzia baketsuari indarkeriarekin erantzun zionean. Horrela mailatu zuten jendea, eta mila lagunetik gora prozesatu.

Un señor elegante lanean aipatzen dituzun dinamiketako askok jarraitu dute ondoren ere. Zure artikuluetan, gaurkotasunarekin lotu ohi duzu historia.

Ramon Baltar hil zen urtean, otsailaren 23ko estatu kolpea izan zen. Erregeak Zarzuelara deitu zituen estatuko alderdien ordezkariak, salbu eta euskaldunak eta katalanak. Ez dakigu zertan jardun ziren han. Garai hartan gertatu zen, hala berean, Bartzelonako Banku Zentraleko lapurreta, agirien lapurretarekin zerikusia izan zuena. Otsailaren 23 hartako indarkeriak bat egiten du 36ko estatu kolpea abiarazi zuenekoarekin. Ondoren, NATOn sartzearena etorri zen, Europan... Baina, sakonean, lehengo bera da.

Estatuak berak independentismoa indartu zuen estatutua lurperatu zuenean.

Horrek erakunde arrakala ekarri zuen. Auzitegi Konstituzionalak botere legegilea baliogabetu zuen. Baliogabetu egin zuen Espainiako Parlamentuan hitzartu zutena (ez Kataluniakoan) eta katalanek berretsi zutena. Botere judiziala botoaren eta demokraziaren gainetik jarri zen. Eta hori PSOEk izendatutako epaile bategatik ebatzi zuten hala. Espainiartasunak alderdi guztiak zeharkatzen ditu. 75-76 urteetan, PSOEk autodeterminazio eskubidea babesten zuen... Hiru koloreko banderatik «hori-gorrira» pasatu zen, Riegoren ereserkitik Errege Martxara... Hauxe da dugun estatua. Podemosek har zezakeen beste jarrera bat, baina ongi asko ikusi dugu hemen alderdi zentralista eta espainolista dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.