Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna

Jaurlaritzak adierazi du hautesleek onetsi egin dutela haren jarduna

Nafarroako Gobernuak «kezkaz» ikusten du PSOEren eta C's-en artean ituna egiteko aukera. Arnaldo Otegik «irtenbide politikoak» eskatu dizkio PSOEri EH Bilduren eta ERCren babesaren truke

gotzon hermosilla
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak zeresan ugari ematen ari dira oraindik ere, eta eragile politikoak hasiak dira euren jarrerak eta ikuspegiak finkatzen. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak, Josu Erkoreka bere bozeramailearen bitartez, adierazi du hauteskundeetako emaitzak «sostengua» direla bere jarduerarako. «Jaurlaritza osatzen duten alderdiak indartuta atera dira hauteskundeetatik», azaldu du Erkorekak, «eta horrek esan nahi du herritarrek onetsi egiten dutela haren lana».

Oposizioko indarrak dira, Jaurlaritzaren ustetan, emaitzen argitara jarduera zuzendu beharko luketenak. «Erabaki behar dute ea jarraituko duten indarrak batzen Jaurlaritzaren jarduera oztopatzeko asmo bakarrarekin, edo nahiago duten elkarrizketa eta lankidetza jarrera eraikitzaileago bat hartzea», esan du Erkorekak

EAJk eta PSE-EEk hauteskundeetan gora egin izanak «are argiago» utzi du ez dela beharrezkoa Eusko Legebiltzarrerako bozak aurreratzea, Erkorekak esan duenez. Jaurlaritzak aurrekontuak aurrera ateratzeko izandako zailtasunak direla eta, azken asteetan ibili da zurrumurrua Iñigo Urkullu lehendakariak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeak aurreratuko ote zituen. «Eztabaida hori ez dago mahai gainean, eta orain, emaitzak ikusita, inoiz baino gutxiago», esan du Erkorekak.

Nafarroako Gobernua ere mintzatu da hauteskundeen emaitzez. Gobernuko bozeramaile Maria Solanak PSOE eta Pedro Sanchez zoriondu ditu lortu dituzten emaitzengatik, baina kezka azaldu du PSOEk gobernua osatzeko egin dezakeen itunaren inguruan. Ciudadanos alderdiarekin hitzartzea da aukeretako bat, eta «foruaren aurkaririkhandienarekin ituna egiteko tentazio hutsa edukitzea arduratzeko modukoa» da, haren esanetan.

PSOEk bakarka nahiago

Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Zelaak berretsi du azken orduetan indarra hartu duen hipotesia: «bakarka» gobernatzeko hautua hobetsiko dute, uste dutelako 123 diputatuko taldea «nahikoa» izan daitekeela horretarako, betiere unean uneko sostengua bilatuz gainerako taldeetan.

Beste eragile politiko batzuk ere mintzatu dira hauteskundeen ostekoaz. PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak bat egin du Zelaak eta beste zenbait buruzagi sozialistak adierazitakoarekin, eta esan du Sanchez gai izan daitekeela gobernua eratzeko 123 diputaturen babesarekin. «Agenda sozialeko gai askori buelta emateko gauza izan zen 84 diputatu zituela», adierazi du.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du koalizioak eta ERCk «jarrera berdina» izango dutela Sanchezen inbestiduraren aurrean, eta hori egongo dela Sanchezek egiten duen hautuaren baitan: «Guk eskatuko diogu arazo politikoei irtenbide politikoak emateko, presoen auziari heltzeko eta ezkerreko politikak egiteko», esan du.

Santos Cerdan PSNko diputatuak, berriz, esan du «pozik» jasoko luketela EH Bildu eta ERCren babesa, baina ohartarazi du «muga» Espainiako Konstituzioa dela, eta ez dutela autodeterminazioa edo independentzia babestuko. EAJrekin eta Unidas Podemosekin akordioak egiteko prest ere azaldu da, baina «zailago» ikusten du C's-en aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.