Barkosek legealdiko formula errepikatu nahi du, «zalantzarik gabe»

EH Bilduk azpimarratu du «aldaketan sakondu» egin behar dela, eta PSNk erabaki beharko duela laukoaren alde egin edo eskuinarekin bat egin. Txibiteren ustez, PSN izango da «bigarren indarra»

joxerra senar
Iruñea
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Hiru aste baino ez dira geratzen Nafarroako mapa nola geratuko den argitzeko, eta dena airean dago. Apirilaren 28ko hauteskundeen emaitzek baldintzatu dute egungo perspektiba, eta, hurrengo legealdian aldaketaren formula errepikatzeko aukerak urrundu direla ematen badu ere, iraganak erakusten du herritarrek ondo dakitela bereizten bi hauteskundeen artean. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k zein Ezkerrak ere legealdi honetako apustua errepikatzea lehenesten dute. Gainerako hipotesiak mahai gainean badaude ere, oso argi mintzatu zen atzo Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari eta Geroa Baiko hautagaia: «Datozen hauteskundeak eta gero, laukoak errepikatzea nahiko nuke, zalantzarik gabe». Borondate bera azaldu zuten EH Bilduko Adolfo Araizek eta Ezkerrako Marisa de Simonek.

Lau urteotan egindako lanaren ondorio nagusiak aurkeztu zituen atzo Barkosek. «Pozik» azaldu da, bai gizarte ongizateak bai eta garapen ekonomikoak ere izan duten bilakaera ona dela-eta. «Adierazle sozioekonomiko guztiek aditzera ematen dute orain dela lau urte baino askoz ere hobeto dagoela Nafarroa».

Barkosek gogora ekarri nahi izan du aurreko legealdian, bigarren atzeraldiaren ondorioei aurre egin ezinik, UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernua hautsi egin zela. Geroztik, Barcinaren exekutiboa ez zen gauza izan aurrekontuak aurrera ateratzeko. Barkosen ustez, «Nafarroak bizi izan zuen ezegonkortasun politiko hori amaitu da gobernu honekin». Mugarrien artean, honako hauek azpimarratu ditu: errenta bermatua, 2015-2019 eperako ekarpenaren kalkulua berritzea, osasungintzan itxarote zerrenden murrizketa, eta bake eta bizikidetza zuzendaritza sortzea.

Barkosen ustez, foru hauteskundeek ez dute zerikusirik apirilaren 28ko bozekin, Espainian eskuin muturra geldiaraztea egon baita jokoan. Duela bi aste, emaitza txarrak lortu zituen koalizioak, baina errotik aldatuko dela uste du. «Nafarroan, Geroa Baik beste posizio bat du, askoz ere garrantzitsuagoa. Errealitateak norabide hori adierazten du». PSNrekin akordioak egiteko prest ote dagoen galdetuta, Barkosek iragana ekarri du gogora: «Gobernu aurrerakoi bat osatzeko aukera izan duen bakoitzean, ez du egin. PSN beharrezko izan denean soilik posible izan da aldaketaren gobernu bat osatzea». Legealdi honetan, PSN ia gehienetan eskuinarekin lerratu dela gaineratu du.

EH Bilduko Adolfo Araizek argi du «aldaketan sakondu» behar dela: «Edo aurrera egiten dugu eskubideetan, zerga politikan eta gizarte politiketan, edo atzera egiten dugu». Araizen ustez, PSNk argitu beharko luke norekin hitzartu nahi duen: «Erabaki beharko dute aldaketa errepikatzea baimentzen duten edo eskuinak agintzea ahalbidetzen duen, baita haien botoak jasota ere. Ez dago aukera gehiago».

Marisa de Simonen ustez, Ezkerra da ezkerreko politiken bermea. «PSNk ez du giltzarik izango. PSNk erabaki beharko du aldaketaren gobernua babesten duen edo eskuinarekin bat egiten duen».

PSNko Maria Txibiteren arabera, «bigarren indarra» izango dira bozetan, eta hurrengo gobernuaren lidergoa euren eskuetan egongo da. «Pedro Sanchezek Espainian egin nahi duena egin nahi dugu Nafarroan: ezkerreko gobernu aurrerakoi bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.