Koronabirusa

Muturreko pobrezian utzi ditu izurriak 500 milioi lagun

Osasun arretak eragindako gastuekin lotutako krisi ekonomikoa 1930eko krisiarekin alderatu dute OMEk eta Munduko Bankuak

Egunkari saltzaile bat Johannesburgoko bere etxean. KIM LUDBROOK / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak ondorio ekonomiko larriak izan ditu munduan, 500 milioi pertsona muturreko pobrezian uzteraino. Osasun artak eragindako gastuekin lotutako krisi ekonomikoa 1930eko finantza krisiarekin alderatu dute OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta Munduko Bankuak. «Ez dago galtzeko denborarik. Gobernu guztiek ahalegina egin behar dute euren herritarrei osasun arreta eskuragarri egiteko. Horrek esan nahi du inbertsio gehiago egitea osasun eta gizarte arloetan», nabarmendu zuen herenegun Tedros Adhanom Ghebreyesusek, OMEko idazkari nagusiak. Osasun Arreta Unibertsalaren Egunean plazaratu zuten bi erakundeek oharra.

Lehendik ere milioika ziren osasun gastuen ondorioz muturreko pobrezian zeuden herritarrak, baina pandemiak larriagotu egin du egoera, jende askok lana galdu baitu edota ordaindu beharreko osasun zerbitzuak ugaritu egin baitira. Munduko Bankuko Osasun, Elikadura eta Herritarrentzako Bulegoko zuzendari Juan Pablo Uriberen esanetan, pandemia bera baino lehen, mila milioi pertsonak erabiltzen zituzten euren irabazien %10 osasun zerbitzuetarako. Nekazaritza eremuetan, egoera okerragoa da; izan ere, askok kilometroak egin behar dituzte medikuarenera joateko.

AEBak dira herrialde aberatsen artean doako osasun artarik ez duten gutxietako bat. Han gogor jo du pandemiak azken hilabeteetan, eta are zaurgarriago bilakatu ditu osasun aseguru pribaturik ez duten herritarrak. Indian ere, Pew Research zentroaren arabera, pandemiak erdiko klasetik kanpo utzi ditu 32 milioi herritar —egunean bederatzi eta hamazazpi euro artean irabazten dutenak leudeke erdiko klase deritzonean—.

Pandemia aurreko bi hamarkadetan, herrialdeek urratsak egin zituzten doako osasun arreta unibertsala bultzatzeko, baina pauso «ahulegiak» izan dira NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresen esanetan. 2019an, herritarren %68k jasotzen zituzten doan oinarrizko osasun zerbitzuak, besteak beste ugalketari lotutakoak eta GIBaren, tuberkulosiaren eta malariaren aurkako trata- menduak. «Hala ere, horrek ez ditu eskuragarriago bilakatu. Ondorioz, nekazaritza eremuetan bizi diren herritar pobretuenentzat oraindik zail da osasun arta jasotzea, ordainduta ez bada», kritikatu du Guterresek.

Osasun krisiak adingabeei eragin die gogorren, hala ere. Unicefek zabaldutako datuen arabera, bi urteotan ehun milioi haur geratu dira pobrezian, 2019an baino %10 gehiago. Erakundeak ohartarazi du egoerarik hoberenean ere zazpi-zortzi urte beharko direla pandemia aurreko egoerara itzultzeko. Krisia sakonagoa da garatzeko bidean dauden herrialdeetan; han bizi diren adin txikikoen erdiek gutxienez hutsune bat dute beren oinarrizko beharrizanetan, dela hezkuntzan, osasunean, elikaduran edo etxebizitzan.

Arrakala handiagoa

Muturreko pobrezian bizi direnen kopuruak gora egin duen moduan, handitu egin dira munduko aberatsek dituzten ondasunak ere. Munduko Desberdintasunei Buruzko Txostenean jasotako datuen arabera, %10 aberatsenen esku daude ondasunen %76; aldiz, %50 pobreenek dute ondasunaren %2; eta tarteko %40en esku daude ondasunen %22. Irabaziei dagokienez ere, aldeak handiak dira: %10 aberatsenentzat dira irabazien %52; eta soilik %8 geratzen da %50 pobreenentzat.

Lurraldeka, Latinoamerikan geratzen da agerien aberatsen eta txiroenen arteko aldea. Han, %10en esku dago aberastasunaren %77, eta %1 soilik dute %50 pobreenek. Aldiz, Europan banatuago dago ondasuna: %58ren jabe dira %10 aberatsenak, eta %4 dute %50 pobreenenek. Txostenaren egileen arabera, zerbitzu publikoak eskuragarriagoak izatea dago arrakala txikiagoa izatearen arrazoien artean. Bestalde, sexuak ere badu eraginik aberastasunen banaketan: 2015 eta 2020 artean, lanarekin lotutako irabazien %35 ziren emakumeentzat.

Iaztik, Munduko Bankuak 157.000 milioi dolar banatu ditu pandemiak eragindako kalte ekonomiko eta soziala arintzeko. Orotara, garabidean dauden ehun herrialdek jaso dute laguntza hori, hau da, populazioaren %70 biltzen duten estatuek. Estatu horiek nazioarteko erakunde horren laguntza baliatu beharko lukete orain koronabirus kasuak atzemateko, izurriari aurre egiteko txertoak erosteko, eta osasun arreta hobetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.