Bidaiatzea, errazago

Arrakasta handia izan dute Renfen doan bidaiatzeko abonuek Donostian. Abonuek ez ezik, billlabesako deskontuek ere harrera ona izan dute

Donostiako tren geltokia jendez lepo zegoen atzo. GORKA RUBIO/ FOKU.
Olaia L. Garaialde - Jone Arruabarrena
Iruñea - Donostia
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen iraila, eta, oporrak igarota, ohiko errutinara bueltatu ziren asko. Hala ere, ohi baino jende gehiago zebilen hara eta hona. Geltokia beteago, langile gehiago, eta normalean erdi hutsik egon ohi diren leihatilen aurrean ilara luzeak. Han-hemenka ikus zitezkeen kolore biziko kartelek ematen zioten azalpena egoera berriari: Renfe abonuak zioten letra handiz.

Izan ere, atzo sartu ziren indarrean Espainiako Gobernuak iragarri zituen garraiorako deskontu bereziak, eta abenduaren 31 arte iraungo dute. Pedro Sanchezen gobernuak zuzenean kudeatzen dituen garraio zerbitzuetan, Renfen kasurako, doan bidaiatu ahal izango da aldiriko trenetan eta distantzia ertainekoetan.

Abonua ateratzen zebilen geltokiko makinetan atzo Karmele Martinez, geltokiko langile baten laguntzarekin: «Noizbehinka erabili izan dugu orain arte, baina hemendik aurrera gehiago erabiltzeko asmoa dugu. Deskontuak animatzen du gehiago erabiltzera».

Lanpetuta zebiltzan geltokiko langileak ere. Horietako bat makinetan abonuak atera nahian zebiltzan erabiltzaileei laguntzeaz arduratzen zen. Izan ere, horretarako kontratatu dituzte langile asko, bazekitelako abonuak martxan jartzearekin batera erabiltzaile kopurua nabarmen hasiko zela. «Hemen egon behar dugu jendeari laguntzen, baina langile guztiok denetarik egiten dugu, bestela ez gara iristen horrenbeste jenderekin. Abonua gaurtik aurrera martxan jarri denez, atzo ikaragarria izan zen. Jendetza zegoen txartela lortzeko zain», zioen Renfeko langileak.

Trenaren errailen ondoan, bi emakume eta gizon batek harro erakusten zuten abonua esku artean, kameraren aurrean irribarre eginez. Guillermo Etxenike da erdian dagoen gizona, Espainiako Gobernuko ordezkaria Gipuzkoan. «Irunen bilera bat daukagu orain, eta, abonuak erabil daitezkeen lehen eguna denez, aprobetxatu dugu haraino autoan joan beharrean trenez joateko», dio Etxenikek. Abendutik aurrera abonuak luzatzeko aukeraz galdetuta, zalantza egin du: «Oraingoz, lehen eguna da, eta gero gerokoak. Ea elektrizitatearen prezioa jaitsi eta Ukrainako Gerra konpontzen den, eta horrela ez litzateke beharrezkoa izango horrelako laguntzak ematea».

Beste garraio mota batzuetan, autobusetan kasurako, bidaia ez da guztiz doakoa, baina badaude deskontuak. Izan ere, Gipuzkoako Lurraldebus zerbitzuetan, erdi prezioan bidaiatu ahalko da Mugi txartelarekin, eta, zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta handiagoa izango da deskontua. Donostiako autobus geltoki nagusian ohikoa da mugimendua, eta atzo ere jendez lepo zegoen. Hala ere, zerbitzu horretan deskontuak lortzeko abonurik atera behar ez denez, ez zegoen ezohiko ilararik. Bertan zegoen Pablo Martinez, autobusaren zain. Unibertsitateko ikaslea da Martinez, eta egunero erabili ohi du garraio publikoa: «Bidaia luzeagoak batez ere asteburuetan egiten ditut, autobusean itzultzen bainaiz gurasoen etxera. Deskontua oso ondo datorkit». Minutu batzuk barru iritsi da bere autobusa, eta bertara igo da.

Aurrezteko aukera

Hego Euskal Herri osoan izan dute eragina neurriek, eta Iruñean ere sumatu dituzte deskontuak. Iruñeko tren geltokian alde batetik bestera zihoan jendea, gehienak maletarekin. Leihatiletan jende gutxi zegoen, ia ez zegoen ilararik eta agudo zihoan jendea. Renfeko langileen arabera, abonu asko saldu dituzte, batez ere, Gasteizetik Zaragozara joateko.

Trenbide sarearen ondoan, trenaren esperoan Iñigo Saez zegoen eserita. Iruñetik Gasteizera joateko maiztasunez hartzen duenez trena, abonua eskuratu du: «Oso ongi dago, nik uste 40 euro inguru aurreztuko ditudala hilabetean». Saezek eskuratu duen abonua lortzeko 20 euroko bermea ordaindu behar da. Bidaia minimora iritsiz gero, dirua itzultzen dute.

Hortik gertu, maleta eskutan Iruñeko tren geltokian eserita zegoen Lierni Urdiroz. Gutxitan hartzen du trena: «Ez nekien deskonturik zegoenik, baina pozten naiz». Billabesa, Iruñerriko garraio publikoa, maizago hartzen du, bidaia mugagabeak dituen bonua dauka. 30 urtetik beherako gazteentzako da, eta deskontuarekin 25 eurotik 17,50 eurora jaitsi da.

Tren geltokiaren atarian billabesa hartzeko aukera dago; bertan Angel Labairu autobus gidaria zegoen ateratzeko prest. Bost pertsona sartu ziren, eta billabesa nahiko hutsik zegoen. Bus gidariaren arabera, jende aldetik ez du aldaketa handirik sumatu: «Hiru gauza elkartu dira: unibertsitatearen hasiera, neguko ordutegira pasatu garela eta deskontuak egin dituztela». Gaineratu zuen uste duela jendeak orokorrean ez duela deskontuen berri. Txartel arrunten eta aldi baterako txartelen gainean egiten da deskontua. Horrez gain, ordaintzean arazoak egon zirela esan zuen: «Makinak blokeatu dira».

Arazo teknikoakIruñerrian

Iruñeko mankomunitateak iragarri zuenez, zenbait billabesetako arazo teknikoengatik ez zuten bidaia guztietan deskonturik egin. Hala ere, eguerdian arazoa konpondu zuten. «Gehiago kobratu zaien erabiltzaileei automatikoki kendutako dirua itzuliko zaie», esan zuen Iruñeko Mankomunitateak.

Billabesa ohi bezala zegoela esan zuten bidaiariek. Denek aipatu zuten, egunero hartzen dutenez busa, kontent daudela. Horren adibidea, Laura Perez da. Egunero hartzen du billabesa ama zaintzeko: «Uste dut asko igarriko dudala, eta dirua aurreztuko dudala; azkenean, egunean bitan hartzen dut billabesa». Ondoan, semearekin, Rafaela Sanchez zegoen: «Alokairua oso garesti dago, apur bat lagunduko dit». Geldialdia eskatzeko botoia sakatu, eta autobusetik jaitsi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.