Igandekoa ez da foru hauteskundeen bigarren itzulia izan Nafarroan. Maiatzaren 28an, parlamentuko 50 legebiltzarkideak hautatu ziren, eta, oraingoan, Kongresuko bost aulki banatu dira. Ez da gauza bera, boto baliagarriak erakarmen handiagoa duelako. Horrez gain, testuingurua aldatu da, eta Moncloaranzko bidean aritmetika erraztu (edo oztopatu) dezaketen alderdiak indartu ditu, ezkerrean zein eskuinean. Alta, aurrera begirako analisian, azken urteetako bilakaera bezain garrantzitsua izan daiteke azken bi hilabeteetan gertatutakoa.
Jada ezer ez da berdin UPNrentzat, ezin baitu 2019ko aurreko egoerara itzuli. Navarra Sumaren aldeko apustuak zentzua izan zuen, eta haren hausturak ere bai, baina epe motzera begirako mugimenduen arriskua da luzarora ordaindu egiten dela faktura hori. Ekainean PPk eta UPNk egin zuten saiakera koalizioa osatzeko, baina iraganeko baldintza merkeak garestitu egin dizkio PPk oraingoan, eta haustura bigarren aldiz gauzatu da. Alta, igandean, errua batak besteari botatzeko sokatirak baino garrantzi handiagoa izan du botoaren baliagarritasunak. Izan ere, maiatzaren 28an eskuineko boto emaileek aise identifikatu zuten zein zen indar hegemonikoa, baina igandean ez, botoa erdibitu baita: Madrilgo gobernuari begira, askok nahiago izan dute jatorrizko bertsioa (PP) haren kopia (UPN) baino.
37 urtean lehen aldiz UPNk Nafarroako lehen indar politikoa izateari utzi dio, eta muturrekoak bata bestearen atzetik etorri dira: lehen postutik laugarrenera pasatu da; PPk lehen aldiz gainditu egin du; eta, hori gutxi balitz bezala, haien arerio antagonikoa, EH Bildu, eskuineko bi alderdien aurretik geratu da. Eta, hala ere, botila erdi beteta ikus dezake. Inkestaren batek ez zion diputatua ematen, eta Kongresuan bederen Alberto Catalanek ordezkaritza lortu du. Gainera, Senatuan Maria Caballeroren hautagaitzarekin asmatu dute: PPko eta EH Bilduko ordezkariek baino boto gehiago lortu ditu, eta azken txanpan Koldo Leoz Lizarrako alkate ohiari aurrea hartu dio. Ozta-ozta.
Eta hemendik aurrera, zer? UPN kale itsu batean dago. Nafarroako Jauregira iristeko bideak itxi zaizkio Esparzari. Dena den, kartaren batzuk jokatzen ahaleginduko da. Atzo, adibidez, etsi-etsian, Esparzak legealdiari begirako egonkortasuna proposatu zion Txibiteri EH Bilduk «erabakigarri izateari utzi» eta UPNk egun dituen udalei eustearen truke —Iruñeko Udala arriskuan ikusten al du?—. Dagoeneko udal boterearekin konformatzeak erakusten du etorkizuna oso beltz ikusten duela. Krisiaren hodeiak antzeman daitezke zerumugan.
PSOE garaile Nafarroan
Eskuinaren oparia ederki baliatu du PSOEk, eta 1986tik lehen aldiz Nafarroan irabazi egin du. Garaipen sinbolikoarekin batera, bi diputatu eta hiru senatari eskuratu ditu, eta bide batez zalantza oro uxatu du: PSNren bira politikoaren arkitektoak, Santos Cerdanek, PSOEren egitura federalean duen pisuari eusten dio, eta Nafarroan gobernua osatzeko apustua berretsi du emaitzak. Maiatzean baino 24.551 boto gehiago eskuratu ditu, ziurrenik Geroa Baik eta Sumarrek elikatuta. Hilabete bat geratzen zaio Maria Txibiteri gobernua osatzeko, eta hautu bat egin beharko du: beste bi bazkideekin eskuzabal jokatu, edo, nagusitasun horrek liluratuta, ahalik eta botere gehien lortzeko tentazioari bide eman.
Hauteskunde ziklo honi ekin aurretik, EH Bildu barruan bazekiten bere esparrutik harago gero eta herritar gehiagok begi onez ikusten dutela proiektua, eta haiekiko aurkakotasuna ere leundu egin dela. Horrek emaitzetan zer isla zuen jakitea falta zen. Maiatzaren 28an zein uztailaren 23an, koalizioak baieztatu du apurka gorantz egiteko joera ez dela geratu, eta aldi berean euren trinkotasun politikoari eutsi diotela. Nafarroan zein handik kanpo hainbat indarrek testuinguru politikoaren aldaketa nozitu duten bezala, EH Bilduri berdin zaio. Ez du nabaritu. Maiatzean baino 2.151 boto gehiago eskuratu ditu. Politikoki, batetik, Hego Euskal Herri osoan argi geratu da koalizioari eraso egiteko indarkeriaren komodina agortuta dagoela, ez dela apenas errentagarria. Bestetik, herritarrek ondo bereizi dute Iruñeko Udalean gertatutakoak ez duela zerikusirik izan EH Bildurekin, nahiz eta Geroa Bairen edo Zurekin Nafarroaren ingurunetik bestela argudiatu. Orain, Madrilgo negoziazio politikoan, Nafarroako hainbat eskaera jar ditzake mahai gainean, eta Txibiteren inbestidura ahalbidetzeko abstentzioari prezioa jarri.
Geroa Bairen muturrekoa
EH Bildu lasai dagoen bezala, Geroa Bai urduri dago. EAEn, jeltzaleek euren nagusitasuna kolokan ikusten dute, eta Nafarroan Geroa Baik luzarora bere proiektua du jokoan. Maiatzean, 16.663 boto galdu zituen: heren bat EH Bildura joan ziren eta beste bi herenak abstentziora. Espainiako hauteskundeak izaki, ia ezinezko zuen ezer eskuratzea. Alta, odolustu egin da. PSNra, Sumarrera eta EH Bildura joan zaizkio maiatzean bozkatu zutenetako asko. 2015ean, 30.500 boto eskuratzeko gai izan zen, baina ordutik deitu diren beste lau bozetan beherantz egin du nabarmen eta igandean behea jo zuen: 9.839 boz, eta eskuin muturrak ere aurrea hartu dio. Emaitza txar horiek eta euren boto emaileen aldakortasunak kezka eragin behar du ezinbestean. Ikusteko dago horrek nola eragin dezakeen datozen asteetako ezbaian: botere instituzionalari eutsi, nahiz eta posizio ahulagoan geratu; edo parlamentutik gobernua babestu, baina eskuak libreago izan bere profila markatzeko. PSN bakarrik agintzen uztea arriskutsua denez, logikaz, gobernuan egotea deliberatuko du, baina sozialistek oso estu hartuz gero, ezin da baztertu hordagoa botatzea.
Zurekin Nafarroak ere erabaki beharko du zer egin. Igandean, diputatua lortzea oso garesti zegoen, eta PSOEren dena gorrira mezuaren ondorioz kaltetuak ziren lurraldeetako bat izan da Nafarroa. Hala ere, eutsi egin dio. Ez du diputatua lortu, baina bai arnasa ematen dioten 43.000 boto.
Orain, etxeko lanak egiteko garaia da. Bost aste geratzen zaie akordio programatikoa hitzartu eta gobernua osatzeko. Bozek dena atzeratu dute; orain dena azeleratu beharko da. Oraindik bide luzea geratzen bada ere, Espainian hauteskunde errepikapen baten aukera egote hutsak are zailago egiten du ezein alderdik amildegi horretara eraman nahi izatea Nafarroako agertoki politikoa. Akuilu horrek baldintzatuko du dena.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Nafarroa. ANALISIA
Amildegia, akuilu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu