Gatazkaren ondorioak. Euskal presoak

Estrasburgok artxibatu egin ditu presoen zigorrak batzeko eskaerak

Eskaera horiekin aurrera ez jarraitzea erabaki zuten presoek. Ondorioz, auzitegiak ebatzi du ez dagoela arrazoirik aztertzen segitzeko

Euskal presoen aldeko mobilizazioa, joan den martxoan, Bilbon. A. LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak artxibatu egin du hamasei euskal presok egindako eskaera, Frantzian betetako espetxe zigorrak Espainian betetzen ari diren zigorrei kentzeari buruzkoa. Auzitegiak joan den urrian hartutako ebazpen batean du jatorri oraingo erabakiak. Orduan, Estrasburgon egoitza duen Auzitegiak ez zituen aintzat hartu beste hiru presok —Santiago Arrospide Sarasolak, Alberto Plazaola Anduagak eta Francisco Mugika Garmendiak— aurkeztutako eskaerak, eta berdin egin zuen aurtengo apirilean Kepa Pikabea presoak aurkeztutako eskaerarekin.

Hori ikusita, gainerako hamasei presoek Estrasburgoko Auzitegiari jakinarazi zioten ez zutela aurrera egingo aurkeztutako eskariekin. Beraz, auzitegiak ebatzi du ez dagoela arrazoirik eskari horiek aztertzen jarraitzeko, eta artxibatzea erabaki du.

Europako Batzordeak zuzentarau bat onartu zuen 2008an; horren arabera, Europako Batzordeko kide den edozein estatutan betetako zigorra aintzat hartu behar da beste estatu batean zigorra bete behar izatekotan, eta espetxean emandako denbora bigarren zigor horretatik kendu behar da, ez betetzeko zigorra bi aldiz.

Espainiarentzat ere bete beharrekoa zen aipatutako zuzentaraua, baina, hasiera batean, uko egin zion irizpide hori aintzat hartzeari Frantzian zigorra betetako euskal presoen kasuan. Azkenik, 2014an sartu zuen Espainiak zuzentarau hori bere legerian, baina aldi berean hainbat baldintza jarri zuen horretarako, praktikan ezinezko egiten zutenak euskal presoek zigorrak batu ahal izatea.

Erabaki horrek haien eskubideak urratzen zituelakoan, zenbait presok eskaera bat aurkeztu zioten Estrasburgoko Auzitegiari, baina orain arte auzitegiak ez ditu eskaera horiek aintzat hartu.

Honako hauek dira orain artxibatutako eskaerak aurkeztu zituzten presoak: Jose Javier Zabaleta, Iñaki Bilbao, Juan Luis Agirre Lete, Aitzol Gogorza, Jose Maria Arregi, Juan Carlos Subijana, Idoia Mendizabal, Ainhoa Barbarin, Balbino Saenz, Xabier Zabalo, Julen Atxurra, Josu Arkauz, Agurtzane Delgado, Oskar Zelarain, Andoni Otegi eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko. Azken hori da gaur egun libre dagoen bakarra.

Baimena Gorka Fraileri

Gorka Fraile Durangoko presoari (Bizkaia) hiru egunez espetxetik ateratzeko baimena eman diote, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Fraile El Duesoko espetxean dago (Kantabria, Espainia), bigarren graduan.

Ohikoa izaten da bigarren graduan dauden presoek espetxetik ateratzeko baimena izatea, baina ez euskal presoek, espetxe zaintzako epaileak atzera bota ohi dituelako horretarako eskaerak. Oraingoan, baina, espetxeko Tratamendu Batzordeak baimena eman dio Fraileri, eta Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak onartu egin du baimena.

Xabier Sagardoi izan zen irteera baimena lortu zuen EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko lehen kidea, iazko apirilean. Gaur egun libre dago.

Ainhoa Barbarin Urretxuko presoari (Gipuzkoa) ere bigarren gradua eman diote. Horretarako eskaera egina zuen, eta Picassenteko (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxeko Tratamendu Batzordearen oniritzia ere bazuen, baina Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Nagusiak ukatu egin zion gradu aldaketa. Haren abokatuek helegitea jarri zuten, eta orain Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak aintzak hartu du helegitea, eta gradu aldaketa eman dio.

Azkenik, AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi du Iñaki Bilbao Lezamako presoak (Bizkaia) espetxeko segurtasun zuzendariordearen bisita izan zuela duela gutxi, eta han esan ziotela aurrerantzean bakartze moduluan dauden preso guztiek eskuburdinak lotuta joan behar dutela galeriatik ateratzen dituzten bakoitzean. Puerto III espetxean (Espainia) dago Bilbao.

Bilbaok uko egin dio neurri horri, eta, AEMk esan duenez, horrek esan nahi du aurrerantzean ez duela senideen bisitarik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.