Blanco oroimenean

Miguel Angel Blanco PPko zinegotzi zena oroitu zuten atzo Ermuan (Bizkaia), ETAk hil zueneko 22. urteurrenean. ETAk bahitu egin zuen 1997ko uztailaren 10ean, eta, hura askatzearen truke, euskal presoak Euskal Herriratzeko exijitu zion Espainiako Gobernuari. Hark entzungor egin zion eskaerari, eta, bi egunera, talde armatuak hil egin zuen Blanco, tiroz, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Ekitaldi bat eta lore eskaintza egin dituzte Ermuan, haren oroimenez eraikitako monolitoan. Bertan izan dira, besteak beste, udal talde guztietako ordezkariak —haien artean zen EH Bildukoa—, Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria, Monica Hernando Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria, eta Fernando Buesa PSE-EEko buruzagi ohiaren alaba bat —ETAk hil zuen Buesa 2000n, Gasteizen—. Udalak Sotero Mazo ile apaintzailea ere omendu du —ETAk hil zuen, 1980an—.
Juan Carlos Abascal (PSE-EE) Ermuko alkateak adierazi duenez, ekitaldiaren helburua ETAren bi biktimen senideei eta lagunei elkartasuna adieraztea izan da, eta, hala, «haien mina pixka bat arintzea». Abascalek esan du ETAk «krudelkeria adierazezin eta harrigarriarekin» hil zuela Blanco, baina talde armatuak ez zituela bere helburu «totalitarioak» lortu, ezta Ermuko herriaren «duintasuna» apaltzea ere.
Alkateak indarkeriaren erabilera gaitzetsi beharra nabarmendu du. Haren esanetan, «zoritxarrez», pertsona eta talde batzuek «indarkeria justifikatzen segitzen dute, ustezko gatazka baten erantzun logiko modura». Uste du euskal presoak «heroi gisa» hartzen dituztela espetxetik irteten direnean, «omenaldietan». Abascalek ezinbestekotzat jo du iragana oroitzea eta «historia berriro errepika dadin» eragoztea.
PPren omenaldia, gaur
PPk gaur omenduko du Blanco, Ermuan bertan. Amaya Fernandez EAEko PPko presidentearen ustez, bere alderdiko kidearen hilketak aldaketa handia eragin zuen herritarren kontzientzian eta «terrorismoaren bukaerari aurre egiteko moduan».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.