Albistea entzun

Koronabirusa

Hegoaldeko herritarren %4,4k izan dute COVID-19a, ikerketen arabera

Orain arte atzemandako kasuak halako bost dira ikerketak emandakoak: 127.000 positibo
Gurutzetako ospitaleko ZIUko gela bat, atzo.
Gurutzetako ospitaleko ZIUko gela bat, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Garikoitz Goikoetxea -

2020ko maiatzak 14

Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak diseinatu eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gauzaturiko seroprebalentzia ikerketaren lehendabiziko datuak eman zituen atzo arratsaldean Espainiako Gobernuak, eta, horien arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %4,4k igaro izanen lukete jada koronabirusa. Ehunekoa biztanle kopurura itzulita, Hego Euskal Herriko 127.000 herritarrek pasatu izanen lukete jada COVID-19a; hau da, orain arte atzemandako kasuak baino bost aldiz jende gehiagok.

Estrapolazio bidez ateratakoa da datua. Izan ere, Hego Euskal Herrian 4.567 laguneko laginari egin diote proba guztira, ikerketaren lehenengo fasean. Aitzinago gehiagori ere egin beharko liekete, guztira 7.020 laguni egin behar baitiete proba Hego Euskal Herrian: 1.200 laguni Araban, 1.620ri Gipuzkoan, 2.040ri Bizkaian eta 2.160ri Nafarroan.

Koronabirusari aurre egiteko garatutako antigorputzak neurtzen ditu serologiako probak, eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ari dira horiek aurrera eramaten Hego Euskal Herrian.

Lurraldeka, Arabak dauka seroprebalentziaren ehuneko handiena: lurraldeko herritarren %7,2k ditu koronabirusari aurre egiteko antigorputzak (23.800 lagunek). Nafarroan, %5,8k (38.000 lagun); Bizkaian, %3,8k (44.900 lagun); eta Gipuzkoan, %2,8k (20.200 lagun). G immunoglobulina oinarri hartuta atera dira emandako datuok, baina kopurua handitu egiten da M immunoglobulina ere aintzat hartuz gero: Araban, biztanleen %8,1 lirateke positiboak; Nafarroan, %7,1; Bizkaian, %4,3; eta Gipuzkoan %3,7.

Antigorputzen azterketa egiteaz gain, proba egin duten guztiei galdetegi epidemiologiko bat betearazi diete, koronabirusaren sintomarik izan ote duten jakiteko. Horren datuak ere bildu ditu ikerketak, eta, horien arabera, Hegoaldeko biztanleen %14,5ek izan dituzte koronabirusaren seinale izan daitezkeen hiru sintoma edo gehiago: alegia, Hego Euskal Herriko 413.807 lagunek.

Orain arte 25.990 lagunek soilik eman dute positibo Hego Euskal Herrian koronabirusa detektatzeko probaren batean, eta ikerketa honen emaitzek nabarmen handitzen dute koronabirusa pasatu ahal izan dutenen kopurua. Datua estrapolatua da, dena den.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak, gainera, nabarmendu du seroprebalentziaren datuetatik ondorioztatu daitekeela ez dagoela «talde immunitaterik» oraindik, horretarako biztanleriaren %60koa beharko lukeelako izan kutsatuen kopuruak Espainiako Estatuko batezbertzekoa %5ekoa da—. Ministroak adierazi duenez, datuek baieztatu egiten dute ikerketaren hasieran egin zuten hipotesia, hau da, talde immunitaterik ezarena; eta azaldu du horren arabera prestatu dituztela konfinamendua arintzeko neurriak.

Umeen kutsatzeak, gora

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, haurrak kalera atera daitezkeenetik %45 handitu dira koronabirus kasuak 10 urtetik beherako umeen artean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hain justu, 29 kasu zeuden apirilaren 26an —kalera atera zitezkeen lehen egunean, eta atzo, berriz, 42 kasu positibo ziren jada. 10 eta 19 urte bitarteko ume eta gazteen artean are handiagoa da igoera: %64,6koa. Izan ere, apirilaren 26an 82 kasu ziren, eta atzo, berriz, 135 kasu positibo ziren. 20 eta 29 urte artekoen artean %48koa da kasuen igoera: 749 kasu positibo zeuden lehen, eta 1.108 daude orain. Igoera txikiagoa da 30 eta 39 urte artean: %39koa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

CO2 neurgailu bat Iruñeko taberna batean, airearen kalitatea ona dela adierazten. ©JESUS DIGES / EFE

Nafarroako Gobernuak baieztatu egin du ostatu barruak irekiko direla

Maria Ortega Zubiate

Astelehenetik aurrera izango da; gehienez edukieraren %30 erabili ahalko dute. CO2 neurgailuak jartzen badituzte, guztiz bete ahal izango dituzte establezimenduak
<b>Zalla. </b> Gertatutakoa salatzeko elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo Beltranen jaioterrian. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Beltran bilatzeari utzita, ardurak argitzeko eskaera gailendu da orain

Ainhoa Larretxea Agirre

Jaurlaritzak jakinarazi du eten egin dutela beharginaren bilaketa. Oposizioak, gehiengo sindikalak eta Zaldibar Argituk Jaurlaritzari eskatu diote bere ardura hartzeko
Jendea, maskara jantzita, Bilboko kaleetan paseatzen. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Astebetean %37 jaitsi dira positibo berriak Hegoaldean

Edurne Begiristain

Beste 463 kasu atzeman dituzte, eta %4,4 da positibo tasa. Urkulluk dio atzeratu behar izan diren ebakuntzak «aurki» berreskuratuko direla
Zaldibar Argituren elkarretaratzea, atzo, Bilbon, Joaquin Beltranen bilaketa bertan behera utzi ondoren. ©Monika del Valle / Foku

Bilaketa zaildu du gorpua non zegoen ez jakiteak

A.L.A

Gorpuzkien bilaketaren inguruko txostena aurkeztu du Jaurlaritzak. Adituek diote litekeena dela Beltranen gorpuzkiak disolbatuta egotea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna