Gimeno, eskola segregatzaileez: «Itunak ezin dira nahieran aldatu»

Nafarroako Gobernuak zentroekin adostutako «bide progresiboa» babestu du kontseilariak. 0-3 zikloan «urrats handiak» egin dituztela dio

Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe erlijiosoen auziak luze joko du. Atzo, Nafarroako Parlamentura iritsi zen eztabaida: Ezkerra koalizioko legebiltzarkide Marisa de Simonek Nafarroako Gobernua premiatu zuen eskola horiekin sinatuak dituen finantzaketa itunak bertan behera uztera, «legeak propio debekatzen baitu diru publikoz finantzatzea ikasleak segregatzen dituzten eskola unitateak». Aste honetan, Hezkuntzako Ikuskaritza Zerbitzuaren ikerketa batek egiaztatu du Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeek —Opus Deirenak biak— ez dutela ikasgela mistorik Batxilergoan; hau da, ikasleak gela eta eraikin bereizietan dauzkatela, sexuaren arabera.

Txosten hori argitara atera eta berehala, zentro horien finantzaketa publikoa etetearen alde azaldu zen PSNko Antolakuntza idazkari Ramon Alzorriz. Atzoko osoko bilkuran, ordea, galga zapaldu zuen Alzorrizen alderdikide eta Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok: «Espediente bat zabaldu eta araudia aplikatuko dugu, eta prozedura administratibo horren ondorioa baldin bada itunak bertan behera utzi behar direla, erabakia hartuko dugu».

Gimenok azaldu du bi ikastetxe horiek «era mailakatuan» ari direla sexu bazterketa alboratzen. Hala, Lehen Hezkuntzako finantzaketa ituna sinatu ahal izateko, hezkuntza mistoa pixkanaka ezartzeko konpromisoa hartu zuten Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxeetako arduradunek: iaz, LHko lehen mailan, eta aurten, berriz, bigarrenean ere; 2026-2027ko ikasturterako espero dute seigarren maila arteko ikasgela guztiak mistoak izatea.

Bigarren Hezkuntzako finantzaketari dagokion ituna, ordea, «LOMLOE indarrean sartu aurretik» sinatu zutela argudiatu du Gimenok, «eta ezin dira indarrean diren itunen arauak aldatu, edo nahieran eten, errekurtso hori epaitegietan galduko genukeelako ezinbestean». Horregatik, «hitzarmenak eteteko bide progresiboak» babestu ditu Gimenok.

Ezkerrako Marisa de Simonek, ordea, ez du azalpen hori ontzat eman: «Batxilergorako finantzaketa ituna 2022-2023ko ikasturterako da, eta LOMLOE legea 2020ko abenduan onartu zen». Legebiltzarkideak «oso larritzat» jo du kontseilariaren jokabidea: «Auzi honen aurrean, erantzun bakarra dago: ikastetxeek eredua aldatu ezean, hitzarmena bertan behera uztea. Ez baduzue erabaki hori hartzen, eskola segregazioa babestuko duzue».

Haur eskolak, zurrunbiloan

0-3 zikloko haur eskoletan eginiko hobekuntzak ere hizpide izan zituen Hezkuntza kontseilariak atzoko agerraldian. Haren esanetan, «aurreko gobernuen urteetako immobilismoa» eten du Maria Txibiteren gobernuak, hezkuntza ziklo horretarako aurrekontuak handituta. Zehazki, esan zuen gobernuak %31 igo duela 0-3 haur eskolentzako aurrekontua legealdi honetan, hamahiru milioi euroraino, eta gaineratu zuen matrikula tasak murriztu egin dituztela eta doakoak direla 20.000 eurotik beherako errenta duten familientzat.

PSN ez beste talde guztiek, ordea, ikuspegi kritikoagoa eman zuten. Hala, Navarra Sumako eledun Pedro Gonzalezek gogorarazi zuen bere koalizioak lege proposamen bat aurkeztua duela parlamentuan, «0-3 eskoletako lan baldintzak hobetzeko».

Geroa Baiko Maria Solanak Gimenori eta Hezkuntza Departamentuari leporatu zien 0-3 Plataformako langileei «entzungor» egitea: «Bildu zaitez langileekin, aztertu proposamenak eta negoziatu». Navarra Sumaren lege proposamenari buruz, Solanak esan zuen ez dela beharrezkoa lege bat, «baina bai itun bat, sinatua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua».

EH Bilduko Bakartxo Ruizek Navarra Sumari egotzi zion «salbatzaile» plantak egitea, «nork eta urteetan sektorea hondoratu duten horiexek». Gimenori leporatu zion «autokonplazentziaz» hitz egin izana. «Tarifak jaistea eta aurrekontuak handitzea ona da, baina nahikoa al da?», galdetu zuen. Urrats horiek, gainera, PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu, Ezkerra eta EH Bilduren artean adostu zituztela gogorarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.