«Eraldaketa» xede, Lanbide Heziketaren plan berria onetsi dute

513 milioi euro inbertituko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketan. Trebakuntza eta enpresen premiak lehenetsiko dituzte

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak Lanbide Heziketaren VI. Plana onartu du. Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Confebaskek, sindikatuek —CCOO eta UGT—, eta hainbat ikastetxe publiko zein pribatutako ordezkariek osatzen dute Euskal Kontseilua; atzo, batzarra egin zuten Gasteizen, eta «aho batez» babestu zuten datozen hiru urteetarako Lanbide Heziketaren bide orria. 513 milioi euro inbertituko dituzte planak jasotzen dituen neurriak garatzeko.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu zuenez, plan berriak «argi» finkatzen du datozen urteetarako ikuspegia. Lau «dimentsio» aintzat hartuko ditu plan berriak: pertsonak, teknologia, jasangarritasuna eta sistema osoa hartzen duen dimentsioa. Bildarratzek esplikatu zuen planaren helburua dela «giza garapen iraunkor eta inklusibo baterantz» aurrera egitea, pertsonen «talentua» sustatuz eta «ikasketa eredu aurreratuenak» txertatuz. Planaren bitartez lortu nahi dute Lanbide Heziketa «eraldaketa» eta «berrikuntzako» eragile bilakatzea, enplegagarritasuna hobetzeko, enpresei lehiakortasuna handitzeko bidean laguntzeko, eta garapen iraunkorra sustatzeko.

Gaur egun, 45.000 ikasle inguruk ikasten dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako zentroetan. Ikasle horien prestakuntzari begira teknologian sakontzeko premia jaso du planak, bai eta enpresen beharrei erantzutea ere. Eskutik baitoaz Lanbide Heziketako ikasketak eta enplegua, Bildarratzen arabera. Horren erakusgarri, hurrengo datua eman zuen: Lanbide Heziketako ikasketak egin dituzten hamar ikasleetatik bederatzik lortzen dute lana, batez beste.

Prestakuntza «humanista»

Teknologiak, digitalizazioak eta sistema adimendunetan oinarritutako ereduak baldintzatutaLHgongo dira lanbide heziketaren plan berriak hurrengo hiru urteetarako ezarri dituen erronkak. «Datozen hogei urteetan, aldaketa disruptiboen lekuko izango gara, orain arte ezagutu dugunarekin zerikusirik izango ez duen mundua eratuko baitute. Disrupzioa, konplexutasuna eta ziurgabetasuna lagun izango ditugu».

Ikasleak trebatzeko erronkari ere helduko dio plan berriak. Bildarratzen esanetan, trebakuntza funtsezkoa izango da ikasleak eraldaketara egokitu daitezen eta errealitate berriak eskatzen dituen gaitasunak gara ditzaten. Bide horretan, eta digitalizazioak eta adimen artifizialak duten «potentzial handiari» aurre egin ahal izateko, plan berriak prestakuntza «humanista» ere aintzat hartuko du. Hori guztia garatzeko, ikastetxeak ere «eraldatu» beharko dituzte, Bildarratzen hitzetan.

Lanbide Heziketaren VI. Plana onetsi izana albiste ona dela azpimarratu zuten eragile guztiek. Nora Amorena Ikaslan elkarteko kideak nabarmendu zuen «akuilu» izango dela lanean jarraitzeko eta «transformazio digitalaren inguruan datozen eraldaketei» heltzeko. Confebaskeko zuzendari Eduardo Aretxagaren esanetan, berriz, aurreko planen bitartez «eraikitakoa sendotzeko»balio izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.