Euroeskualdeak aurten 1,2 milioi bideratuko ditu proiektuetara

Mugaz gaindiko proiektuak bultzatzeko dirua %20 handituko du. Lankidetzaren garrantziaz jardun dute Barkosek, Roussetek eta Urkulluk

Alain Rousset, Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu, atzo, mahaiaren buruan. BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Europa egonezin iturri da. Brexit-arekin azkenik zer gertatuko den ez dago jakiterik, eta datozen maiatzeko hauteskundeetan eskuin muturreko alderdiek gora egin dezakete. «Utz diezaiogun geure herritarrei Europa gaizki doala esateari», aldarrikatu zuen atzo Alain Roussetek, mehatxuen aurrean. Akitania Berriko presidenteak, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hiru lurraldeen arteko euroeskualdearen garrantzia azpimarratu zuten, atzo. Iruñean batzartu ziren, eta, besteak beste, mugaz gaindiko proiektuak sustatzeko aurrekontua %20 handitzea onetsi zuten: 1,2 milioi euro jarriko dituzte, guztira.

Batzarra amaitu ondotik, komunikabideen aurrean, hiru gobernuetako goi karguek argazki instituzionala egin zuten, Nafarroako jauregiko tronuen aretoan. Areto erdian, Nafarroako armarria duten bi besaulki nabarmentzen dira eta, antza, Espainiako erregeak eseri ohi dira soilik. Argazki saioa amaituta, protokoloa hautsiz, Rousset besaulki horietako batean eseri zen, eta Barkosek irribarrez esan zion ezin zuela.

Ondorengo prentsaurrekoan, euroeskualdearen garrantzia azpimarratu zuten hiru agintariek. «Hirurok sinetsita gaude euroeskualdearen beharraz. Etorkizunera begira, balioko du erakargarria izateko, zerbait sendoa eraikitzeko eta, batez ere, Europako beste erakunde batzuen ezintasunaren aurrean erronkei aurre egiteko. Auzia ez da zein den euroeskualdearen etorkizuna, baizik etazer rol jokatuko duen», adierazi zuen Barkosek.

Iñigo Urkulluk azpimarratu zuen EBren proiektua «behetik gora» eraiki beharra dagoela, eta horretarako funtsezkoa dela herritarrek euren egunerokoan eragin ona nabaritzea eta, batik bat, parte hartzea: «Estatuek osatutako klub bat ez, baizik eta Europako herritarren artean partekatutako proiektu bat izan beharko luke, eta, horretarako, eurek exijitatutako eskaerei erantzuna eman behar diete erakundeek eurek». Horregatik, Urkulluk uste du «ona» dela herritarrengandik gertuagoko euroeskualdeen egiturak izatea.

Roussetek gaineratu zuen Europaren inguruan ezkortasuna hedatzeari utzi beharko lioketela, eta nabarmendu euroeskualdeak bultzatutako proiektuak «Europari esker» izango direla.

Berez, euroeskualdeak aurten 3,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta horietatik 1,2 milioi mugaz gaindiko proiektuak finantzatzeko baliatuko dira. Diru horrekin, guztira, hiru lurraldeetako 30 proiektu inguru bultzatzen dituzte. Horrez gain, beste hiru proiektuk Europako finantzaketa jasotzen dute: bata, mugikortasunari buruzkoa; bestea, eleaniztasun eta irakasleen garapenari buruzkoa; eta hirugarrena, enpleguaren ingurukoa. Halaber, ikasleentzako bekak ere sustatzen ditu euroeskualdeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.