Homeopatia ez dute diru publikoz ordainduko Ipar Euskal Herrian

Egun, Frantziako Gobernuak bere gain hartzen du produktu homeopatikoen kostuaren %30

Homeopatia ez dute diruz lagunduko Iparraldean 2021etik aurrera. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Homeopatiaren etorkizuna kolokan dago Ipar Euskal Herrian. Egun, Frantziako Gizarte Segurantzak bere gain hartzen du produktu horien kostuaren %30, baina Frantziako Osasunaren Goi Agintaritzak argitaratutako txosten batek aldaketak ekarri ditu: homeopatia diru publikoz ez laguntzea aholkatu zuen agintaritzak, ez dagoelakoan produktu horiek eraginkorrak direla frogatzen duen oinarri sendorik, eta gobernuak kasu egingo dio.

Agnes Buzyn Frantziako Osasun ministroak jakinarazi du erabakia: 2021etik aurrera, produktu homeopatikoak diru publikoz ordaintzeari utziko diote. Buzynek berretsi du agintaritzaren aholkuei jarraitzea onetsi duela, eta, hala, Gizarte Segurantzak homeopatiaren laguntzak ezabatzeko prozesuari ekingo diola. Dena den, prozesua progresiboa izango da: 2020an, kostuen %15 ordainduko ditu estatuak. Iaz, produktu homeopatikoak finantzatzeak 126 milioi euroko kostua izan zuen.

Frantziako Gobernuak 1984tiklaguntzen du homeopatia diru publikoz, eta egun 20.000 aditu inguruk lan egiten dute arloan. Indiaren atzetik, Frantzia da produktu homeopatiko gehien kontsumitzen duen estatua, eta bertan dago merkatu horretako laborategirik garrantzitsuenetako bat: Boiron. Enpresa hori erabakiaren aurka agertu da: prentsa ohar batean adierazi du «ulertezina eta zentzugabea» dela. Boironen arabera, biztanleen erdiek baino gehiagok kontsumitzen dituzte produktu homeopatikoak.

Horregatik, Buzynek neurria progresiboki ezartzea erabaki du, bezeroek eta industriak berak antolatzeko tartea izan dezaten. Ministerioak ohartarazi du ez duela asmorik produktu horien erabilera galarazteko.

Hegoaldean, arautua

Hego Euskal Herrian homeopatiak ez du inolako diru laguntzarik jasotzen, eta ugariak dira haren aurkako jarrerak. Azaroan, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak Osasuna pseudozientzietatik babesteko plana aurkeztu zuen, «pseudozientziek» izan ditzaketen arriskuak saihesteko, tartean homeopatia. Planak pseudoterapia gisa definitzen du «eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko ebidentzia zientifikorik ez duen substantzia, produktu, jarduera edo zerbitzu oro», eta horiek osasun arlotik erretiratzea da helburua. Gainera, «publizitate engainagarria» ere saihestu nahi du, eta irakaskuntzan ere eragin nahi du: «ebidentzia zientifikorik ez duen jarduera oro unibertsitateetatik baztertzea» proposatu dute.

Halaber, iazko maiatzean, Espainiako Osasun Ministerioak produktu homeopatikoak arautu zituen, Europako Batasuneko aginduei jarraituz. Europako Batzordeak produktu horiek botika gisa onartu zituen, eta farmazietan saltzeko arautuak egon behar zutela agindu zuen. Hala, saiakera klinikoak egin zizkieten produktuei, osasun segurtasunaren irizpideak betetzen zituztela ziurtatzeko, eta botika gisa saldu ahal izateko. Urrian jakinarazi zuen ministerioak 2.008 produktuk gainditu zituztela segurtasun eta kalitate kontrol horiek. Segurtasun neurriak gainditu ez zituzten produktuak merkatutik kentzeko agindua eman zuen.

Zenbait desadostasun zirela eta, Madrilek produktu homeopatikoen legea aldatzea galdegin zion Europako Batzordeari abenduan, baina Vytenis Andriukaitis Osasun komisarioa aurka agertu zen: argudiatu zuen Europako beste herrialdeek ez zutela kexarik azaldu, eta berretsi zuen homeopatia babesten zuen legea «ondo» zegoela zegoen bezala, eta beraz aldaketarik ez zutela egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.