Suak itzali nahian hasi da konbentzioa

EAEko PP «suminduta» dago Alvarez de Toledoren hitzekin. Alfonso Alonsok erantzun dio konstituzioak foruak babesten dituela

EAEko PPko kideak, atzo, Gasteizen, konbentzioaren hasierako ekitaldian. ENDIKA PORTILOO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Inor gutxik imajinatu zezakeen Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak suak itzali beharko zituenik bere alderdiaren konbentzioa hastearekin bat. Baina Cayetana Alvarez de Toledo PPk Kongresuan duen bozeramaileak EAEko PPren aurka ostegunean egindako adierazpenek lurrikara eragin dute alderdian, eta kolokan jarri PPren zuzendaritzaren eta EAEko popularren artean lehendik ahulak ziren harremanak. Alonsok lurrikara apaldu behar izan du batzarra hasi baino lehen, eta foralismoaren defentsa eta EAEko alderdiaren ezaugarri propioak goretsita egin du.

EAEko PPk atzo arratsaldean hasi zuen «norabide propioa» finkatzeko xede duen biltzarra, Gasteizen, baina begirada guztiak Genovari so ziren. Izan ere, bezperan Alvarez de Toledo bozeramaileak gogor jo zuen Alonsoren alderdiaren aurka. «Oso larritzat» jo zuen EAEko PPk foruak babestea eta izaera propioa nahi izatea, eta Alonsori gogoratu zion Espainiako Konstituzioa dela «espainiar guztien berdintasunaren» bermea. Areago, PPko bozeramaileak kritikatu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPk «epelkeriaz» jokatu izan duela abertzaleekin, hauteskunde etekinak lortzeko.

Adierazpenok ondoeza eragin dute EAEko PPn. Konbentzioaren aurretik Alonso elkarrizketatu dute Radio Euskadin, eta esan du kide asko «suminduta» daudela Alvarez de Toledoren hitzekin. «Urteetan borrokatu diren PPko kide asko minduta daude ulertu ezinagatik, baina gu gure ideiekiko leialak gara, adinez nagusiak, eta Euskadin adiskidetzea bilatu nahi dugu, baita Espainian ere».

Hala ere, Alonso ur nahasiak baretzen saiatu da. Alvarez de Toledoren hitzak akatsa direla uste duen arren, esan du ez diola eskatuko zuzenketa bat, bere asmoa ez delako alderdi barruko kide batekin ika-mikarik izatea. Alonsok berretsi du EAEko PPk «nortasun propioa eta bereizia» duela, nahiz eta batzuek «kargu hartzen» dieten horregatik. Eta foruen defentsa egin du, gogoratuta Espainiako Konstituzioaren xedapen gehigarriak eskubide historikoak babesten dituela eta ETAren indarkeriaren ondoren foruak direla tresna «adiskidetzea» lortzeko.

Sortutako polemikan PPren zuzendaritzaren babesa duela azpimarratu du Alonsok, eta jakinarazi du Pablo Casado presidenteak elkartasun mezua bidali diola. Gaur eguerdian, haren babes publikoa jasoko du Alonsok Gasteizen, konbentzioaren amaiera ekitaldian. «Pelikula ez da amaitu. Casadok konbentzioa itxiko du, eta ziur gaude haren babes argia jasoko dugula», ohartarazi du.

Gordinago mintzatu da Borja Senper Gipuzkoako PPko presidentea. Uste du Alvarez de Toledok esandakoak «akats larria» direla: «Guk odolez eta malkoz ordaindu dugu konstituzioa eta Espainiaren ideia Euskal Herrian defendatu izana; batzuk moketa erosoen gainean ibiltzen ziren bitartean, guk bizitza jokatzen genuen hemen elkarbizitza defendatzen».

EAEko PPren bozeramaile Laura Garridok ere hitz egin du ika-mikari buruz. «Harrituta» eta «atsekabetuta» agertu da Alvarez de Toledoren hitzekin. Esan du EAEko PPren ibilbidea «ezaguna» dela, eta halako adierazpenek erakusten dutela Alvarez de Toledok ez duela ezagutzen «Euskadiko errealitatea». Halaber, gogoratu du foru eskubideak konstituzioan jasota daudela.

PPren babesa

Casado gaur agertuko da Alonsoren ondoan, Gasteizen, eta espero da hari babes publikoa azaltzea, baina, atzo, PPren zuzendaritzaren elkartasun mezua Pablo Montesinos PPren Komunikazio idazkariordearen ahotik etorri zen. Hark ukatu egin zuen Madrilgo zuzendaritzaren eta EAEkoaren arteko inolako desadostasunik, eta konbentzioa prestatzeko ere komunikazio «ona» egon dela azaldu zuen. «Bi zuzendaritzen arteko erabateko koordinazioa dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.