Frantziako Gobernuaren erabaki «linguizidak» salatuko dituzte Parisen

Euskal Konfederazioak deitu du hilaren 30ean hainbat hizkuntza gutxituetako ordezkariek egingo duten mobilizaziora. Hezkuntza Ministerio parean da, Blanquer ministroaren erabakiak kritikatzeko

Euskal Konfederazioko ordezkarien agerraldia, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
arantxa iraola
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Ikasgaien erreforma lizeoetan, Batxilergoaren erreforma, brebeta azterketa ezin osoki euskaraz egin...». Euskalgintzako eragileen arabera, horiek adibide batzuk besterik ez dira, baina, oro har, Frantziako Gobernuko Hezkuntza ministro karguan Jean-Michel Blanquer denetik, «gogortu» egin dira «lurralde hizkuntzen» kontrako erasoak, eta Euskal Herrian ere agerikoak dira ondorioak: «Erabaki politiko horien desmasiak sentitzen dira». Horregatik, Euskal Konfederazioan atzo goizean egindako agerraldi batean, dei egin zuten beste hainbat hizkuntza gutxitutako ordezkariekin batera antolatuta egingo duten mobilizazio batean parte hartzera. Hilaren 30ean izango da, Parisen, 11:00etan. Gobernuaren bihotzetako baten aurrean egingo dute protesta: Hezkuntza Ministerioan. «Izan ere, egiazko linguizidioa da Frantziako Gobernuak daraman politika».

Protesta, zehazki, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak antolatua da. Euskararen alde ari diren eragileez gain, bertan daude, halaber, estatuan mintzatzen diren gainerako «lurralde hizkuntzen»sustapenean ari diren taldeetako hainbat ordezkari: bretainiarrak, korsikarrak, okzitaniarrak, katalanak, alsaziarrak... Propio mobilizaziorako deia egiteko atondu duten oharrean adierazi dute «desagertzeko arriskuan» daudela Frantziako agintariek usu indarrean jartzen dituzten politiken ondorioz, eta ezinbestekoak direla neurri eraginkorrak hizkuntzak hauspotzeko eta defendatzeko. Aldarri hori ozendu nahi dute Parisen.

Atzo agerraldian elkartu ziren irakaskuntza arloko elkarteak —euskaraz edo ele biz diharduten sareetakoak— eta euskalgintzako hainbat ordezkari. Frantziako Gobernuaren politikek dakartzaten arazoen adibide zehatzak jarri zituzten. Lizeoetako irakasleen eta Batxilergoaren antolaketaren erreformek, batetik, zailtasun handiak ekarri dituztela gogoratu zuten. «Erreforma berriarekin, euskara zuzenki sartzen da konkurrentzian beste ikasgaiekin», esplikatu zuten. «Lehian ezartze horrek euskara kaltetzen du».

Murgiltzearekin arazoak

Badira arazo gehiago ere, berriki albiste hainbaten iturburuizan direnak. Izan ere, murgiltze gelak esperimentazio gisa irekitzeko eskaerak oztopatu ditu Hezkuntza Ministerioak hainbat udalerritan, eta azkenean guraso eta irakasleen mobilizazioari eskerzenbait ikasgela zabaldu badira ere, trabak jartzeko joera agerikoa antzeman dute gobernuaren partetik. Adituen irizpidearen kontra. «Izan ere, hezkuntzako profesionalen iritziz, murgiltze eredua da eredurik hoberena ikasle batek bere hizkuntza beregana dezan», gogoratu dute euskalgintzako ordezkariek.

Aspalditik hor dauden beste eragozpen batzuk ere gainditzeko daudela nabarmendu dute: «Brebetari eta Batxilergoari dagokionez, adibidez, ikasgaiak euskaraz paratzeko trabak urterokoak dira». Protesta ugari egin dituzte hezkuntzako eragileek horiek salatzeko, baina Parisera bertara joanda, ozendu egin nahi dute kexua. Izan ere, arazo horiek guztiak hizkuntza politika desegoki baten ondorio direla argi dute. «Blanquer ministroak eta gobernu honek euskara bezalako tokiko hizkuntzekiko duten mespretxua eta horiek desagerrarazteko duten asmoa frogatzen dute».

Mobilizazioan parte hartzeko autobusak jarri dituzte Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan. Zehazki, Hendaian, Donibane Lohizunen, Lartzabalen, Kanbon etaBaionan hartu ahal izango dira autobusak. Hilaren 29ko gauean aterako dira: itzultzea mobilizazioaren egun berean izango da, Euskal Herrian gauerdi aitzin izateko eran. Euskal Konfederaziora jo behar da izena emateko. Azaroaren 20ra artekoa da epemuga. Joatera deitu dute: «Politika horiek salatzeko eta euskaraz ikasteko eta irakasteko eskubidea aldarrikatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.