Koronabirusa

Lanaren parte dute ezinegona

Hainbat sindikatuk zalantzan jarri dute koronabirusari aurre egiteko neurrien egokitasuna

Langileak protestan, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Osakidetzak berandu eta gaizki erantzun du». ELA eta LAB sindikatuek kexua zabaldu zuten atzo Gasteizen, Txagorritxuko erietxe aurrean; salatu zuten osasun sistemak koronabirusari aurre egiteko hartu dituen neurriek ez dutela era egokian bermatu langileen segurtasuna. «Ebaluazioa, planifikazioak, trebakuntza, informazioa eta protokoloak ez dira egokiak izan». Urte askoan murrizketak egin eta gero, osasun sistema «ahulduta» dagoela deitoratu zuten, eta horrek areagotu egin dituela krisi honi aurre egiteko zailtasunak. Birusari aurre egiten laguntzeko lubakiaren lehen-lehen lerroan egon behar dute, eta egoerak kezka eragiten die.

Zeresana eman du, esaterako, Txagorritxun eri atzeman zuten lehen medikuaren kasuak; izan ere, sindikatuen arabera, halakoetarako ezarritako protokoloa ez zen ongi martxan jarri orduan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak irmo gezurtatu ditu kasu horri buruz esandakoak, baina ELAko ordezkari Esther Saavedrak eutsi egiten dio lehengo astean egin zuten salaketari. «Langile hori egon zen lanean 8-9 egun inguru sintomekin», deitoratu du. «Guk esaten dugu, beraz, protokolo hori ez zegoela ondo diseinatuta». Areago ere badoaz kritikak: «Oso berandu egin dira gauzak; esaterako, hasi ziren masiboki trebakuntza ematen ja gaitza hona heltzean». Eta behargin guztiak aintzat hartu gabe: «Langile kategoria asko daude. Seguruenik mediku batek baliabideak izango ditu gaixotasunari aurre egiteko. Baina atarian, adibidez, administrari bat egon ohi da...». Hortik aldarria: «Lantalde guztiek trebakuntza jaso behar dute. Eta trebakuntza bermatu behar da, baita ere, azpikontratatuentzat. Esaterako, ni box batean egon banaiz erituta, eta gero garbiltzaile bat badator hura garbitzera, bermatu behar da pertsona horren osasuna».

CCOO sindikatuak ere salatu ditu antzeko gabeziak egunotan; birusa atzemateko testak egiteko orduan «akatsak» egon direla esan du, eta hainbat «kategoriatako» langileei ukatu egin zaiela azterketa egiteko aukera: esaterako, erizain laguntzaileei eta zeladoreei trabak jarri dizkietela adierazi du. Zeladore baten kasua kontatu dute, adibidez, zeinak, CCOOren aburuz, lau aldiz eskatu behar izan baitzuen testa egiteko, eta ja sintomak oso aurreratuta zituela egin zioten: zaintza berezietako unitatean sartu behar izan zuten zuzenean. LABen ere medikuez aparteko kategorien egoerarekin kezkatuta daude. Hara Bea Aranzastik lehengo astean ikusitako kasu hau, garbitzaile batena: «Galdakaon paziente bat hil zen, eta 70 langile-edo etxera bidali zituzten, haren inguruan ibili baitziren. Garbitzaile hari, berriz, esan zioten ezetz, bueltatzeko; ordu laurden bakarrik egin zuela eriaren ondoan, eta buelta zitekeela lanera». Kritikagarria deritzo. «Izan ere, langile azpikontratuak ere babestu behar dituzte». Trebakuntza, gainera, oro har aski urria izan zela dio: «Hasi zen, gainera, berandu».

«Hankaz gora»

Osakidetzako hainbat medikuk ere onartu dute ezinegonaren hegian sentitzen direla maiz. «Dena hankaz gora dago», zioen lehengo astean Arrasateko erietxeko (Gipuzkoa) mediku Iñaki Peñak. Gertu dute Gasteizko Txagorritxu erietxea; kutsatu egin dira han hainbat mediku, beste asko bakartu egin behar izan dituzte, eta horren eragina sumatzen ari dira. «Baina, nire aldetik, ez da kritika bat. Hau kudeatzea oso zaila da». Badaki, gainera, luzerako dela: «Hilabeteetako kontua izan daiteke». Sistemaren partetik, ordea, medikuekiko kezka igartzen dutela esan du. «Hasieratik ari dira goitik gu ongi zaintzen, gu ez erortzeko». Lankideen artean, ordea, «urduritasuna» ere badela esan du; ez da egoera erraza.

Donostiako Ospitalean ari da Felix Zubia. «Plana da birusa ahalik eta motelen zabaltzea», azaldu du. «Izan ere, arrisku handiena da osasun sistemak gainezka egitea». Beren arlora trebakuntza heldu dela esan du. «Baina, bestela ere, gu gure arloan oso ohituta gaude antzeko gaixotasunetara», azaldu du. Onartu du ezin duela esan zer jazo den beste kategoriekin : «munstro» bat da Osakidetza, oso handia bertan jazotzen den guztiaz jabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.