Sarek eta Etxerat-ek mobilizatzeko deia egin diote euskal gizarteari

Elkarrekin deitu dute azken ortziraleetako mobilizazioetara. Urrats handiagoak eskatu dituzte

Etxerat-ek eta Sarek atzo egindako agerraldiaren ondoko protesta, Gasteizen. GOTZON ARANBURU / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Etxerat-en eta Sareren ustez, «bizi dugun unean merezi du ahaleginak batzeak», eta, hori dela eta, azken ortziraleetako presoen aldeko protestetara elkarrekin deitu dute bi taldeek —atzo egin zuten—. Patricia Velez Etxerat-eko bozeramaileak eta Joseba Azkarraga Sarekoak agerraldia egin zuten atzo Gasteizen, eta gizarteari protesta egiteko deia egin zioten, horrek duen garrantzia azpimarratuta: «Euskal gizartea da estatuak eta gobernuak mugiarazten dituen motorra».

Etxerat-ek eta Sarek adierazi dutenez, «itxaropena» dute azken hilabeteotan Espainiako Estatuko espetxeetan izan diren mugimenduak salbuespen egoeraren «amaieraren hasiera» izanen direla. BERRIAren azken zenbaketen arabera, 2018ko ekainetik 93 euskal preso Euskal Herriratzea edo hurbiltzea iragarri dute jada —mugimendu horietako batzuk oraindik ez dituzte gauzatu—. Nolanahi ere, presoen aldeko taldeek berriro ere azpimarratu dute hurbiltze horiek ez direla nahikoa: «Preso horietako gehienak ehunka kilometrora daude oraindik, hemezortzi presok espetxean jarraitzen dute gaixotasun larriak izan arren, eta Espainiako espetxeetan dauden 172 presoetatik 127 lehenengo graduan daude oraindik».

Garitagoitia eta Iradi

Etxerat-ek atzo jakinarazi zuenez, Iurgi Garitagoitia presoa Espainiaratu eta, beraz, urrundu egin dute: Lannemezandik (Okzitania, 330 kilometro) Soto del Realera eraman dute (Espainia, 490 kilometro), hain zuzen. Ibon Fernandez Iradi preso eriak, berriz, «ongi» gainditu du COVID-19a, baina Etxerat-ek salatu du bakartze moduluan «hezetasun eta hotz handiak» pasatu dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.