129 'bullying' kasu baieztatu ditu Jaurlaritzak, aztertutakoen %13

Aurreko ikasturtean baino 29 jazarpen auzi gehiago atzeman zituzten 2020-2021ekoan

Haur bat, eskolara sartzear, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Gero eta bullying kasu gehiago ikertzen eta detektatzen dira, «arlo horretan sentsibilizazio, trebakuntza eta ezagutza handiagoa dagoelako», Eusko Jaurlaritzaren arabera. 2020-2021eko ikasturtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan 966 salaketa aztertu zituzten ikuskariek, eta %13 eskola jazarpen gisa identifikatu zituen: 129 kasu izan ziren, aurreko ikasturtean baino 29 gehiago. «Zalantzarik txikiena ere aztertzen dugu; zorrotzagoak gara kasu posibleak identifikatzean», azaldu zuen Lucia Torrealdaik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Aniztasun eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak, atzo Bilbon datuok emateko eginiko agerraldian.

«Fenomeno konplexua da eskola jazarpena, faktore askotakoa, eta esku hartzeak sistemikoa izan behar du, eragile guztiekin jarduteko», gogorarazi du Torrealdaik. Azken urteetan hezkuntza komunitatean egindako lana goratu du, eta horri egotzi dio zenbakiek gora egin izana. Izan ere, 2009-2010eko ikasturtean 89 jazarpen salaketa aztertu zituzten; 2015-2016koan, 487, eta, iaz, ia mila. «Gehiago bilatzen dugun neurrian, kasu gehiago aurkitzen ditugu», adierazi du Maite Ruiz Hezkuntza Ikuskaritzako buruak. Torrealdaik nabarmendu du horrek ez duela esan nahi eskoletan bortxa gehiago dagoenik, baizik eta hezkuntza komunitatea trebatuago dagoela horiek atzemateko: «Lehen, batez ere familiek detektatzen zuten; orain, eskoletan kasu gehiago atzematen dira».

Hala ere, aztertutako kasuen artean jazarpen gisa konfirmatutakoen proportzioa ez da neurri berean handitu: 2009-2010eko ikasturtean 89tik 32 izan ziren, eta, iaz, 966tik 129; azken urteetan, %12-14an mantendu da bullying gisa berretsitakoen portzentajea. «Portaera oldarkor guztiak ezin dira jazarpen gisa hartu; botere desoreka bat egon behar da, mina egiteko intentzioa, pertsonalizazioa eta errepikapena denboran», ohartarazi du Torrealdaik. Iazko jazarpen kasuetatik 78 bigarren hezkuntzan gertatu ziren, eta 51, berriz, lehen hezkuntzan.

Eraso fisiko gutxiago

Jazarpen molderik ohikoenak hitzezko erasoak dira, eta, ondoren, bakartze soziala. «Eraso fisikoak gutxitzen ari dira; ikusgarritasun txikiagoa duten jazarpen formak erabiltzen dituzte», esplikatu du Ruizek. Ildo horretan, ziberjazarpenak gora egin du: 41 kasu izan ziren iaz, aurreko ikasturtean baino hamasei gehiago. «Espero izatekoa zen, kontuan izanda batik bat pandemian asko areagotu dela sare sozialen erabilera», esan du Torrealdaik.

Halere, Jaurlaritzako arduradunek azaldu dute jazarpen auzi gehienak «ondo» bideratzen dituztela. «Behin identifikatuta, ahalik eta azkarrena jardun behar dute ikastetxeek: egoera landu, bizikidetza positiboa sustatu eta eragile guztiak ahaldundu», berretsi du Ruizek. «Ikasketa» prozesu bat da, haren hitzetan, baita erasotzaileentzat ere: «Ikasi behar dute min egitea ez dagoela ondo, ez dela onargarria».

«Kalitatezko bizikidetza sustatuko duten estrategiak eta tresnak eman behar zaizkio hezkuntza komunitateari». Torrealdaik gogora ekarri du Bizikasi programak xede hori duela. Hala, bullying-aren aurkako taldeak osatu dituzte ikastetxe publiko guztietan, eta formakuntza eman diete eskatu duten itunpekoei: «Lana oparoa eta eraginkorra izan da». Nabarmendu du «curriculum sozioemozional propioa» ere ondu dutela, «zaintzaren eta tratu onaren kultura» lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.