Aterabide bat Nafarroa «pluralari»

'Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak' lana ondu dute. Euskara lurralde osoan ofizial izatea proposatu dute

Txoli Mateos, Amaia Nausia, Julen Zabalo, Ana Ollo eta Isabel Elizalde, liburuaren aurkezpenean. EUSKO IKASKUNTZA.
jon olano
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Posible da nafar gizartean bizikidetza eraikitzea aniztasunaren errespetutik abiatuta?». Galdera mamitsu horri erantzunak bilatzeko asmoz, proiektu bat abiatu zuen Eusko Ikaskuntzak 2019an, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan. Lau urtean, Nafarroako eragile sozial, politiko eta sindikalekin, aditu akademikoekin, administrazioko arduradunekin eta herritarrekin batu da Eusko Ikaskuntzako Talde Eragilea, eta horren emaitza ostegunean aurkeztu zuten, Iruñean: Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburua. Amaia Nausia Pimoulier, Julen Zabalo eta Txoli Mateos dira egileak, eta, ondorioetan, proposatu dute euskararen ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea, herritar guztiei «pixkanaka» euskararen «gutxieneko ezagutza» bermatuko dieten hezkuntza ereduak sustatzea, eta administrazio publikoko lanpostuetan euskararen balorazioari buruzko «eztabaida arrazionala eta lasaia» egitea.

Aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Hiritarrekiko Harremanetarako jarduneko kontseilariak, Isabel Elizalde Eusko Ikaskuntzaren ordezkariak, eta Julen Zabalo eta Amaia Nausia Pimoulier proiektuaren zuzendari zientifikoak eta arduradunak. Liburuan, egileek langai izan dituzte nafar identitatea, kohesioa, hizkuntz gatazka, polarizazioa, mesfidantza, bizikidetza eta kultura demokratikoa. Hiru arlo landu dituzte nagusiki:

IDENTITATEA ETA ANIZTASUNA

Hiru egileek ondorioztatu dute ez dagoela argi zertan oinarritzen den nafartasuna, osagai asko ageri direlako izan dituzten solasaldietan; baina behatu dute egon badagoela nafar identitate hori, eta herrialde «plurala» irudikatzen duela: «Nafarrak harro daude nafar izateaz, eta komunitate bakan bateko kide ere sentitzen dira, identitate bakana duena».

Sentimendu hori, ordea, «ez da erabat definituta geratzen, eta, askotan, Nafarroako biztanle guztientzat lotura eta kohesio handirik sortzen ez duten elementu sinbolikoetan» oinarritzen da. Hortaz, ez dago argi lotura identitario indartsurik behar den bizikidetza bermatu dadin. Hala eta guztiz ere, antzeman dute beharrezkoa dela elkar aitortzea, alegia, «errespetua nagusitzea eta hizkera belikoa baztertzea eztabaida sozial eta politikoan».

EUSKARA

Mateosek, Nausiak eta Zabalok ikusi dute euskal eta espainiar nazionalismoek garrantzi handia ematen diotela hizkuntzari «nazio identitaterako ezaugarri gisa». Halere, azaldu dute gizarte osoa ados dagoela euskara Nafarroako hizkuntza dela, eta, beraz, lehenik «problematika izendatzeko modua» aldatu beharko litzatekeela.

Batetik, «euskaldunek onartu behar dute eskubideak ez direla abstraktuak, testuinguruan ulertu behar direla: gizarte testuinguru jakin batean ulertzen dira, eta ezin dira edozein egoeratara estrapolatu». Bestetik, hiru egileen arabera, ez du «inolako justifikaziorik» euskararekin mesfidati direnek esateak euskararen ezagutzara hurbiltzeak «beren eskubideak zapaltzea» eragingo lukeenik.

Horiek horrela, hiru proposamen ondu dituzte, hiru ataletan: ofizialtasunari dagokionez, prozesuan sortutako Aholku Batzordearen hitzak jaso dituzte: «Euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela onartzea lortu beharko genuke. Ona da bizikidetzarako»; hezkuntzan, egileek uste dute administrazioak «ahalegin handiagoa» egin beharko lukeela ereduak eskaintzeko eta euskararen ezagutza orokortzeko orduan; eta, administrazioari dagokionez, uste dute «ahalik eta eztabaida arrazional zabalena sustatzen» saiatu behar duela, helburu batekin: «Nafarroako Administrazioak, gehiengo adostuen bidez [...], beren lanpostuetako hizkuntza eskakizunei buruzko politikak diseinatu beharko lituzke, helburuak zein diren argi izanda eta ondorioak aurreikusita».

NAZIO IDENTITATEAK ETA BIZIKIDETZA

Pertzepzio bat ere oso orokortuta dagoela antzeman dute lanaren egileek: euskararen zabalpenak euskal nazionalismoaren hedapena dakarrela ezinbestean. Baina hura gezurtatzen saiatu dira: «Egia da erlazio lineala dagoela euskararen ezagutzaren eta euskal nazionalismoarekiko atxikimenduaren artean, baina horrek ez du esan nahi bata bestearen kausa denik. Euskal nazionalismotik hurbil sentitzen diren pertsona guztiek ez dakite euskaraz, eta euskaraz dakiten pertsona guztiak ez daude euskal nazionalismotik hurbil».

Uste ustel horrek, ordea, euskara erabilera eta polemika politikoaren erdigunean kokatuko luke: «Gure ustez, lehia egoeretan, hizkuntzen eginkizuna erlatibizatu eta murriztu beharko litzateke identitate eztabaidan, eta beste elementu batzuetan bilatu».

Barne kohesioa handitzeko beste proposamen batzuk ere jaso dituzte, ordea: bereziki, eskualdeen arteko komunikazioa indartzeko beharra nabarmendu dute, eta lagungarritzat jo dute deszentralizazio administratiboa. Azken batean, kohesiorik ezean, «kultura demokratikoa» nagusitzearen beharraz jardun dute liburuan: «Gizarteak dituen erronka nagusietako bat da elkarrekin bizi behar duten bi identitate nazional daudela onartzea, eta bakoitzaren asmoak eta helburuak demokratikoki kudeatzen ikastea».

Liburua aurkezteko ekitaldian, Ana Ollok eskerrak eman zizkien azterlanaren egileei: «Nafarroa plurala da, baina bizikidetza oztopo asko ditugu. Guretzat aniztasun hori altxorra da, baina egia da ahultasun batzuk agertzen direla. Uste dugu halako lanak tresna inportantea direla bizikidetza zabaltzeko».

Isabel Elizaldek, berriz, nabarmendu zuen erakundea «arrunt harro» dagoela gauzatutako proiektuaz: «Nafarroak behar duen lan bat da. Eusko Ikaskuntzak horrelako lanak egiten ahal ditu; ezberdintasunak ikusi, gizartea bildu, akademikoak bildu, eta denon artean solastatu, entzun eta hortik proposamenak atera: gizarterako, administraziorako eta talde politikoendako. Horretan gaude, eta horretan segitu nahi dugu».

Eusko Ikaskuntzak Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan programa abiatu zuen, eta hor kokatzen da orain aurkeztu duten lana. Amaia Nausiaren hitzetan, erakundeak hainbat aditu, herritar, elkarte eta erakunde batu ditu 2019az geroztik, «hausnarketa sakon eta plural bat bultzatuz, bizikidetzak behar dituen gakoak aurkitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.