Albistea entzun

Hezkuntzan, lehengo lepotik burua

Gimeno kontseilariak agintaldiko ildo nagusiak aletu ditu. Zenbait herritan, D ereduari segida emanen diote bigarren hezkuntzan ere

Ion Orzaiz -

2023ko irailak 20 - Iruñea

Hasi berri den legealdiko ildo eta helburu nagusien berri eman zuen atzo Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok parlamentuan. Asmo handiko egitasmoak aipatu zituen: besteak beste, inbertsioa handitzea BPGaren %5eraino, eskola uzten dutenen tasa apaltzea, irakasleak egonkortzea, laikotasuna sustatzea... PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak sinatutako gobernu akordioa ahotan izan zuen kontseilariak une oro; hala ere, agerikoak izan ziren gobernukideen arteko desadostasunak eta mesfidantzak ere.

«Are gehiago murriztu nahi dugu eskola porrota, aurreko legealdian inoizko daturik onena lortuta ere: %5,7», esan zuen Gimenok bere hasierako mintzaldian. Horrez gain, Haur Hezkuntzako lehen zikloan doakotasuna lortzeko prozesua «bururaino eraman» nahi du kontseilariak: «Helburua da kalitatezko hezkuntza lortzea, maila goreneko eskola publikoa lehenetsita».

Eleaniztasunaz ere mintzatu zen Gimeno, eta aipatu zuen «orain arteko apustu sendoari eutsi» nahi diola, «hezkuntza alorrean euskararen erabilera indartzen segitzeko». Geroa Bai eta Zurekin Nafarroarekin sinatutako itun programatikoan ezarritako puntu bat jarri zuen adibidetzat: Haur eta Lehen Hezkuntzan D eredua eskaintzen duten udalerrietan euskarazko lerroa Bigarren Hezkuntzara ere zabaltzea. Oraingoz, Tafallako eta Lodosako institutuetan ezarriko dute. «Hizkuntza eskola ofizialak indartzeko konpromisoa» ere agertu zuen kontseilariak.

Lezkairu eta Skolae

Bozeramaile parlamentarioen txandan, ikuspegi kritikoagoa agertu zuten PSNk ez beste talde guztiek. EH Bilduko Eneka Maizen aburuz, adibidez, «hitz ederrez apaindutako diskurtsoa» izan zen Gimenorena, baina «benetako konpromisoak» galdegin zizkion. «Kezka» adierazi zuen, halaber, «ratioen jaitsieraren, 0-3 zikloaren eta D ereduari jarri zaizkion oztopoen inguruan». Propio aipatu zituen Abartzuzan eta Iruñeko Lezkairu auzoan D eredua jartzeko eskaerak, hizkuntza eskoletan eginiko murrizketak eta Musikariak Ikastetxeetan programa kendu izana.

Kontseilariari kritika egin zion Geroa Baiko Maria Solanak ere. «Inbertsio handiagoa» eskatu zuen, besteak beste, «irakasleen prestakuntzarako, euskara indartzeko, 0-3 zikloa unibertsalizatzeko eta Skolae programa behingoz zabaltzeko». Hezkidetza programaren garapenarekin bereziki kritiko azaldu zen Solana: «Bost urte pasatu dira Skolae ezarri zenetik. Bada garaia programa orokortzeko. Bete ezazu adostutakoa».

UPNko Pedro Gonzalezek eta PPko Javier Garciak, berriz, itunpeko ikastetxeen sarea izan zuten hizpide. Gonzalezen esanetan, Nafarroako Gobernuak «ez ikusi egin die familien %40ri», hezkuntza publikoa lehenetsita eta itunpeko eskolak «bigarren lerroan jarrita». Garciak kontseilaria premiatu zuen «familien askatasuna bermatzera».

Voxek, azkenik, eskuinaren obsesioetako batzuk izan zituen aipagai: ikastetxeetako testuliburuak eta sexu heziketa. Maite Nosti legebiltzarkidearen irudiko, testuliburuak «ikuskatu» beharko lituzke Nafarroako Gobernuak, «material ideologikoa» zabaldu ez dezaten. Skolae programa «ezabatzeko» galdea ere egin zuen, «haurrentzako egokiak ez diren sexu edukiak dituelako».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Turista bat, Donostiako udaletxearen aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Paradoxa bat kasino zaharrean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Donostiako Udalaren turismo politika 2027ra arte zehaztuko duen planak paradoxa bat du oinarrian: lehentasun bera dute —oso handia— turismoa mugatzeak eta turismoa sustatzeak. Jon Insaustik, Turismo zinegotzi berriak, aitortu du udalak «gaitasun mugatua» duela turismoa gobernatzeko.
Turista talde bat, atzo, Donostiako Alderdi Eder lorategian, bisita gidatu batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritziz

M. Elkoroberezibar Beloki

Herritarren %65ek uste dute «turismo saturazio handia» dagoela hirian, udalak Ikertalderi eskatutako azterketa baten arabera
Euskaltzaleen Topagunaren batzarra, atzo, Ermuan; Amonarriz Iziarri lekukoa pasatzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Euskararen erabileran «jauzia» egitea du xede Euskaltzaleen Topaguneak

Arantxa Iraola

Agiri bi aurkeztu ditu batzar orokorrean, datozen urteetako lana zedarritzeko. Iziar lehendakari da jada

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.