F22 furgonetako ertzainek diote ez zutela parte hartu gertaeretan

Beste zortzi ertzainek deklaratu dute lekuko gisa 'Cabacas auziko' epaiketan. Iritsi zirenerako gaztea lurrean zegoela esan dute

Bilbon egiten ari diren epaiketaren irudi bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Iñigo Cabacas zauriturik suertatu zen gauean inguruetan lanean aritu ziren ertzainek jarraitu dute lekuko gisa deklaratzen, gaztearen heriotza argitzeko egiten ari den epaiketan. Zortzigarren saioan, F22 furgonetan zihoazen ertzainek deklaratu dute batez ere, eta denek berretsi dute ez zutela zerikusirik izan Cabacasen heriotza ekarri zuten gertaeretan.

Akusatutako ertzainen abokatuak saiatzen ari dira frogatzen beste furgoneta batzuetako agenteek ere esku hartu zutela Maria Diaz de Haro kale ondoko kalezuloan, horrek zailduko lukeelako haiek defendatzen dituzten ertzainen erantzukizuna zehaztea, baina orain arte ez dute arrakasta handirik izan. Aurreko astean saialdia egin zuten F1 eta F6 furgonetetan zihoazenekin; denek esan zuten Maria Diaz de Haro eta Poza kaleen arteko bidegurutzean paratu zirela, eta ez zutela zerikusirik izan gertatutakoarekin. Oraingoan, F22 furgonetakoen txanda izan da, eta berdin gertatu da: denek eutsi diote bertsio bertsuari. Esan dutenez, iritsi zirenerako kalezuloan ez zegoen istilurik eta, gainera, Cabacas zoruan zetzan, zauriturik.

Furgonetako arduradunaren eta haren agindupean zihoazen ertzainen deklarazioak antzekoak izan dira. Furgoneta Moyua plazan zegoen, Maria Diaz de Haro kalera joateko deia jaso zutenean; irratitik esan zietenez, istiluak zeuden alderdi hartan. Iritsi zirenean, kalezuloan egoera «kontrolatuta» zegoela ikusi zuten, eta, hortaz, beste zeregin batzuetan aritu ziren: batez ere, kontrako espaloian dauden galeria batzuk zaindu, han istiluak sor ez zitezen. 10248 zenbakia duen ertzainak esan duenez, hango jendeak «irainak» bota zizkien, baina objekturik ez, eta ez zen aparteko gorabeherarik sortu.

Denek ukatu dute kalezuloan esku hartu izana. Kontrako espaloian galeriak zaintzen gelditutako batzuek esan dute hari bizkarra emanda egon zirela, eta zauritu bat egon zenik ere ez zutela jakin. Furgonetaren arduraduna, berriz, kalezulora hurbildu zen, baina, esan duenez, ordurako Cabacas zaurituta zegoen jadanik.

Furgonetako ertzain bakar batek, F92H3 zenbakia duenak, esan du kalezuloan barna sartu zela, eta horrek ere berretsi du Cabacas zaurituta zegoela ordurako. Iritsi zirenean kalezuloan ez zegoen istilurik. Ertzain horrek kalezuloaren hondoan dagoen pasabidea hartu zuen, handik Poza kalera igaro zen, eta han, bai, istiluak ikusi zituen, eta botilak eta bestelako objektuak bota zizkioten. Esan duenez, tiro batzuk egin zituen; lehenengoa, pilotarik gabe, eta beste batzuk, bost inguru, pilotekin. Pilota horietako bat gazte batzuk mugitzen ari ziren zakarrontzi baten kontra jaurti ei zuen.

Borra luzagarria

Poza kaleko oldarraldi horren ostean, eta egoera baretu zenean, atzera egin zuen F92H3 ertzainak, eta han, garaje baten sarreran, borra luzagarri bat aurkitu zuen. Epaiketan ebazten ari den auzirako kontuak ez du aparteko garrantzirik, baina ez da muntarik gabekoa: bere garaian, Rodolfo Ares buru zuen Herrizaingo sailak kalezuloarekin eta han gertatutakoekin lotu zuen borra luzagarria aurkitu izana, frogatu nahian han istilu larriak eta aldez aurretik prestaturikoak egon zirela. Orain, aldiz, borra luzagarria aurkitu zuen ertzainak argitu du Poza kalean izan zela hori, eta ez Maria Diaz de Haroko kalezuloan.

Epaiketak gaur jarraituko du, eta aurreikusita dago gaurko saioan amaituko direla lekuko gisa agertzen ari diren ertzainen deklarazioak. Datorren asteartean, berriz, hasiko dira adituen deklarazioak, eta, besteak beste, autopsia egin zuten auzi medikuek deklaratu beharko dute. Epaiketa azaroaren 9an amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.