Nazioartera joko dute 11/13 sumarioko auzipetuek

Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin eta politikoarekin bilerak egiten ari dira, «sinergiak eta konplizitateak» eraikitzeko asmoz

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
11/13 sumarioan auzipetutako 47ek auzia Euskal Herritik kanpora eramateko asmoa adierazi dute, Kataluniara zein Europako Batasunera. Europako Parlamentua eratu berri, Bruselan ere hartu-emana izateko nahia adierazi dute, baldin eta «zailtasunei aurre egiteko moduan» badaude; hain zuzen ere, atxilotu zituztenetik auzipetuak ezin daitezkeelako Espainiatik irten epaitegiaren baimenik barik. Auzipetuetako batek, Ibon Meñikak, debeku horren mugak argitu zituen, atzo, Bilbon egindako agerraldian: «Zeharo baldintzatzen gaitu Espainiako Estatutik harago jardun normalizatu bat eramateko». Gehitu du Bruselako bidea erabiliko dutela bertako «erritmo instituzionalak» lagungarriak badira.

Udan egingo dituzten ekitaldien berri ere eman dute, eta Beñat Zarrabeitiak, auzipetuetako beste batek, adierazi du gehiengo sindikala eta politikoa osatzen duten sindikatu eta alderdiekin biltzen ari direla: «Beste espetxe politika bat beharrezkoa jotzen duten alderdi guztiekin bildu gara». Zarrabeitiak gaineratu du bilera horiek erakundeak —udalak eta batzar nagusiak— eratzeko negoziazioen testuinguruan egin direla, eta espero dutela «fruituak» irailean ikustea. Hartara, udan alderdiekin hitz egiten jarraituko dutela azaldu du, «sinergiak eta konplizitateak» eraikitzeko borondatearekin, eta haien «logikak, erritmoak eta denborak» errespetatuz.

Euskal presoen eskubideen alde lanean jardundako bitartekari eta eragileen aurkako epaiketa datorren irailaren 16an hasiko da. Denera, 47 lagun daude auzipetuta Espainiako Auzitegi Nazionalean, «ETAren espetxe frontea» osatzea egotzita: Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak. Aurreikusi dute prozesuak hiru hilabete iraungo duela. Guztira 601 urte eskatu ditu fiskaltzak, eta zigorrak 11 urte eta hogei urte artekoak dira, bainabatez beste 12 urte ingurukoak auzipetu bakoitzarentzat. Gastu juridikoak eta logistikoak kalkulatuta, guztira 340.000 euro inguru ordaindu beharko dituztela azaldu dute 47ek: juridikoak, 236.440; garraioarenak, 28.950, eta hiru hilabeteko ostatuarenak, 72.072. Gastu horiei aurre egiteko, kontu korronte bat ireki dute, eta jasotzen ari diren «elkartasun olatua» eskertu dute. Halere, oraindik laguntza behar dutela adierazi dute.

Epaiketaren kontrako mobilizazioak iragarri dituzte auzipetuen jatorrizko hiri eta auzoetan irailaren 6an, 7an eta 8an. Alde horretatik, auzipetuek adierazi dute elkartasuna «esponentzialki biderkatzen» ari dela. Izan ere, orain arte egin diren auzoetako eta herrietako lantalde eta batzar informatiboetan 2.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte. Gainera, irailaren 6an elkarretaratzeak antolatuko dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, sindikatuek bat egin dezaten. Hil horretako 14an egingo dute manifestazio nazionala Bilbon, epaiketa hasi baino bi egun lehenago.

Sindikatu eta alderdiekin ez ezik, hainbat herri mugimendu eta elkarterekin batu dira. Meñikak adierazi du epaiketak eragiten duen «egoera larriaren» berri eman nahi zietela, eta horrekin batera «konponbidearen eta bakearen aldeko espazioak» sortu.

Jon Maiak idatzitako babes manifestuak 8.200 sinadura baino gehiago lortu dituela ere jakinarazi dute. Horien artean daude, besteak beste, Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, Itziar Ituño aktorea, Bernardo Atxaga idazlea eta Mikel San Jose futbolaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.