Lorentxa Beiriek preso segituko du, prokuradoreak helegitea jarri baitu

Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak hartu du berriz ere aurka egiteko erabakia, eta hilabeteak beharko dira helegiteari buruz erabakia hartzeko

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Frantziako Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak helegitea aurkeztu dio Lorentxa Beirie baldintzapean aske uzteko erabakiari. Ondorioz, prokuradoreak eragotzi egin du preso kanboarra abuztuaren 1ean baldintzapean aske geratzea, eta eskaera argitu arte espetxean jarraitu beharko du —bi hilabeteko epean erabaki beharko lukete helegiteari buruz—. Beiriek 18 urte daramatza preso, baina Frantziako Justiziak hura baldintzapean aske uztearen alde egin zuen, herenegun. Prokuradoreak 24 ordu zituen Beirie baldintzapean aske uztea eragozteko. Epe horren barruan ebazpenari dei egin dionez gero, preso kanboarrak espetxean jarraituko du. Epe horretatik kanpo ere aurkez zezakeen helegitea—hamar egun zituen horretarako—, baina, 24 orduko epea gainditu izan balu, Beirie abuztuaren 1ean irtengo zen kalera, eta hurrengo audientziara baldintzapean aske aurkeztuko zen. Hura preso mantentzearen alde egin du. Familiak «oso haserre» hartu du prokuradorearen erabakia. Senitartekoek eta lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean, Kanboko (Lapurdi) Herriko Etxearen aurrealdean, eta EH Baik prokuradorean jarrera gaitzetsi zuen, «onartezintzat» jota: «Argi gelditzen da nortzuk diren bake prozesuaren kontrako etsaiak. Bada garaia fiskaltzak bide juridikoetatik ematen diren erabakiak onartu ditzan».

Frederic Haranburu Xistor presoaren kasuan gertatutakoa errepikatu egin baita. Hura ere baldintzapean aske uzteko agindu zuen Parisko Auzitegiak joan den astean, baina, prokuradoreak helegitea jarrita, espetxean segituko du Haranburuk. 30 urte egin ditu kartzelan, eta, egun, Lannemezanen (Okzitania) dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.