Maria Txibitek «zentralitatea» hitzeman du

Nafarroako Gobernuak lehen bilkura egin du, eta datorren astean onartuko du egituraketa. Lehendakariak «ardura» eskatu die taldeei

Nafarroako Gobernuko kontseilariak, mahaiaren buruan Maria Txibite lehendakaria dutela, atzoko bileran. JESUS DIGES / EFE.
jon olano
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Gobernu programa adostu duten taldeak —PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra— izango dira Maria Txibiteren gobernuaren «lehentasunezko bazkideak» 2019-2023 legealdian, eta Nafarroako Parlamentuko gainerako talde politikoekin —hots, Navarra Sumarekin eta EH Bildurekin— «akordioak lortu» beharko ditu legeak aurrera atera nahi baditu. Hala azaldu zuen atzo Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Ser irrati katean eginiko elkarrizketa batean: «Ikusiko dugu zer topatzen dugun indar parlamentario horien aldetik: blokeatzeko asmoa duten edo, egitasmoaren arabera, horiek aztertuko eta babestuko dituzten, PSNk joan den legealdian egin zuen bezala».

Hori horrela, Txibitek agindu zuen «zentraltasunetik» gobernatuko duela datozen lau urteetan, eta «arduraz» jokatzeko eskatu zien oposizioko taldeei: «Nafarroaren gobernabidea 50 parlamentariren esku dago, eta denen ardura da».

Asteartean eta asteazkenean Txibitek eta kontseilariek karguen zina egina eta gero, gobernu kontseilua atzo batzartu zen aurrenekoz. Bertan erabaki zuten kontseiluak asteazkenetan egitea, eta, beraz, hilaren 14an egingo dute hurrengo bilkura. Egun horretarako, kontseilariek beren departamentuetako oinarrizko egiturak proposatu beharko dituzte.

Gobernu horrek gutxiengoan aginduko du, eta egoera horretaz «jabetzen» dela azaldu zuen Txibitek: «50etik 23 parlamentari dauzkagu, baina gero eta ohikoagoa da gutxiengoan gobernatzea». Edozein gisara, agindu zuen bere gobernuak ez diola EH Bilduri «ordainik» emango haren inbestiduraren truke: «Horiek nahiago izan dute ezkerreko gobernu bat eskuineko bat baino». Halere, Navarra Suma osatzen duten alderdien kritikak ikusirik, EH Bilduren zilegitasuna defendatu du Txibitek, esanaz «erakundeen parte» eta «Nafarroan udal gehien dituen indarra» dela, eta, ildo horretan, PPren «moral eskasa» kritikatu du, besteen oinazea erabiltzeagatik politika egiteko».

Harrerak, «ez aproposak»

Txibitek hizpide izan zituen presoei espetxetik irtetean eginiko harrerak ere. Haren ustez, «ez da aproposa beste pertsona batzuei oinazea eragin dietenei omenaldia egitea». «Ez nator bat; inoiz ez naiz ados egon, eta nire jarrera betiko bera da ETArekiko eta hark erabilitako indarkeriarekiko: erabateko arbuioa indarkeriari eta errespetua terrorismoaren biktimei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.