Albistea entzun

Koronabirusa

«Kalteberenak» babesteko bost programa sortu ditu Jaurlaritzak

Gaurko Gobernu Kontseiluan onartuko dituzte. Orotara, hamar programa jarri nahi dituzte abian, eta 10.000 herritarri laguntza eskaini
Mendekotasun egoeran dagoen pertsona bat, zaindariarekin.
Mendekotasun egoeran dagoen pertsona bat, zaindariarekin. J. MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko maiatzak 5

Eusko Jaurlaritzak hamar programa jarriko ditu abian, «bazterketaren aurka» borrokatzeko eta koronabirusaren krisian «kalteberenak» direnak babesteko. Programa horietako bat indarrean dago jada; beste bost gaur onartuko dituzte, Gobernu Kontseiluan, eta gainerakoak prestatzen ari dira oraindik, eta laster emango dituzte horien inguruko xehetasunak.

Jaurlaritzak kalkulatzen du 10.000 lagun inguruk jasoko dituztela programa horien onurak. Aurrekontua hamar milioi eurokoa izango da, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak hirugarren sektorean aritzen diren 50 bat elkarterekin jardungo du elkarlanean, programa horiek gauzatu ahal izateko. Orotara, berrehun profesional eta mila boluntario inguru arituko dira beharrean.

Askotarikoak dira programak eta xedetzat harturiko giza multzoak ere. Azken Sarea Indartzen izenekoak, esaterako, baliabide nahikorik ez duten familiei laguntzea du helburu, eta indarrean dauden beste laguntza batzuekin osagarria izango da. 4,9 milioi euro bideratuko dute horretara.

Aterpeak izenekoa, berriz, etxegabeei zuzenduta dago, bereziki alarma egoeraren hasieran baliabide kolektiboetan ostatu hartu zuten etxegabeei. Programa horrek 390.000 euroko aurrekotua du.

Hilen senideentzat

Erdu programak droga mendekotasuneko edo osasun mentaleko arazoak dituztenei botikak eskuratzeko erraztasunak ematea du helburu. Doluari Arreta Emateko Programak laguntza eskainiko die koronabirusaren ondorioz hil direnen senitartekoei, eta, azkenik, Lineako Eskola Berrindartzea izenekoaren helburua da ikastetxeak itxi izanak adingabeengan izan ditzakeen ondorio kaltegarriak murriztea.

Azken hiru programa horiek antzeko aurrekontua izango dute: 375.000 euro bideratuko dute Erdu programara, 303.000 euro doluan laguntzea helburu duen programara, eta 375.000 euro Lineako Eskola Berrindartzea izenekora.

Kasu guztietan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila elkarlanean arituko da arlo horretan lan egiten duten elkarteekin. Adibidez, Azken Sarea Indartzen izenekoan Caritasek, Gurutze Gorriak, Amugek, Bizitegik eta beste zenbait elkartek esku hartuko dute. Droga mendekotasuneko eta osasun mentaleko arazoak dituztenei zuzenduriko programan, berriz, Gizakia, Etorkintza, Agipad, Jeiki eta beste zenbait elkarteren laguntza izango dute.

Bost programa horiek gaurko Gobernu Kontseiluan onartuko dituzte, eta bat egingo dute joan den astekoan onartutakoarekin: Adi programa, bakarrik dauden pertsonei —adinekoei bereziki arreta psikologikoa eskaintzen diena. Beste lau programa diseinatzeko asmoa dute, iragarritako hamarrak osatu arte, baina horien berri aurrerago emango dute.

«Pertsonak onuradun»

«Programa horien bidez, izen-abizenak dituzten pertsonak izango dira onuradun, bizitza-proiektuak eta pandemiaren ondorioz eten behar ez diren etorkizuneko nahiak dituztenak», esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek. Horien bitartez «berehala erantzun nahi zaie ustekabeko eta premiazko beharrei edo pandemiak azaleratu dituztenei».

Artolazabalek gogorarazi duenez, programa horiez gain Jaurlaritzak Guztion Artean izeneko sarea ere antolatu du, Caritasen eta Gurutze Gorriaren laguntzaz. Herritarren arteko laguntza sare bat da, martxoaren 16tik lanean diharduena, eta orain arte zazpiehun lagun inguru artatu ditu.

Artolazabalen esanetan, lehenengo etapan, «kontrastean eta beharrak detektatzen» aritu dira, eta, aurrerantzean, «elkarlaneko eta sareko lanean» jardungo dute, betiere «hirugarren sektoreko erakundeekin abian dugun etengabeko elkarrizketa horri eutsiz eta finkatuz».

Jaurlaritzak koronabirusaren krisiaren ondorio sozialei erantzuteko prestaturiko diru poltsa berezi baten bidez finantzatuko dira Programa guztiak eta Guztion Artean elkartasun sarea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sololuzeri eta Beltrani egindako omenaldia, gaur, Zaldibarko Eitzaga auzoan. ©Aritz Loiola / Foku

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran omendu dituzte, eta gertatutakoa argitzeko eskatu

Paulo Ostolaza

Bihar beteko dira hiru urte Zaldibarko luizitik. Han hildako bi beharginei omenaldia egin die Zaldibar Argitu plataformak.

 ©BERRIA

BERRASMATU BEHARREKO SISTEMA

Arantxa Iraola - Garazi Aduriz

Erruz ugaritzen ari dira osasun sistema publikoan dauden arazoei buruzko berriak; izurriak zamatu egin du aurrez ere usu herren ari zen lan eredua. Populazioa zahartzen ari den neurrian, premia handitzen ari da, eta sistema berriz asmatzeko garaia da, sare publikoak sendo iraun dezan, pribatuaren itzal gero eta luzeagoaren aurrean.
Bi foruzain Ribaforadan, gaur, istripua izan duen autoa ikertzen. ©Foruzaingoa

Bi lagun hil eta beste bat larri zauritu dira Ribaforadan izandako auto istripu batean

Berria

Zuhaitz baten eta geldirik zegoen kamioi baten aurka jo du ibilgailuak. 07:00ak pasa berritan gertatu da ezbeharra.

Euskotrenen geltoki bat, artxiboko irudi batean. ©Jon Urbe / Foku

Gizon bat hil da Durangoko tren geltokian, trenbidera erorita

Berria

Nasatik erori da 54 urteko gizona, eta buruan hartu duen kolpearen ondorioz hil da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...