Koronabirusa

Alarma egoerarik ez bada dekretu bat egingo dutela esan du Urkulluk

Aparteko neurriak oraindik beharrezkoak direla gogoratuta, berriz egin dio luzatzeko eskaera Pedro Sanchezi. Iparraldean, aro berri batean

Erredakzioa
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak, iragarritakoa betetzen badu, maiatzaren 9an indargabetuko du alarma egoera, eta Jaurlaritza hasia da alarma egoerarik gabeko egoerarako prestatzen: Iñigo Urkullu lehendakariak atzo kazetariei egin zizkien adierazpenetan esan zuenez, ostiralean onartuko dute neurriak egoera berrira moldatzeko balioko duen dekretua. Maiatzaren 10ean sartuko litzateke indarrean, eta lau edo sei astez egongo litzateke indarrean.

Urkulluren arabera, dekretuak egun indarrean dauden arauak mantentzeko balioko du, «betiere Jaurlaritzak dituen gaitasunen barruan». Argi utzi zuen neurriak ezin direla leundu, ez bada behintzat aldaketa handirik gertatzen pandemiaren bilakaeran. Dena den, Urkulluk berriro eskatu zion Madrili alarma egoera luzatzeko; esan zuen oraindik badirela egun batzuk igandea iritsi arte, eta baduela itxaropena Pedro Sanchezen gobernuak jarrera aldatuko duela. Alarma egoerak sei hilabete daramatza indarrean.

Jaurlaritzak egungo neurriak mantentzen baditu, litekeena da haien legezkotasuna auzitegietan erabakitzea. Izan ere, alarma egoeraren abaroan, oinarrizko askatasunak murrizten dituzten neurri batzuk daude orain indarrean: besteak beste, etxeratze agindua, joan-etorrien debekua eta elkartzeko debekua. Alarma egoeraren legezko babesik gabe, ikusteko dago Jaurlaritzak debeku horiek mantendu ahalko dituen ala ez. Urkulluk gogorarazi zuen iazko urrian ere —alarma egoera indarrean sartu aurretik— EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak debekatu zuela gehienez ere sei lagun bil zitezkeela zioen araua.

Arintze faseak Iparraldean

Abian da Frantziako Gobernuak murrizketak arintzeko prestatutako prozesua. Lau fasetan iraganen da. Atzotik aitzina, hamar kilometroko tartean ibiltzeko debekua kendu zuten, eta, ondorioz, eskualde bereko departamenduetan ibiltzeko eskubidea izanen dute herritarrek. Maiatzaren 19an, saltegiak eta terrazak irekitzen hasiko dira; ekainaren 9an, ostatu eta jatetxeen barrualdeak irekiko dituzte, eta, ekainaren bukaerarako, etxeratze agindua osoki kentzea da asmoa.

Etxeratzeko agindua indarrean dago oraindik: 19:00etan erretiratu behar da. Atzo aldaketa garrantzitsua izan zen, halaber, bigarren hezkuntzako ikasleak aurrez aurrekoan hasi zirela berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.