Euskarabidea: «Pausoak eman nahi ditugu euskara ikastea doakoa izan dadin»

Nafarroako Gobernuak helduen ikastaroetarako laguntzak handitu ditu. 'Euskara ahora' kanpaina aurkeztu dute, udal eta euskaltegiekin batera

Mikel Arregi, Euskarabidea institutuko zuzendaria, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Euskara ikasteko diru laguntzak zertxobait handitu ditu Nafarroako Gobernuak. Asko falta da oraindik helduen euskalduntze-alfabetatzearen doakotasuna bermatzeko, baina bide horretan «urratsak» egin nahi dituela aitortu du gobernuak, euskaltegietan izena emateko kanpainaren aurkezpenean. Euskarabidea institutuko zuzendari Mikel Arregik, Erronkaribarko batzordeburu Eneko Egigurenek, AEKko irakasle Beatriz Buldainek,Zubiarte euskaltegi publikoko zuzendari Kepa Yecorak eta IKAko irakasle Ascen Argandoñak azaldu zituzten kanpainaren nondik norakoak, atzo.

Euskarabidea institutuak ikasleei zuzenduriko laguntza deialdi bat jarriko du abian laugarrenez, 2021-2022ko ikasturtean euskara ikasi nahi duten helduentzat. Diruz lagunduko dituzte euskara ikasteko modalitate guztiak: ikastaro trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzarakoak. Horretarako, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak 223.295 euro jarri ditu, iaz baino 33.000 gehiago. Aurtengo deialdian, ikasle bakoitzak 300 euro bitarteko laguntza lor dezake, eta, gainera, laguntzak bateragarriak dira toki entitateek banatzen dituztenekin. Joan den ikasturtean, ia 900 ikaslek jaso zuten laguntza. Irailaren 27an zabaldu, eta urriaren 24an amaituko da laguntzak eskatzeko epea.

Ikasleentzako laguntza zuzenez gain, baina, euskaltegien jarduna bermatzeko deialdia ere aurkeztu zuen Euskarabideak atzo: 1,2 milioi euro emanen dituzte horretarako. Arregik azaldu zuen neurri horien bidez Nafarroako Gobernuak «urratsak» egin nahi dituela «euskara ikasteko doakotasunera iristeko».

Euskaltegiek izurri garaian eginiko lana azpimarratu zuen Arregik, orain arteko eskaintza mantentzeaz gain, «telelanaren eta erreminta birtualen bitartez aberastu» egin dutelako: «Euskaltegiek ekarpen garrantzitsua egin diote Nafarroako gizarteari, eta egiten jarraituko dute krisi garai honetan ere».

Euskara «ahora» eramateko

Urtero bezala, helduen euskalduntzea sustatzeko kanpaina antolatu dute Euskarabideak, 33 toki entitatek eta euskalgintzako beste zenbait eragilek: hala nola Zubiarte euskaltegi publikoak, hizkuntza eskola ofizialak, gizarte ekimeneko AEK eta IKA euskaltegiek eta Lan Ta Land euskaltegiek. Euskara ahora. Ikasi eta mugitu zure mundua izeneko kanpaina, batik bat, «gazte jendeari» zuzendu diote: «Gazteak euskara ikastera bultzatzearren, euskara ikastea hautu erakargarria baita, bizipen eta aukera anitz ematen dituena». Kanpainaren sustatzaileek sare sozialak erabiliko dituzte, iragarkiak txertatuko dituzte Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan, baita Nafarroarako argitaratzen direnetan eta tokiko aldizkarietan ere, eta iragarkiak sartuko dituzte Nafarroako irratietan. Webgune bat ere sortu dute [www.euskaraikasi.nafarroa.eus] kanpainaren nondik norakoak azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.