13/13 auziko miaketetan izandako irregulartasunak salatu dituzte

Abokatuen Elkargoko kide batek «harridura» azaldu du Poliziak zerabilen «zehaztasunarekin»

13/13 auziko epaiketaren hasierako artxiboko irudi bat. MARTA JARA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
13/13 auziko saioko lekukoek deklaratzen jarraitu zuten atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalean; izan ere, zazpi euskal herritar epaitzen ari dira Madrilen, euskal presoekin bitartekaritza lana egiteagatik ETAko kide izateaz akusatuta. Defentsaren lekukoen artean, Domingo Arizmendi Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko orduko dekanoak eta Ramon Lasagabaster Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kideak hitz egin zuten, eta letradunen bulegoetako miaketetan izandako irregulartasunak gogoratu zituzten.

Arizmendik oroitu zuen nolakoa izan zen Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuek Hernanin (Gipuzkoa) zuten egoitzaren miaketa. «Deitu egin zidaten, ohartarazteko letradun batzuen bulegoa arakatuko zela». Iristean jende ugari zegoela gogoratu zuen, eta Guardia Zibila zegoela kanpoaldean. «Jon Enparantza eta Iker Sarriegi ez zeuden elkarrekin».Azaldu zuen «eremuka» egin zutela miaketa. Eta xehetasun bat eman zuen: «Harritu egiten ninduen gauzak hain zehatz bilatzeak. Leku arraroetan bilatzen zuten, eta oso modu jakinean». Arizmendiren arabera, Sarriegiren mahai azpitik «elementu informatiko» bat atera zuten, eta hark «berehala» esan zuen hori ez zela berea.

Halaber, Hernaniko bizilagun batek atzo kontatu zuen polizia operazioa egin baino bizpahiru egun lehenago «harritu» zuen mugimendua egon zela kalean, goizaldean, eta bulegoaren parean zegoen zuhaitz bat zulatu zutela. «Ondoren, bulegoaren ate parera joan ziren, eta denbora askoan jarraitu nuen zulatzeko makina entzuten».

Lasagabasterrek ere hitz egin zuen. 2010ean Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kidea zen, eta Arantza Zulueta eta Naia Zurriarain letraduen bulegoetako miaketetan egon zen, Bilbon eginikoan. Iristean atea zigilatuta zegoela gogoratu zuen, baina aurrez «behartuta». Eta gaineratu zuen: «Sekretu profesionala urratu zen». Epaiketa batzuetako dokumentuak eraman zituztela azaldu zuen, miaketarekin «zerikusirik ez» zutenak.

Dirua nondik

Bestalde, akusatuekin lan harremana izan zuten batzuek deklaratu zuten; besteak beste, Nerea Redondo auzipetuarekin lan egin zuten hainbat kidek. Redondoren aurkako akusazioa horrela laburbil daiteke: Jaun Mari Jauregiri 44.500 euro eman zizkiola; auzipetze autoaren arabera, ETA diruz laguntzeko. Baina Redondok azaldu zuenez, aurrezkiak ziren, kontraturik gabeko lanetatik aurreztuak.

Ibilbide profesionaletan topatutako batzuek hitz egin zuten atzo. Mirari Bereziartuak azaldu zuen marka bat sortu zutela eta coaching ikastaroak abiatu zituztela 2005etik 2008ra. «Ez nuen askorik ezagutzen Redondoren lan egoera; ez dakit oso araututa zuen». Azaldu zuen hura arduratzen zela irabazien banaketaz, eta dirutan jasotzen zituztela. Atletico San Sebastian Donostiako kirol taldean lan egin zuten Redondok eta Julen Otegik. 2001ean, Redondo udako ikastaroetako izen emateez arduratzen zen, eta, urte batzuen buruan, baita babesleak topatzeaz ere. Argitu zuen: «Urte horietan, lan kontratu bat zutenak gerentea eta klubean lan egiten zuten bizpahiru pertsona ziren». Aitortu zuen besteek «beltzean» kobratzen zutela, Redondo barne.

Redondok coaching saioak ere eman zituen Mitxelena tailerrean, 2007ko irailean hasi eta 2008 amaierara arte. Hango kide den Alaitz Tolosak deklaratu zuen, eta adierazi kontratazioa «ahoz» egin zutela, formalizatu gabe. «Txatarraren salmentetatik zetorren funts beltz txiki bat genuen. Ordaintzeko modu hori adostu genuen».

Azkenik, Miren Illarreta abokatuak Zuluetarekin izandako tratua azaldu zuen. Hainbat prozeduratan lan egin dute elkarrekin. 2010eko urtarrilean Parisera egindako bidaiaz galdetu zioten. «Garai hartan, [Xabier] Lopez Peñaren, [Igor] Suberbiolaren, [Jon] Salaberriaren eta [Ainhoa] Ozaetaren sumarioaren instrukzioan ari ginen. Parisera bidaiatu genuen dosierra kontsultatzeko eta kopiak eskuratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.