Artolazabalek migrazioaren arloko eskumena eskatu dio Madrili

Adierazi du «ezinbestekoa» dela adingabe izanda iritsitako etorkinei buruzko araudia onartzea

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, atzo, Olakueta Etxean. ARITZ LOIOLA/ FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak migrazioaren arloko eskumena Jaurlaritzari transferitzeko eskatu zuen atzo: «Espainiako Gobernuari berriro erreklamatzeko unea da, burokrazietan ez galtzeko eta migrazioaren arloko eskumena guri helarazteko».Berrizen (Bizkaia) egin zituen adierazpenok, Olakueta Etxean, migratzaileak aldi baterako hartzeko prestatu duten zentroan. Hain zuzen, Artolazabalek nabarmendu zuen Jaurlaritza «aitzindaria» dela trantsituan dauden migratzaileen arretan. Halere, sailburuaren arabera, eskumen horrekin «bakarrik» garatu eta aplikatu ahal izango dituzte «pertsonentzako proiektuak» eta gizarte politikak.

Eskumenaz gain, Madrili eskatu dio atzerritarren araudi berria onartzeko. «Duela zenbait hilabete» aurkeztu zuen Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioak, batez ere migratzaile gazteen egoeran eragiteko asmoz. Proposatutako neurrien helburua da, besteak beste, adingabe izanda iritsitako etorkinei lan merkatuan sartzen laguntzea, eta hala, gizarte bazterketatik edota egoera irregularretatik «urruntzea».

Araudi berriarekin, migratzaileek izaten dituzten zenbait oztopo ezabatuko lirateke. Izan ere, gazte horiek 18 urte betetzen dituztenean, paperak lortzeko edo berritzeko baldintza oso zailak bete behar dituzte; esate baterako, hileko 2.000 euroko diru sarrera propio bat izatea. Neurriak onartuz gero, ordea, egoitza-txartela lortzeko baldintzak, epeak eta eskakizun ekonomikoak murriztuko lirateke, eta, horrekin batera, baimenen indarraldia luzatu. Egungo araudiak, gainera, zaildu egiten du kolektibo hori lan merkatuan sartzea.

Iritzi kontrajarriak

Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Sailak bi ekarpen egin zituen zirriborroan, otsailean eta uztailean, «atzerritarren eskubide eta askatasunak errespetatzeko eta haien gizarteratzea defendatzeko helburuarekin». Artolazabalek atzo «ezinbestekotzat» jo zuen araudia onartzea, «udaberriaz geroztik» ez delako gaiarekiko «mugimendurik» egin.

Uztailean jarrera bera agertu zuen Xabier Legarreta Migrazio zuzendariak ere: «Ez da denborarik galdu behar». Izan ere, haren hitzetan, egungo araudiak «gizarte bazterkeriako egoerara eraman ditu ehunka gazte». Zuzendariaren arabera, Jaurlaritzarentzat «aurrerapauso» handia izango da araudia aldatzea, bakarrik iristen diren haurren bizitzetan eta «migratzaileei lana eskaini nahi dieten enpresetan eragin positiboa» izango duelako.

Araudiak, ordea, Madrilen bertan ditu traba gehien. Migrazioen Ministerioak proposatutako neurriak ez dira Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren gustukoak izan; haren ustez, izapideetan epeak laburtzeak «dei efektua» eragin dezake «17 urteko gazte atzerritarrengan», eta araudi berria «Afrikako gazteentzako eta migraziotik etekina ateratzen saiatzen diren mafientzako pizgarria» ere izan daiteke.

Olakueta Etxera bisita

Edonola ere, Berrizen migratzaileentzako beste harrera zentro bat prestatu du Jaurlaritzak. Olakueta Etxean 22 pertsona artatzen ari dira egun; horietako bederatzi asilo eskatzaileak dira, eta hamabi zaurgarritasun handiko egoeran daude. Halako zentroen garrantziaz aritu zen Artolazabal atzoko bisitan. Izan ere, igaroan doazen «pertsona zaurgarrienak» bizi dira bertan, «bereziki ahulak» direnak. Adierazi zuenez, bakarrik edo seme-alabekin bidaiatzen duten «emakume askorentzat babesleku» dira horrelako lekuak, eta «familia askorentzat aterpe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.