Osakidetzaren LEPeko iruzurren froga berriak aurkeztu ditu LABek

Sindikatuak azaldu du «anonimotasuna hausteko» gako hitzak erabili zituztela. Traumatologiako azterketetan atzeman dute irregulartasuna

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak froga berriak jaso ditu Osakidetzaren 2016-2017ko LEP lan eskaintza publikoaren irregulartasunen inguruan. Zehazki, traumatologiako azterketetan hautagaien «anonimotasuna hausteko» erabilitako hitzak aurkeztu ditu LAB sindikatuak. Aurkikuntzaren garrantzia dela eta, sindikatuak epaileari eskatu dio sei hilabetez luzatzeko filtrazioak ikertzeko epea.

Azterketa horien inguruko analisia eginda, LABek adierazi du «anonimotasuna hausteko beharrezkoak diren kontsignak edo gako hitzak» topatu dituztela kasu praktikoetan: «Lenke, Mason, Lichman edo Reagan Morrey hitzek, azpimarratuta eta letra larriz, puntuazio ona atera behar zuten pertsonak begiratu batean identifikatzeko balio zuten». Izan ere, azaldu dutenez, 70 puntu baino gehiago atera zituztenen %95ek erabili zituzten hitz horiek.

Gauzak hala, hautagai horien—48 dira denera— lanpostuen kokapen geografikoa eskatu duLABek, «pertsona horiek epaimahaiko kideekin duten lotura aztertzeko». Adibide gisa, adierazi dute Debagoieneko zerbitzuburuak —inputatuta dago— parte hartu zuela azterketaren osaketan, eta haren agindupeko guztiek erabili zituztela aurrez aipatutako hitzak.

Testiguen adierazpenek bultzatu zuten epailea traumatologiako azterketen gaineko ikerketa baimentzera. Ez zen hala izan, ordea, gainerakoekin. LABek azaldu duenez, epaileak ez zuelako garrantzitsutzat jo auzia argitzeko. Orain, baina, sindikatuak espero du epaileak bere irizpidea «berraztertuko» duela, 21 kategorietako azterketen ikerketa errazteko. Izan ere, uste du azterketek «filtrazioen behin betiko ebidentziak» agerian utziko dituztela. Horretarako, akusazioko gainerako taldeei dei egin die sei hilabeteko luzapen eskariarekin bat egitera, «oinarri demokratikoak serioski konprometitzen dituen ikerketa bat modu faltsuan itxi ez dadin».

Osakidetzaren jarrera ere kritikatu du LABek, eta salatu erakunde hark egindako ikerketak «fartsa bat» izan zirela: «Ez zuen filtrazio zantzurik ikusi traumatologian, ezta beste kategoria batean ere, egoera lotsagarriak izan arren». Besteak beste, azaldu du azterketak egin baino egun batzuk lehenago, hainbat epaimahaikide «ezkutuan» elkartu zirela. Hala, sindikatuak uste du Osakidetzako zuzendariek berme mekanismo bat sustatu zutela filtrazioak errazteko, eta irregulartasun horiek ezkutatzen saiatu zirela.

Goi karguak, salbu

Lan eskaintza publikoan eginiko irregulartasunekin lotuta, hogei lagun daude inputatuta. Epaitegiak atzera bota zuen, ordea, Osakidetzako kargudun nagusiak ikertzeko eskaera, LABek aurkeztutakoa. Sindikatuak eskatu zuen Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusi ohia ere auzipetzeko, «asmo bidegabeetarako elkartzeko» delituagatik.

2018ko ekainaren 4an egin zen iruzurra plazaratzeko lehen urratsa. Mediku espezialisten probak egin baino hiru egun lehenago notario aurrean idatzitako orri batean, salatzaileek hainbat postu lortuko zituzten lau medikuren izenak eman zituzten, eta baita asmatu ere. Aurrez, LABek, ELAk, Medikuen Sindikatuak eta Osakidetzako hainbat langilek ere adierazi zuten irregulartasunak atzeman zituztela.

Osakidetzako zuzendaritzak aurre egin zien salaketei, baina, barne ikerketa baten ostean, Darponek onartu zuen «zerbaitek huts egin» zuela. Ordurako, afera epaitegietan zegoen, EAEko fiskal nagusiak 11 arlotan «filtrazio zantzuak» zeudela ondorioztatu baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.